Zaldiko-maldikoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Zaldiko-maldikoa

Opisso Sala, Ricard

Tarragona, 1880/11/20- Bartzelona, 1966/05/21

Ikatz-ziria, grafitoa eta pastela

51,1 x 65,5 cm

Opisso (eskuineko beheko angelua)

c. 1900

82/2074

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1913an

Opissoren arte produkzioa ilustrazio grafikoaren barnean garatu zen batik bat. Horren harira, oraindik gazteago zela --hamabi urtetik hogeita hiru urtera- Antonio Gaudiri lagundu zion Bartzelonako Familia Sakratuaren Tenplua eraikitzen. Harentzat, santutegiko aingeru apaingarrietako baterako modelo izateaz eta lantegia egokitzeaz gainera, argazki eta marrazki ugari egin zituen, Tenpluko eskulturak egiteko modelo izateko aurkeztu ziren pertsonenak bereziki. Gaudik adierazkortasun handiena zutenak aukeratu zituen, eta halaxe hobetu zuen Opissok, modu autodidaktan, bere marrazki teknika. Era berean harengan eragin handia izan zuen Steinlenen eta Tolouse-Lautrecen obrak, garai hartako aldizkarietan ezagutu ahal izan zuenak. Mende amaierako Bartzelona asaldatu hartako kaleetako bizitzaren kronista bilakatu zen Opisso. Herri xumeko jende taldez, industria berrikuntzez eta kontraste sozialez beterik zeuden bere irudikapen gehienak.

Artista honen bereizgarria ironiaz eta umorez betetako marrazkia izan bazen ere, garai honetan, Bartzelonako eguneroko bizitzaren irudikapenak izateagatik identifikatzen dira bere obrak, "Zaldiko-maldikoa" margolan honek erakusten duen bezala. Bertan, feriako jolasa, zirkulu birakari bati lotutako kate batzuetatik zintzilikatzen diren zurezko hainbat zaldik osatua, zelaigune batean dago Bartzelonako Familia Santuaren Pekamenezko Tenpluko absidetik --ezkerraldean marraztua- hurbil; haren eraikuntza lanetan laguntzen ari zen Opisso egun haietan. Bestalde, zaldiko-maldikoaren inguruan era askotako jendea ageri da. Bertan bilduta dagoen haur kopuru handiaren artean bereiz daitezke egunkariak saltzen dituen gazte bat, onndo-kapela jantzita daraman gizon bat --gizarte maila handiagoaren itxura ematen dio hark-, saltzaile ibiltari bat eta uniformez jantzitako hainbat lagun. Ikusleari bizkar emanda daude guztiak, zaldiko-maldikoari adi-adi begira, jarrera guztiz naturalean, artifizialkeria akademikotik kanpo, enkoadrearekin batera, bat-bateko argazkia balitz bezala. Garai hartako esatari grafiko ospetsu bilakatu zuen kualitate horrek.

Hain zuzen ere, era horretako obrei esker, laudorio handiak jaso zituen 1900. urtean bere lanak Bartzelonako Parés Aretoan erakutsi zituenean Cercle Artístic de San Lluc elkarteak antolatutako erakusketa kolektiboan. Miquel Utrillo kritikari ospetsua haren babesle bihurtu zen zituen arte dohainak ezagutu zituenean, beharbada horixe izango zen 1900an Bilboko Arte Modernistako Erakusketan Opisso egon izateko arrazoia. Erakusketa hartan "Zaldiko-maldikoa. Bartzelonako aldiriak" aurkeztu zuen --Parés Aretoan ere erakutsiko zuen agian-, eta Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen 200 pezetatan "Zaldiko-maldikoa. Bartzelonako aldiriak" izenarekin. Hain zuzen ere Utrillo izan zen 1901eko otsailean, Pèl & Ploma aldizkariaren 69. zenbakian, Katalunian modernismoaren babesle nagusia izan zen aldizkari horren zuzendaria izan baitzen, obra aldizkariaren kontrazalean erreproduzitzeaz arduratu zena. Zaldiko merkeak izenarekin agertu zen han. [Javier Novo González, 2009]

Bibliografia hautatuta

  • Benezit, Emmanuel. Dictionnaire de peintres, sculpteurs, dessinateurs et graveurs. París, Librarie Gründ, 1956. t. VI.
  • Exposición de Arte Modernista. Bilbao, Imprenta y Litografía Bilbaína, 1900. p. 9.
  • "Caballitos baratos", Pèl & Ploma, n° 69. 1901. p. 8.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 173. (Con el título Tiovivo).
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 162-165, n° cat. 64.