Zirga - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Zirga

Arrue, Alberto

Bilbao, 1878/02/03 - Bilbao, 1944/04/08

Ikatz-arkatza, koloretako arkatza eta urkolorea kartoian

49,8 x 59,8 cm

A. Arrue (eskuineko beheko angelua)

c. 1919

85/173

Francisca Urra González andrearen dohaintza 1985ean

Eskuarki ibaietan nabigatzeko modu bat da zirga: pertsonek edo animaliek ibaiertzetatik eta sokaren bidez tira eginez eramaten zituzten herrestan ontziak. XIX. mendearen azken hamarraldietan entzun ziren Bilboko itsasadarrean lan gogor hori egitearen aurkako lehen ahotsak, eta prentsak irmoki gaitzetsi zuen emakumeei horretan jarduteko baimena ematea. Gizakiek, eta are gutxiago emakumeek, animaliek egin beharreko lana egin behar ez zutela adierazten zuten ozenki.

XIX. mendearen bigarren erdialdean zirga izan zen tokiko sortzaileen hainbat margolanetan eta marrazkietan protagonista. Luis Paret y Alcazarren XVIII. mende amaierako marrazki bat alde batera utzita, segur asko Antonio Maria Lekuonaren Salbeko Ontziolak izenburuko obra (c. 1868) izango da jarduera horren lehen irudia. Margolanaren behe ezkerreko angeluan hainbat emakume ari dira gabarra bati lotuta dagoen sokari tiraka paisaia horren osotasunean ia galduta dagoen bazter batean. Hain zuzen ere ikasle aurreratuenetako baten eskutik, Anselmo Guinearen eskutik, bihurtu zen zirga artelan bateko protagonista nagusi. 1890. hamarraldiaren hasieran Zirga (1892), Zirga aurretik begiratuta (1893) eta Zirga Olavegan barrena (c. 1803-1894) izenburuko lanak margotu zituen, eta horietan guztietan giza irudietan jartzen du begirada -Parisen egindako egonaldiaren ondorioz berriki berritua koloretan eta laukiratzeetan-. Margolan horien garai berekoa da Darío de Regoyosen marrazki bat, Arrantzalea izenburukoa (1893), izenburu hori okerra bada ere.

XX. mendean ongi sartu arte itxaron behar izan zen lanbidearen laztasuna modu gordinean erakutsiko zuen obra bat gauzatu arte. Zirga izenburuko margolanean Alberto Arrue ez da Guinearen eszena deskriptibora mugatzen, eta ageriko salaketa sozialaren ikuspegia emateko hautua egiten du. Kontuan eduki behar da XX. mende hasierako urteetan lan egiteko modu horren aurkako idatziak argitaratzen jarraitzen zutela. Idatzi haietako batek, 1903. urtekoak, aztergai dugun eszena deskribatzen ari dela ematen du: (...) "Deustuko erriberan, makurtuta, haragi zigorkatu eta iharrekin, masailetan heriotzaren zurbilak agerian, hil-hurreneko izerdiak, eta begi hondoratuetan argi margulak (...). Bularretan gurutzatutako sokatik tiraka, (...) aurrera egiten zuten burua makurturik, lurrera begira arnas erritmikoari, nekatuari, erabateko unadura salatzen duenari jarraiki; mantso ari ziren, oso motel; eta gabarra, bi eskuko animalien ahalegin osoari erantzunez, ibaian behera egiten mineralez mukuru beteta" (...). Salatzeko asmoa duen obra hau, plastikaren eta argudioaren ikuspegitik Aurelio Artetaren obrarekin baitago erlazionatuta, Arruek mundu sozialistarekin zuen harremanaren esparruan kokatu behar da. Ez dugu ahantzi behar Zirga izenburuko lan hau eta Arruek Tomas Meabe buruzagi sozialistari egindako erretratua garai berekoak direla. Buruzagi sozialista horrek halako kalitatea eman nahi izan zien bera zuzendari zuen La Lucha de Clases astekarian agertzen ziren ilustrazioei, eta horretarako aipatu bi artisten -Arrue eta Arteta- kolaborazioa ziurtatu zuen.

Zirga izenburuko margolanean Arruek trebeki erabili du sigi-sagan egiten duen konposizioa; bertan nabarmendu egiten dute diagonalek lehen planoko beharginen ahalegina. Marrazki nabarmenak, laburrak, eta gorputz atalen proportziorik ezak harrapatu egiten dute ikuslearen begirada, eta beharginen lana eskatzen duten esku horien garrantzi sinbolikoa uzten dute agerian. Bi pertsonaia nagusien gibelaldean sotiltasunez paratu du Arruek kaian aparkatuta dagoen lasterketa auto bat, kontrapuntuarena egiten duena eta dirudunen bizimodua gogora ekartzen duena. Eszenari amaiera emateko, hondoan beste hiru zirgari ikus daitezke, ikusleak oraindik ezin ikus dezakeen ontzi bati tiraka. Margolan hau Bilboko Delclaux Aretoan 1919ko urtarilean izandako erakusketa batean jarri zen ikusgai. Estanislao Maria de Aguirrek gainerako margolanetatik nabarmendu zuen honakoa: "Bere pastel lanen artean Zirga iruditzen zaigu onena, (...) lan soila delako, pastelaren kalitateak motelduak dituelako".

Motibo hori erabiltzen jarraituko zuen Arruek, 1929an argitaratutako postal serie batean birsortu zuelako eta 1944an, tamalez betiko eramango zuen bihotzekoak jo zionean, kopia bat egiten ari zelako olio pinturan. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Luno, J. "Por los salones de pintura", Arte vasco : revista mensual de la Asociación de Artistas Vascos, n° 1. 1920.
  • Pantorba, Bernardino de. Artistas Vascos. Madrid, Zoila Ascasibar, 1929. pp. 110, 114.
  • Los Arrúe : Alberto, José, Ricardo, Ramiro [Cat, exp.]. Bilbao, Banco de Bilbao, 1977. p. 9,. N° cat. 1
  • Mur Pastor, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahoros Vizcaína, 1985. p. 32.
  • "La Asociación de Artistas Vascos", Guía de Exposiciones, n° 62. 1986. s. p., n° cat. 4.
  • Barañano, Kosme María de. El trabajo y el arte. Bilbao, Caja de Ahorros Vizcaína, 1986. s. p.
  • Exposición centenario : 1886-1986 [Cat. exp.]. Bilbao, Cámara de Comercio, Industria y Navegación de Bilbao, 1986. p. 119
  • Larrínaga, José Antonio. Los cuatro Arrue : artistas vascos. Bilbao, [s. n.], 1990. pp. 73, 77.
  • González de Durana, Javier. Ideologías artísticas en el País Vasco de 1900 : arte y política en los orígenes de la modernidad. Bilbao, Ekin, 1992. p. 165.
  • Itsasadarra : merkatal pasaia baten irudia eta ikuspena = La ría : imagen y vision de un paisaje mercantil [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1993. p. 73
  • Ezkurra, Elisabeth ... [et al.]. Bilbao : vida, paisajes, símbolos. Oiartzun (Gipuzkoa), Sendoa Argitaldaria, 1994. p. 170.
  • Plazaola, Juan. Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan III = Pintores vascos en las colecciones de las Cajas de Ahorros III. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa ; Gipuzkoa Donostia Kutxa ; Vital Kutxa, 1994. p. 20-21.
  • La mirada del 98 : arte y literatura en la Edad de Plata [Cat. exp.]. Madrid, Ministerio de Educación y Cultura, 1998. p. 113, n° cat. 54.
  • Viar Olloqui, Javier. Bilbao en el arte : de 1875 a 1936. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa, 2000. pp. 61-65.
  • Bilbao : una encrucijada entre dos siglos [Cat. exp.]. Bilbao, Laga, 2001. pp. 232-233.
  • Marrazkiaren artea, marrazkia artean = El arte del dibujo, el dibujo en el arte [Cat. exp.]. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 2005. pp. 36-37.
  • Viar Olloqui, Javier. "Les Basques dans le peinture", Pays Basque Magazine, Oct-Nov. 2005. pp. 94-101.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 154-157, n° cat. 60.