Bilduma online eta irudien salmenta
Sous un Jesús en croix oublié là (Hemen ahaztutako Jesus gurutziltzatuaren azpian
Rouault, Georges
Paris, 1871/05/27-Paris, 1958
Akuafortea eta urtinta
64,5 x 50,4 cm (papera) 58 x 41,5 cm (orbana)
G. Rouault (ezkerreko behe-angeluan)
1926
XX. Mendearen lehen erdia
82/2084
1957an eskuratua
Miserere saila, Georges Rouault-en obra grafikoko maisulantzat hartua, eta XX. mendeko lan grafiko nagusietako bat ere, 1912. urtean sortua da aitaren heriotzak artistari eragin zion astindu handiaren ondoren. Horren harira, obraren hasierako proposamenean ehun estanpa zeuden, Misererean bertan inspiratutakoen -- Itun Zaharreko LI salmoari dagokiona- eta gerraren gaiarekin loturikoen artean banatuak. Baina, gertakizun historikoek eta pertsonalek, bi mundu gerrek eta Ambroise Vollard bere arte merkatariaren bat bateko heriotzak ezinezko egin zuten asmo hura. Horregatik, berrogeita hemezortzi estanpa edo irudi besterik ez ziren egin eta Miserere izen orokorra eman zitzaien.
1914 eta 1918 artean egin zituen Rouault-ek sail honekin loturiko lehen marrazkiak tinta txinatarrez pintzelarekin. Gero, Ambroise Vollard-ek eskatu zion haiek pinturara pasatzeko, kobrezko xafletan gauzatu ahal izateko heliograbatuaren teknikaren bidez. Rouault-en lan egiteko eran ohikoa zenez, inoiz ez zuen bukatutzat eman prozesua eta xafletan etengabean esku hartu zuen era guztietako tresnekin, leungailuak, xixelak, erruletak, lizpapera ... edo prozesu kimikoekin ere, eta haietako gehienetan hamabi lan egoera ere garatzera behartu zuen horrek.
Miserere lanarekin, bere lehenagoko lanen dramatismoa eta indar plastikoa handitzea lortu zuen Georges Rouault-ek. Erlijio kontakizunak eta gizakiaren sufrimendua tartekatzen dituen sail honen gaia gizakiaren erredentzio beharrarekin loturik dago betiere, bere izatearen eta gerrak eragindako izuaren eta ankerkeriaren artean harrapatua baitago gizakia. Erredentzio hori irudikatzen du Kristoren irudiak, eta katolizismoa, beti presente Rouault-en obran, salbatzeko bide bakar bilakatzen da. Eskritura Santuetatik hartutako zitak, Antzinateko maisuenak, Pascalenak edo herri esaerak dituzte grabatu guztiek izenburutzat.
Bestalde, xaflak Jacqueminek inprimatu zituen 1922 eta 1927 artean eta bostehun aleko tirada izan zuten, baina Bigarren Mundu Gerra bukatu arte ezin izan zituen argitaratu, 1948. urtean, L'Étoile Filante argitaletxeak.
Bilboko Arte Ederren Museoak sail honetako lau estanpa ditu bere bilduman. Haietako hiru -Sous un Jesús en croix oublié là, Nous... c'est en sa mort que nous avons été baptisés eta C'est par ses meurtrissures que nous sommes guéris- sailean ugari diren erlijo gaiekin loturik daude, eta laugarrena, berriz, - Des ongles et du bec-, gerrarekin. Sailaren funtsa laburbiltzen da lau ale horietan, gizakiaren borroka kontatzen baita - Des ongles et du bec-eko emakume zakarra-, eta haren salbazioa bataioaren bidez eta Kristo gurutzean sakrifikatuta. Bi estanpa horietan Rouault-ek argi-ilun harrigarrien bidez lortu zuen bere pasioaren adierazkortasun eta bizitasun guztia biltzea. Guztietan pintzelkada zabala erabili zuen, irudien inguruak nabarmenduta. Era berean, irudiei protagonismo osoa eman zien, lehen planoen eta konposizio murriztuaren bidez, behatzailearen arreta beste ezerk erakar ez zezan, hura hunkitu egin nahi baitu eta salbazioko bidean gidatu. (Arantxa Pereda, 2009)
Bibliografia hautatuta
- Chapon, François. Rouault: Oeuvre Gravé. Montecarlo, Anfré Sauret, 1978. pp. 232-233.
- Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 179. (Con el título Cristo en la cruz).
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 124-126, 130-131, n° cat. 50.
- Goya : estampas de invención : Caprichos, Desastres, Tauromaquia y Disparates [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. p. 70.