Accidenti!! - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Accidenti!!

Benlliure, Mariano

Valentzia, 1862/09/08 - Madril, 1947/11/09

Brontzea

64 x 21,5 x 23 cm

M Benlliure (atzealdea)

1886

XIX. mendearen amaiera

82/2374

Sofía Gil Iturriaga andrearen legatua 1952an

Benlliurek meza laguntzailearen aurreneko bertsioarekin ezagutarazi zuen bere burua Erromako arte giro jasoan. Artean hogei urte egin gabe zegoela eta Erroman urtebete ere ez zeramanean, batik bat akuarelak lantzen zituenean, adituen eta zaleen arreta erakarri zuten egile honen aurreneko terrakotek. Artistak berak urte batzuk geroago gogoratuko zuen nolakoa izan zen eskultore gisa egin zuen aurreneko aurkezpena, nahiz eta buruak huts egin zion une hori hogeita bi urte zeuzkanean kokatu zuenean, egiazki hemeretzi urte besterik ez zituenean aurkeztu baitzen jendaurrean:

Haurtzaroko pasadizo barregarri bat gogoan egin nuen Meza laguntzailea, eta Erromako Nazioarteko Zirkuluko aretoetako batean jarri nuen ikusgai. Valentziako Escuelas Pías ikastetxean behin lagundu behar izan nuen meza kantatuan, eta intsentsu ontzia eraman behar izan nuen. Sekula ikusi gabea nintzen halako intsentsu ontzi handia, eta kulunkatzen saiatzean tamalez irauli egin zitzaidan edukia, barreiatutako txingarrek erredura arin batzuk eragin zizkidaten hatzetan, erredura arinak baina, handiak balira bezala, hatzak erre egiten zizkidatenak. Gogoan dut guztiz lotsatu nintzela egun hartan, baina ez dit ardura, orduantxe sortu baitzen jendaurrean halako ospea emango zidan Meza laguntzailea lantzeko ideia. Erromako eskultoreek obra honetan lan egiten ikusi nindutenean barre egin zidaten, bitxia iruditzen zitzaien nire eskultura, ez ziren naturaltasunaren, soiltasunaren eta graziaren garrantziaz jabetzen. Nik ez nuen arte klasikoan sakondu, eta hori ongi ulertuta, ezagutzen ez nuen esparru batean ez sartzeko erabakia hartu nuen, eta asmatu egin nuen. Zirkuluko tonbolara eraman nuen zirriborroa, eta askoren arreta erakarri zuen (...).

Erromako Nazioarteko Arte Zirkuluak proiekzio ludiko handia izan zuen XIX. mendeko azken hamarraldietan. Hango aretoetan irudimen handiarekin egiten ziren mozorro jaiak, dantzak eta oturuntzak, Arte Ederren erakusketa egokiez gain. Horrenbestez, 1882ko martxoaren hondarrean egin zen Zirkuluaren egoitzan Benlliurek aipatzen duen arte azoka; bertan enkantean jarri ziren bazkideek dohaintzan emandako obrak. Eta bere katalogoan Chierico scottato izenburuko terrakota ageri zen, Accidenti obraren aurreneko bertsioa. Hala eta guztiz ere, urtebete igaro behar izan zuen obra ospetsu egiten hasi arte; eta egiazki bihurtu zen ospetsu, hasieratik plazaratuko baitziren jatorrizko obraren pieza faltsutuak. 1883ko aurreneko hilabeteetan ospetsu bihurtu zuen izenburuarekin aurkeztu zuen egileak igeltsua Palazzo di Belle Arti de Via Nazionale inauguratuko zuen Erromako Arte Ederren Erakusketan. Luze gabe iritsi ziren laudorioak Italiako egunkarietatik eta aldizkari espezializatuetatik, eta lekua eman zioten beren argitalpenetan obra honen irudiari.

Artelana eta, ondorioz, baita egilea ere, are ezagunago bihurtu ziren 1884ko Erakusketa Nazionalean oso maila altuan geratu zirenean, zilarrezko dominarekin saritu baitzuten obra hori. Gainera, zilarrezko dominarekin sarituta gertatu ziren bost eskulturetatik honakoa da gai historikoen edo Bibliako gaien bidez ikusleen oniritzia bilatzeko bide errazaren hautua egin ez zuen eskultura bakarra.

Lehenengo brontze hau Fernán-Núñez dukeak erosi zuen, baina hurrengo urteetan hainbat kopia egin zituen Benlliurek. Bilboko Arte Ederren Museoan kontserbatzen dena Crescenzik 1886an Erroman landu zuen eskultura sail txikiago bati dagokio. Sail horretako pieza bakoitzak bere aldaerak eta akaberako ñabardurak dauzka, horregatik ez daude bi pieza berdin.

Accidenti laurogeigarren urteetan landu zituen obren artean kokatu behar dugu. Obra horietan, eskulturak eta akuarelak, haurren kontuak dira ardatz, nagusitu egiten dira errealismoa eta pasadizoen aurreko interesa. [Mikel Lertxundi Galiana, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Cat. Los Benlliure. Donostia-San Sebastián, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren Erakusketa-Aretoak, 1987. (Con el título Accidenti!!). N° cat. 54
  • Montoliu, Violeta. Mariano Benlliure : 1862-1947. Valencia, Generalitat Valenciana, 1997. pp. 34, 327. N° cat. 56
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 234-235, n° cat. 60. (Con el título Accidenti!!)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Caja Duero, 2006. pp. 234-235, n° cat. 60. (Con el título Accidenti!!)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 234-235, n° cat. 60. (Con el título Accidenti!!)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 502-504, n° cat. 112.