Bilbao / 1932 / Famosas corridas de toros / los días 21-22-23-24-25 y 28 de agosto / seis corridas de abono ... - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bilbao / 1932 / Famosas corridas de toros / los días 21-22-23-24-25 y 28 de agosto / seis corridas de abono …

Martínez Ortiz de Zárate, Nicolás Lit. J. Ortega, de Valencia

Bilbao, 1907/02/03-Madril, 1990/12/22

Koloretako litografia paperean

245,5 x 115 cm

1932

02/279

2002an eskuratua

Euskal artistek genero horretan egindako sartu-irtenean erakutsi zuten berezitasunaren adibide garbia dira Nicolás Martínez Ortiz de Zárateren zezenketen kartelak. Egin zuen zezenketa afixa goiztiarrena Bilboko 1932ko zezenketetarako egin zuena izan zen, eta sortzaile honen formen nahiz gaien berezitasunetako batzuk nabari dira bertan. XVI. mendekoak dira Bilboko zezenketen inguruko lehen dokumentu erreferentziak.

1300. urtean sortu zenetik hiribilduak historikoki lurzoru eraikigarri gutxi zuenez, Bilbon ez zen zezen plaza egonkorrik izan XIX. mendearen bigarren erdialdera arte. Ordura arte, San Anton inguruan egiten ziren zezenketak, gaur egun desagertua den Plaza Nagusia edo Plaza Zaharra zegoen lekuan, hain zuzen ere. 1849. urtetik aurrera, ordu hartan Abandoko elizatea zenera eraman zuten jaia, eta hantxe eraiki zuten lehen zezen plaza egonkorra, Nafarroa kalearen eta Hurtado de Amezagaren artean zegoen orubean. Zabalburuko inguruetan bi plaza eraiki izanak, bata 1860. urtean eta bestea 1864. urtean, erakusten du era horretako arkitektura tipologiak izaera aski iragankorra izan zuela Bilbon 1882. urtera arte. Urte horretan eraiki zuten Vista Alegre zezen plaza; haren lehenbiziko eraikinean sutea izan zen 1961. urtean eta egungo zezen plaza eraikitzeko bide eman zuen gertakizun hark, Luis María Gana arkitektoaren (1911-1990) obra.

Hasiera-hasieratik, Vista Alegre zezen plazak zezenketako toreatzaile handiak izan zituen bere kartelean, eta ospe handia izan zuen plaza gisa, Bilboko zezenketa handiak iragarri zituzten kartelen egileen parekoa, hain zuzen ere.

1897. urteaz geroztik ohikoa zen bezala, 1932. urtean, kartelen lehiaketarako deia egin zuen Vista Alegre zezen plazako Administrazio Batzordeak, urte hartako zezenketa handiak iragarriko zituen kartela aukeratu ahal izateko. Apirilean eman zen ezagutzera guztira 34 zirriborro aurkeztu ziren lehiaketa hartan hartutako erabakia; haien artean zeuden Isidoro de Guinearen edo José Arrentreren obrak, besteak beste. Bi artista horiek aipamen berezia lortu zuten, baina Nicolás Martínez Ortizek aurkeztutako zirriborroak eraman zuen 1.500 pezetako lehen saria "Lauretan" izenburuarekin. Haren irudia izugarri zabaldu zen hainbat tamainatan inprimatu ziren karteletan, eta baita El Liberal edo ABC bezalako egunkarietan ere. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Adquisiciones 02/07 [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. p. 155, n° cat. 73.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 322-323, n° cat. 111.
  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 108, 119, 126, 127, n° cat. 46.