Amalau Zanko - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Amalau Zanko

Basterretxea, Nestor

Bermeo (Bizkaia), 1924/03/06-Hondarribia (Guipuzkoa), 2014/07/12

Haritza

197 x 67 x 50,2 cm

1973

10/499

Artistaren dohaintza 2010ean

Eskultura gehienek ez bezala, honek ez du inon kolore beltzik. Juan Plazaolak hau idatzi zuen horri dagokionez: "Artistak hortzeria izugarri bat jarri du, lepo eta masailezur baten gainean, desberdinak diren hamalau taula dituen hortzeria bat. Hemen inork ez du sentituko abangoardiako eskultura jakin batzuk benetan mugiarazten dituzten tresna elektroniko horietako baten falta. Aski da zur gordinez egindako distirarik gabeko multzo honi begiratzea, "hamalau zango" zituen iratxoaren pauso kezkagarria irudikatzeko, nola urrutiratzen zen sumatzeko, ilundutako ibarrak txalapartako soinuen oihartzunez betetzen".

Goiko aldeko hamalau taulak elkartzen doaz pixkanaka, konstelazio bat eratu arte. Bidimentsionaltasuna espazioan islatzen da, eta, hemen, fisikotasuna lortzen da, eta ematen du erliebeko labirintoak bizirik daudela.

Monumentuaren logika azaleratzen da, kuttunaren logika. Albotik ikusita, plano fazetatuen iradokizuna areagotzen da; hori ohikoa da aurreko mendearen hasieran eragin afrikarrak aintzat hartu zituztenen ikuspegian. Egiturari dagokionez, aurrekari bat izan daiteke artistaren geroko eskultura publikoei begira, zehazki, masta bat eta mastaren goialdean uhin-itxurako forma bat duten eskultura publikoei begira. Horrelakoak oroitzapenezko eta omenezko izaera duten monumentu publikoak dira, esate baterako, itsasoan hildako itsasgizonen eta arrantzaleen omenez Pasai San Pedron dagoena. Monumentu-mota hori joera konstruktibista nabarmenekoa da, eta zeregin sinbolikoa betetzen du. Monumentu hauen imajinarioa ideologia desberdinen arteko talkan jarri behar dugu, eta eginkizun garrantzitsua bete izan du historiako beste garai batzuetan eta beste toki batzuetan, esate baterako, imajinario sobietarra eta sozialista eratzeko. Formak, gizarte-arloko gertaera den aldetik, ideologiak miatzeko betebeharra nabarmentzen du. Haren baitan aurkitu behar dugu zergatik den era batekoa eta ez bestekoa. Eskulturan aritzen diren bi artista aipatzeagatik, Oteizak gaitasun teorikoa eta aztertzeko gaitasuna zuen, eta Txillidak, berriz, formalismo mitiko nabarmena zuen. Basterretxeak, ordea, irrazionaltasunerako joera du, eta subkontzienteari irteten uzteko joera ere bai, eta subjektibotasun horrek bere pertsonalitatearen eta izaeraren ezaugarriak hartzen ditu. [Peio Aguirre]

Bibliografia hautatuta

  • Nestor Basterretxea : Euskal Serie Kosmogonikoa = Serie Cosmogónica Vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 77, 80-83, sin n° cat.
  • Basterretxea [Cat. exp.]. Bayonne, Musée Basque et de l'histoire de Bayonne, 2010. pp. 24-25, 124, n° cat. 24.
  • Viar, Javier. Historia del arte vasco : de la Guerra Civil a nuestros días, 1936-2016. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 143-147.