Baso bateko zingira iluntzean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Baso bateko zingira iluntzean

Ruisdael, Jacob Isaacksz van

Haarlem, Herbehereak, 16/08/1628 - Amsterdam, 14/03/1682

Olioa mihisean

77,7 x 92,2 cm

VRuisdael (eskuin aldeko beheko erdia, inizialak elkartuta)

c. 1655

92/118

1992an eskuratua

XIX. mendearen lehenengo hamarraldietan hasi zen Jacob van Ruisdael, Herbehereetako Urrezko Mendeko paisaiagile handienetakoa, gaur egun oraindik mantentzen duen ospea bereganatzen. Bere lanean eraginak bilatzen ahalegindu diren arren, bilaketa horrek ez du emaitza askorik izan, Allart van Everdingen-en iparraldeko paisaiek Ruisdaelen ur-jauziei buruzko margolanetan izan zuten eragina besterik ez. Dagoeneko bada denbora adituek onartu dutela, Jacobek, harrigarriki, modu erabat goiztiarrean txertatu zituela Cornelis Vroom-en giro leun eta hostotza filigranadunen zenbait alderdi 1640ko hamarraldian marraztutako zenbait paisaietan, hau da, pintzelekin lanean hasi eta gutxira; hurrengo hamarraldietan, aldiz, Roelandt Saveyk berak egindako edo haren erara margotutako baso eszenetako grabatuetan aurkitu ohi diren enbor zartatu izugarrietan, sustrai eta hosto bihurrituetan eta hazkunde oparoan inspiratu zen Ruisdael.

Berriki, Pieter Bruegelek eta haren jarraitzaileek erabilitako konposizio eskemei zien zorra aipatu izan da. Horrez gainera, azken urteetan hainbat lan aztertu dira ia seguru haren aita Isaack van Ruisdaelek eginak, eta azterketa horrek ziurtatzen du Jacobek bere aitaren dizipulu gisa hasi zuela ibilbide artistikoa, nahiz eta, inolako zalantzarik gabe, berehala hartu zion aurrea aitari. Salomon van Ruysdael osabari dagokionez, nahiz eta arrazoizkoa dirudien pentsatzea artista gazteak harreman estua izan zuela harekin Haarlemen, Jacoben arte estiloan osabarekin izandako harreman haren arrastoen bilaketak ez du ia inolako emaitzarik eman. Stechow-k honela adierazi zuen: «Ezin esan liteke Salomonek Jacob van Ruisdaelen lehenengo lanetan eragin zuzena izan zuenik; gehienez ere, Rosenberg eta Simonek Ruisdaeli buruzko monografietan egiten dituzten iradokizun zuhurretara mugatu egin beharko lirateke».

Laburbilduz, eztabaidagarria da Ruisdaelek bere ustezko maisuengandik hartutakoa, eta egiaztatu badaiteke ere Allart van Everdingen izan zela bere gai nagusiak izango zirenak irakatsi zizkiona, eta orobat egiaztatu badaiteke ere Jacobek bere lanetan beste gutxi batzuengandik ikasitakoa --ai berarengandik hurbil zein urruti zeudenak denboran-, erantsi zuela bere lanetan, ezin baiezta daiteke eragin horietako bakar batek ere mugatu zuenik bere lanaren funtsezko norabidea.

Zerrenda labur horri Rubensen izena eranstea da zerrenda honen asmoa. Maisu flamenkoak zerrenda horretan duen lekua zalantzarik gabekoa da, eta hori argi geratzen da Ruisdaelen Baso bateko zingira iluntzean lana(1650eko hamarraldiaren erdialdean datatu litekeena) alderatzen dugunean, Rubensen Basoa egunsentian orein ehiztariarekin paisaian inspiratuta dagoen Schelte à Bolswert-en grabatuarekin (irudia alderantzikatua ageri da). Ruisdaelek ezagutzen zuen grabatu hura, inolako zalantzarik gabe, baina ez dago arrazoirik Rubensen jatorrizkoa ikusi zuela pentsatzeko. Lan hori, hain zuzen, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-eko bildumako bitxietako bat da 1990. urteaz geroztik. Ruisdaelen paisaiak Rubensen lanarekin dituen antzekotasun harrigarriak, ordea, grabatzaileak kopiatu bezala, ez dira aipatu izan bibliografia espezializatuan.

Paralelismo estua dago Ruisdaelen paisaian ilunabarreko arrosa koloreko argi iturri ezkutuaren eta Schelte à Bolswertek Rubensen baso eszenatik abiatuta egindako grabatuko argi eztandaren artean. Lehenengoan, argi iturriak dramatikoki argitzen du zeru urdina, arratseko hodei lits zuri-gorrixkak eta enborren bazterrak eta motzondoa; bigarrenean, berriz, eguzkiaren argiak egunsentian duen efektua irudikatzen du batzuen arabera, baina beste batzuen arabera, argi horrek ilunabarrean duen efektua. Sinesgarria den beste analogia bat dago, halaber, zingiraren bazterrari heltzen dioten bi zuhaitz handi eta okertuen kokalekuari dagokionez, batean zein bestean repoussoir gisa jarduten duena. Erdialdeko eta ezkerreko zuhaitzei begiratzen badiegu, ordea, aldeak ikusten hasten gara bi lanen artean. Rubensen lanean ez dago haizearen ondorioz makurtutako adarrik, Ruisdaelen lanean bezala. Beste aldaketa bat da, nabarmenagoa, Jacobek tarteko planoaren aurreko aldean zuhaitz multzo trinkoa eta barneraezina txertatu duela, eta Rubensen paisaiak, aitzitik, basoaren zabaltasunarenganako sentiberatasun sofistikatua adierazten duela eta zuhaiztiaren ikuspegi urrunagoez zipriztinduta dagoela.

Ruisdaelek baso trinko hau margotzeko erabilitako ikuspegi hurbilagoa, non ostertz urruna ez den ia ikusten, lagungarria da lan hau 1650eko hamarraldiaren erdialdean kokatzeko. Hamarraldi horren amaieran eta hirurogeiko hamarraldian, hasi zen margolaria bere baso eszenetako espazioa zabalago egiten, eta orduantxe ekin zion basoen barrualdeak irudikatzeari. Badira, halaber, garrantzizko beste desberdintasun batzuk: Jacobek lehen planoko zingiran jartzen du enfasia, Schelte à Bolswerten grabatuaren izaera apaingarria erabat ezabatzen du (are gehiago, artistak lortu zuen bere grabatuko basoa eredukoa baino apaingarriagoa izatea) eta Rubensen ehiza eszena baztertzen du. Animaliek eta gizakiek ez dute inolako zereginik betetzen Ruisdaelen paisaian. Rubensek ez bezala, Ruisdaelentzat natura zen gai bakarra [Seymour Slive]

Bibliografia hautatuta

  • La Pintura Holandesa del Siglo de Oro : Franz Hals y la Escuela de Haarlem [Cat. exp.]. Bilbao, Banco Bilbao Vizcaya, 1992. pp.132-133, n° cat. 46.
  • Gállego, Julián. "Bilboko Arte Ederren Museoak eskuratutako antxinako artelanak, 1980-1992 = Adquisiciones de arte antíguo en el Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1980-1992 [Folleto]", Guía de Exposiciones, n° 181. 1993. n° cat. 21. (Con el título Un pantano en un bosque en la oscuridad)
  • La pintura holandesa del siglo de oro : Franz Hals y la escuela de Haarlem [Cat. exp.]. Madrid ; Bilbao, Banco Bilbao Vizcaya, 1994. pp. 132-133, n° cat. 46.
  • Castañer López, Xesqui. Pinturas y pintores flamencos, holandeses y alemanes en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa, 1995. pp. 252-253.
  • Slive, Seymour. "Jacob van Ruisdael's variation on a theme by Rubens at Bilbao", Houd Holland, Vol. 111, n° 3. 1997. pp. 187-190
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Museo de Bellas Artes de Bilbao : maestros antiguos y modernos. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 1999. p.18.
  • Slive, Seymour. Jacob van Ruisdael : a complete catalogue of his paintings, drawings and etchings. New Haven ; London, Yale University Press, 2001. pp. 258-260, n° cat. 320. (con el titulo Marsh in a Wood at Dusk).
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 62.
  • Northern nocturnes : nightscapes in the age of Rembrandt [Cat. exp.]. Dublin, National Gallery of Ireland, 2005. p. 84. N° cat. 39.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. p. 65.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. p. 65.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. p. 65.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2011. p. 65, n° cat. 45.
  • Bilboko Arte Ederren Museoa : gida. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. p. 65, n° cat. 45.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 65.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 65.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 120-123, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 120-123, sin n° cat.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 120-123, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 120-123, sin n° cat.
  • "”Frans Hals y la Escuela de Haarlem”", <i>EL SEMANAL</i>. (13/03/1994).