Amatasuna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Amatasuna – 82/193

Mogrobejo Abásolo, Nemesio

Bilbao, 1875/03/25-Graz (Austria), 1910/06/06

Brontzea

64 x 85 x 4,5 cm

N. Mogrobejo (eskuineko goi-angelua)

1895

XX. Mende amaiera

82/193

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1914an

Mogrobejok 1894 (Parisera iritsi zen urtea) eta 1902 urteen artean (urte horretan jarri zen Italian bizitzen Bizkaiko Aldundiaren pentsiodun gisa), egindako obren multzokoa da Amatasuna obra. Ia guztiak pieza txikiak dira, forma makurtsuekin, eta urte haietan Europa osoan une gorena izan zuten formulazio modernista eta sinbolistekin oso lotuak daude joskerari erreparatzen badiogu. Gaur egun ez dakigu non dauden pieza horietako gehienak eta ezta beste busto eta erretratu ugari ere. Mogrobejoren lehen biografoei esker dugu haien berri, Adalbert von Drasenovich, eskultoreari buruzko lehen artikulu garrantzitsua idatzi zuena, Alemanian 1902. urtean argitaratua, eta Juan de la Encina, Mogrobejori buruzko lehen monografiaren egilea, hura hil eta handik hilabete gutxira atera zena. Bi testu horiekin batera eskultorearen obren argazki deskribapen eta erreprodukzio ugari argitaratu ziren, eta horiei esker hobeto ezagutu ahal izango dugu haren oraindik oso zabala ez den corpusa.

Hala bada, batik bat Parisen eta Europako erdialdean lan egin zuen prestakuntza garai honetako obren artean, Juan de la Encinak txikitzat hartu zituen (egongelako eskulturak deitu zien) pieza batzuk ditugu, askotan erabilgarri gisa sortuak (pitxerrak, hautsontziak, frutaontziak, baina baita mahaiko apaingarriak eta bibelotak ere), forma askatasun handiagatik harritzen dutenak: Besarkada (brontzezko frutaontzia), Munduko subiranoa (hautsontzia), Ama Birjina (hautsontzia), Egia, Musua edo Pierrot, 1897 aldera egindako brontzezko eskultura, besteak beste. Trazu makurrekoak eta forma oso ederrekin eta apainekin, Mogrobejok modernismoarekin zuen lotura erakusten dute pieza horiek, naturalismotik urrun zeuden eta edertasuna eta adierazkortasuna elkartzeko gai ziren hizkuntzak bilatzeko bidean.

Lerromakurrarekiko gustu modernista nabari du Amatasuna obrak, baina urrats bat gehiago egiten du Mogrobejoren heldutasun profesionalean, eta argi uzten du ondo ezagutzen duela lehen Berpizkundeko eskultura italiarra, hain garrantzitsua izan zena mende aldaketan egin zituen lanetan. Segur aski Parisen izango zuen harekiko lehen harreman zuzena, eta horrenbestez, Italiara lehen bidaia egin baino lehenago, han, XIX. mendearen amaieran Berpizkundeko eskultura italiarra berraurkitzen hasiak baitziren zenbait artista eta zaletu, 1878 eta 1881 urteetan Trokadero Jauregian (hau Erakusketa Unibertsala zela-eta) eta Louvre Museoan, hurrenez hurren, egindako bi erakusketa handiei esker. Madonna honetan, moldatze leunak eta eztitasun efektu orokorrak, protagonismoa kentzen diote marraren pisu apaingarriari.

Bilbon 1900. urtean egin zen Arte Modernoko lehen Erakusketan parte hartu zuen obra honek. Hartan, beste lan bat ere aurkeztu zuen Mogrobejok: igeltsuan egindako busto bat, agure bizardun batena, baina gaur egun ez dakigu non dagoen. Erakusketa hartako kronikagileen arabera, Amatasuna obra goregi jarri zuten, ate baten gainean. Erliebea Bizkaiko Aldundi Probintzialaren eskuetan zegoen dagoeneko, Mogrobejoren pentsio bidalketa gisa, segur aski. Amatasunaren jatorrizko igeltsu polikromatua ere kontserbatzen du Museoak, 1998. urtean erosi zen arte bildumazale partikular baten eskuetan egon zena. [Miriam Alzuri, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 149. (Con el título Maternidad).
  • Alix, Josefina. Escultura española : 1900-1936. Madrid, Ministerio de Cultura, 1985. p. 276.
  • Mateo Inurria y la escultura de su tiempo [Cat. exp.]. Córdoba, Ayuntamiento; Junta de Andalucía;Fundación Provincial de Artes Plásticas Rafael Botí, 2007. p. 398.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 550-552, n° cat. 124.