Zeus tonante - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Zeus tonante

Anonimoa, I. mendea K.o.

Brontzea

7,9 x 6,12 x 2,3 cm

82/900

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Irudia zutik. Eskuineko zango zuzenaren gainean hartzen du atseden, ezkerrekoak ez dio pisuari eusten, atzerantz tolestuta du zoruan behatz puntak pausatzeko. Soina ezkerretarantz eramana du, burua apur bat eskuinetarantz biratua, begirada aurrerantz. Ezkerreko besoa goratua du, hatz erakuslea ere gorantz. Gorputzetik bereizita du eskuineko besoa, pieza honek Zeus tonantea irudikatzen duela salatzen duen tximista sortari heltzeko. Buru handia du, ile kizkur oparoa, kopetako ilea eta bizarra zerrenda batean elkartzen dira, eta buru gainean beste ile kizkur masa bat, gisa honetako irudiek izan ohi duten landare koroaren okerreko interpretazioa dirudiena. Aurpegia oso desitxuratua du, hazpegiak oso txikiak dira, kopeta iluna nabarmentzen da, baita begirada finkoa ere. Sorbaldak estaltzen dizkion klamide bat du jantzita, ezkerreko besoan du bilduta, eta toles handi bat eginda erortzen zaio aldaken pareraino.

Boverrek Despuig kardinalaren "idolo txikiak" bilduman identifikatzen zituen obra urrietako bat izan daiteke honakoa; obra horiei "lar eta penate" kalifikazio orokorra ematen zien, baina azkenik, "brontze horietatik askok Jupiter irudikatzen dutela" azaldu zuen. Gureak argi eta garbi egiten dio erreferentzia Jupiterri edo Zeusi, eta Boverrek Jupiterren ordezkaritzat zituenak, haren hitzetan "ugari" baitziren, katalogo honen hirugarren atalean deskribatzen diren Herkules erasoan irudiak izango dira segur asko.

Greziako Aro Arkaikoaz geroztiko aurrekariak ditu Zeus tonantearen irudiak nola arte nagusian eta zeramikazko ontzien pinturetan hala brontzezko eskultura txikietan, baina horietan guztietan askoz ere jarrera biziagoan ageri zaigu jainkoa, Zeus urrats handi bat egiten ari da tximistari emango dion bulkada indartzeko. Gure eskulturaren antzeko irudiek, ezin konta ahala aldaeretan ageri direnek, ustez Leokaresek egin zuen eskultura bat dute eredu. Eskultura hori Zeus Polieioren (hiriko babeslea) santutegian gurtzeko irudia izateko sortu zuen aipatu eskultoreak, santutegi hori Atenasko akropolian zegoen, Erekteion tenpluaren gibelaldean. Leokaresen estatua Erromako Kapitolioko tenplura eraman zuten geroago, izugarri hedatu zen irudi horren aurreko gurtza, eta Inperioko bazter guztietara iritsiko ziren kopiak egin zituzten.

Zeus tonantea irudikatzen duten Greziako jatorrizko brontze txikien artean aipagarria da XVIII. mende amaieran Paramythian (Epiro) [15. ird.] beste estatua txiki eta baliotsu batzuen artean aurkitutakoa, gaur egun denak British Museum museoan daudela. Kasu horretan Zeusek ez du klamiderik sorbaldan, eta begirada hain zuzen ere luzatuta duen eskuarekin horizontalean hartzen duen tximistan du jarrita, horrexek ematen dio ekintzari berezkoa duen zentzu ikonografikoa, bat dator irudiaren estiloarekin, Lisiporen eskolako eredura gerturatuz, eskola horri baitagozkio gogoetetan murgilduta dauden irudiak, esate baterako Herkusles Farnesio ezaguna. Gure brontzean tximista posizio bertikalean dagoenez, jainkoaren ikus eremutik kanpora, ez du Zeusek gauzatu lezakeen ekintza bat irudikatzen (Greziako brontzean erabaki bat hausnartzen ari dela ematen du), erakustaldi bat egiten ari den jainkoa baizik.

Oso arrunta da Zeusen irudi hauen eta bere anaia Poseidonen irudien artean bat etortze ugari aurkitzea, azken hori itsasoaren Jainkoa denez etsaiei hiruhortzetakoa jaurtitzen irudikatzen baita. Aldean besterik ez daramatenean soilik jaurtigaiak, dela tximista dela hiruhortzetakoa, ematen du bata eta bestea bereizteko aukera; halaxe gertatzen da New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoan dagoen alearekin, oso kalitate artistiko handiko irudiarekin, lasai asko identifikatu baitaiteke Zeusekin, edo Poseidonekin.

Arlesko Musée départemental de l'Arles Antique museoan ezaugarri berdin-berdinak dituen beste ale bat dago, molde berean egina izan daiteke, baina ez da horren egoera onean kontserbatzen, oso higatuta du gainazala. Arlesko alean bururantz biratuta dago ezkerreko besoa, agian oker itsatsi zuten edo gerora nahigabe bihurritu zuten, baina pieza horren ezaugarri nagusiak eta gurearenak berdin-berdinak dira. Hori ez da nahikoa gure piezaren jatorria erabakitzeko, bilduma osatzen duten ale gehienak bezala Italiatik iritsia izan baitaiteke edo Espainian edo Inperioaren mendebaldeko beste probintziaren batean aurkitua izan baitaiteke. Antzeko beste brontze bat, kalitatez kaskarragoa baina, Louvre Museoan dago, horrek ere bururantz biratua du ezkerreko besoa, eta oso higatuta klamidea. Frantziako Liburutegi Nazionaleko aleak, Abbevillen aurkituak, oso ongi kontserbatu du klamide irekia. Dijongo ale batek ere eredu berari erantzuten dio alor batzuetan.

Frantzia osoko bildumetan hamarnaka dira Zeus tonantearen irudiak, eskuarki Erromako tenpluan egon zen estatua dute eredu, Leokaresen Zeus Brontaios jainkoarekin erlazionatzen edo identifikatzen dira, eta jainko horrek jatorrian ez zuen ez klamiderik ez beste jantzirik eramango gainean, ez baitziren beharrezkoak brontzeko irudietan, baina oso erabilgarriak izango ziren marmolezko obra handietan, luze jarritako besoaren hauskortasuna saihesten laguntzen baitute. Gure irudi motari lepoko klamide esaten zaio eta Laongo Museoan bada beste irudi bat gurearen berdina dena. Ipar Italian arruntak ez direla azaltzen du katalogoak, bai ordea Erroman eta, hegoalderago, Ponpeian eta Herkulanon, Europako ekialdeko beste lurralde batzuetan bezala. Horrenbestez, zabalkunde handia izan zuen irudi mota horrek lurralde helenizatuenetan.

Sofiako Museoan sei dira tipologia ikonografiko bera duten aleak. Horietan ongi asko antzematen da landare koroa, baina klamidea bestela dute egokituta. Gure alean eta Arleskoan lepoko klamidetzat definitu genezake, eta estilo horren jatorria Leokaresek Belvedereko Apoloa eta Zeus Polieoa bezalako jatorrizko obrei begira landutako toles motetan aurkitu behar dugu.

Hispaniako antzeko irudien artean, Baelo Klaudiarena da jatorrizko ikonografia modu zehatzagoan ezagutzeko adibide egokia. Ale horretan arrano txiki bat kontserbatzen da eskuineko oinaren gainean, baina gurean ez dago horrelakorik, ez dago lehendik arrano bat izan zuela iradokiko lukeen arrastorik bat ere. Bestalde, horizontalean dago Zeusek eskuineko eskuarekin eusten duen tximista, eskutik irteteko puntuan balego bezala, eta ez da gurea bezain estilizatua, gurea ia bertikalean ageri baita, besterik gabe erakusteko moduan, eta ez berehalakoan jaurtikia izateko moduan, nahiz eta zentzu betea izan dezan hala behar lukeen. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 103-109, n° 4.