Bakioko baserritarra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bakioko baserritarra

Guiard, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10 - Bilbao, 1916/03/08

Olioa mihisean

127 x 76,2 cm

a guiard (ezkerreko beheko angelua)

1888

19/11

2019an eskuratua

Interes artistikoagatik ez ezik, bestelako kontuengatik ere ezaguna egin zen Bakioko baserritarra lana Guiarden ibilbidean; izan ere, sasoiko prentsan eztabaida bizia piztu zen, lanaren aurkezpena Bilboko Posta kaleko establezimendu batean egin zelako. Halaxe jaso zuen Javier González de Durana arte historiagileak pintoreari buruz idatzi zuen monografian, zeina museoak eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak editatu zuten 1984an. Monografia horretan esaten denaren arabera, Nicolás Viar idazle kostunbristak 1888an artelana goraipatuz argitaratutakoari erantzunez, handik lau egunera Antonio Trueba olerkariak idazki gordin bat egin zuen, obraren estilo inpresionista kritikatuz. Polemika urrunago joan zen, ordea, eta, azkenean, Miguel de Unamunok berak ere parte hartu zuen. Inork ere ez zuen zalantzan jarri Guiarden maisutasuna; hala ere, kolore gozo eta harmoniatsuen erabilerak eta efektu atmosferiko handiak eztabaida sorrarazi zuten kritikarien eta zaleen artean.

Juan de la Encina arte-kritikariak zera adierazi zuen, 1921ean, margolan honen garrantziaz: "Ramón de la Sotaren jabetzako Bakioko baserritarra horrek --egilearen garapen artistikoan erabat garrantzitsua, egilearen ibilbide guztian aire librea agertzen den lehendabiziko aldia baita--, lanaldian atseden txiki bat hartu duen baserritar horrek, aurpegiera horren zorrotzarekin, jauntasunaren halako inpresio mantsoa uzten du gugan.

Gauza da, Bakioko baserritarra (1888), Uzta-garaia (1892)--museoan 1999an gordailatu zena, Bilboko bilduma partikular baten eskariz-- eta Promesa (1894)--museoak 2008an erositakoa-- Ramón de la Sota ontzi-jabe ospetsuarenak izan zirela. Uzta-garaia margolanean, Gernikako itsasadarreko paduretan lanean ari den lagun-talde bat agertzen da. Promesa obran,bestalde, bidean geldialdia egin duten hiru baserritar ageri dira. Horien aurrealdean, otzara bat dago, eta, otzararen barruan, hiletetan erabili ohi ziren bi argimutil eta oihal zuria. Hiru lan horiek ezin hobeto laburbiltzen dituzte Guiarden estiloaren ezaugarriak, marrazketa bikaina eta gris edota urdinak gailentzen diren paleta erabiltzen baititu, efektu atmosferiko sendoa sortzen duten tonu samurrak erabiliz.

Bukatzeko, esan beharra dago hiru lan horiek 1947ko maiatza eta azaroa artean zaharberritu zituela, Parisen, Julián de Tellaeche pintoreak. Azken horrek erosi zizkien, era berean, zurezko marko tailatuak, museoan dauden bi obretan oraindik ikus daitezkeenak. (Miriam Alzuri)

Bibliografia hautatuta

  • Zugaza Miranda, Miguel. Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan I = Pintores vascos en las colecciones de las Cajas de Ahorros I. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa; Gipuzkoa Donostia Kutxa; y Vital Kutxa, 1993. p. 40.