Bilduma online eta irudien salmenta
Zezen suharra!
Domingo, Roberto
Paris, 1883/01/12-Madril, 1956/08/05
Gouachea
74,7 x 106 cm
ROBERTO DOMINGO (ezkerreko behe-angeluan)
82/2051
Ramón Ampuero del Río jaunaren legatua 1968an
El Ruedo aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean aitortu zuen bezala, zezenketa giroko eszenak pintatzen hasi zen Roberto Domingo zezenketa bat bera ere bertatik bertara ikusi gabea zenean. Artista honen bizitza eta obra estu lotuta egon ziren jai honekin. Jaiaren une zoragarriak jasotzen jakin izan zuen, eta zezenketaren munduko margolari garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Margolan horietan, tarteka zezen jokoarekin zerikusirik ez zuten gaiak landu bazituen ere, muletaz eta kapaz lagundutako zezenketa, pasarte guztiak barne (esate baterako toreatzailea lagunen sorbaldetan jarrita plazatik irteten) irudikatzera mugatu zen nagusiki.
Roberto Domingoren artearen oso lagin erakusgarriak dira hiru margolan hauek. Margolan horietan, egilearen ekoizpenari berezkoak zaizkion bereizgarri batzuk islatu zituen artistak, esate baterako, kolore biziak, teknika soltea eta arrisku uneak eta mugimendu bizia islatzeko joera. Horrenbestez, Lehenengo eztenkadan, jokoan sartzen ari den pikadorea irudikatzen du, tentsio handiko unean izozten du eszena, zezena eta pikadorea indarrak neurtzen ari dira eta elkarren aurka ari dira, segundo gutxiren bueltan desagertuko den oreka hauskorra ahalbidetuz. Eszena osatzeko, beste toreatzaile bat ikusten dugu jokoan sartzeko prest, hortxe daude ikusleak, kasu honetan koloretako masa kartsu bihurturik. Gai hau, aldaera txiki batzuekin, behin eta berriz erabili zuen margolariak bere obra batzuetan, horien artean aipagarri Eztenkada bat eta Eztenkada on bat, baita hainbat afixatan ere, esate baterako, 1935eko Bilboko zezenketa nagusiak iragartzekoan --ale bat kontserbatzen da Museoan (87/79 Inbentario zk.)--. Afixa hori bera berrerabili zuten, aldaketa txiki batzuk egin eta gero, Valentziako Zezen Plazan 1941eko ekainean zezenketa bat iragartzeko.
Bestalde, Zezen suharra! izenburuko obra gaiaren ikuspegitik aurrekoarekin uztartuta badago ere, honetan eszenari tentsio eta arrisku sentsazio handiagoa ematen dioten xehetasun batzuen presentzia antzeman dezakegu. Margolan honetan artistak jokoaren alderdi odoltsuago batean jartzen du arreta, zezena baita garaile borrokaldi horretan --adarkada bat eman dio zaldiari--, eta pikadorea zoruan amaitu baitezake zaldi hila alboan duela, Domingoren beste obra batzuetan bezala, esate baterako Pikadorea arriskuan eta Eroriko bat izenburuko margolanetan. Margolariak, beraz, tentsio handiagoa eman zion eszenari, agerikoa da hori pikadorearen eta zaldiaren irudietan, baita jokoan sartzeko prest diren lagun urdurien irudietan eta zalditik bereizteko ahaleginetan zezenari isatsetik tiraka ari zaion morroiaren irudian ere.
Trianako idoloa izenburuko margolanean, berriz, ezpatarena da garaipena, toreatzailea txalo artean eta lagunen sorbaldetan jarrita ari da zezen plazatik irteten. Aurreko margolanetako tentsio dramatikorik gabeko unea bada ere, faktore hori ez da eragozpen obra honetan ere Roberto Domingoren pinturari berezkoak zaizkion ezaugarri asko eta asko beren horretan agertzeko. Estilo postinpresionista garbiko teknika soltea, bizitasuna eta ingurunea antzemateko teknika arratsalde arrakastatsu hau irudikatzen duen margolanean ezin hobe islatuta egoteaz gain, ongi asko bereiz daitezke ezaugarri horiek berak antzeko gaiak aurkezten dituzten beste margolan batzuetan, esate baterako, Idoloa izenburukoan, artistak berak 1912ko Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionalean aurkeztuan, edo Ricardo Torres "Bombita" sorbaldetan irteten izenburukoan, edo afixa batzuetarako landu zituen irudietan, adibidez 1926. urtean Valentziako Zezen plazan izan zen zezenketa iragartzekoan. (Mikel Bilbao, 2009)
Bibliografia hautatuta
- Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 168. (Con el título Bravo toro).
- Sainz Valdivielso, Alfonso Carlos. Toros y toreros en la pintura española [Cat. exp.]. Madrid, Banco de Bilbao, 1984.
- Galilea Antón, Ana María. "A propósito de las obras del Museo de Bellas Artes de Bilbao depositadas en otras Instituciones", Urtekaria 1992 : asterlanak, albistak = Anuario 1992 : estudios, crónicas. 1993. pp. 34-37.
- Roberto Domingo, 1883-1956 : exposición homenaje [Cat. exp.]. Valencia ; Madrid, Centro Cultural del Conde Duque ; Autoridad Portuaria de Valencia, 1998. p. 68..
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 202-204, 208-209, n° cat. 85.