Bost hostoko koroa erradiala duen eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bost hostoko koroa erradiala duen eskaintzailea

Anonimoa, III-II. mendeak, K.a.

Brontzea

8,2 x 2,61 x 1,99 cm

82/878

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizon baten irudia, zutik. Hanka zuzenetan hartzen du atseden, bi oinak paraleloan eta botekin jantzita. Mantu batez jantzita dago, ezkerreko sorbaldatik behera erortzen zaio toles handietan, ezkerreko besoarekin biltzeko. Ezkerreko eskua kanporantz irtena behar zuen pixide bati heltzeko edo, beste pieza batzuetan bezala, esku ahurra erakusteko. Eskuineko besoak oso erorita duen sorbaldan du abiapuntua, baina hautsita dago. Segur asko gopor bati helduko zion. Arrautza formako burua du, bost hosto garai dituen koroak inguratuta dago. Gibelaldean antzeman daiteke ile adatsak garondoan dituela bilduta krobyllos forman. Azaleko korrosioaren ondorioz ia hauteman ere ez dira egiten hazpegiak. Irudiak mugimendu txiki bat egiten du eskuineko aldakarekin, baina oro har oso estilizatua da proportzioetan eta estuegiak ditu sorbaldak.

Eskaintzaile mota hau sarri errepikatzen da antzinako brontzeen bildumetan, italiar serieen baitan betiere, aldean daramatzaten objektu motetan eta koroaren forman bereizten dira alde batetik, eta askotariko estiloetan bestetik, agerian utzirik halakoak luzaroan erabili zituztela. Veronako Arkeologia Museoan kontserbatzen den pieza bat (A4, 321. Inb. zk.) tamaina egokiko prototipo bat da ñabardurak antzemateko, estalki bat duen pixide bati heltzen baitio esku batekin eta umbilicum batez apaindutako goporrari bestearekin. Tunika bat du jantzita mantuaren azpitik eta zazpi hosto laburrez osatuta du koroa. Museo berean konposizio bereko beste lau alek osatutako serie bat dago, proportzio motzagoak dauzkate, haurrak dirudite, eta bada gurearen antz handiagoa duen beste bat, bertikalagoa, estilizatuagoa. Nolanahi ere den, aurkikuntza horiei buruzko datu zehatzik ez dagoenez, ez dago mota bakoitza geografia eremu jakin batean kokatzerik, eta beraz obra hauek gutxi gorabehera K.a. III. eta II. mende bitartean kokatu behar ditugu. Izan ere, datazio horixe bera proposatzen da Aquileiako Arkeologia Museoan dagoen antzeko pieza bati begira; brontze hori hiri bereko hilerritik hurbil aurkitu zuten, eta horrek agerian uzten du gisa honetako irudiek zabalkunde handia izan zutela Antzinaroan etruriarren eraginpeko eremuan. Itxura bereko beste pieza bat dago Paduako Arkeologia Museoan. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 381-383, n° 73.