Septiembre 1930 / Regatas / Internacionales / Real Club Náutico / San Sebastián - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Septiembre 1930 / Regatas / Internacionales / Real Club Náutico / San Sebastián

Elósegui, Rafael

Donostia, 24/10/1905 - Donostia, 01/06/1969

Koloretako litografia paperean

99,5 x 70,2 cm

1930

XX. mendearen bigarren laurdena

82/1913

1981ean eskuratua

Irailaren 9 eta 13 bitartean egin ziren 1930eko Donostiako Nazioarteko Estropadak. Guztira 38 ontzik parte hartu zuten, horien artean Itsas Klubaren egoitza eraiki berriaren sustatzaile Jose Manuel Aizpuruaren Huevo Mol ontziak. Rafael Eloseguik egin zuen urte hartako lehiaketa iragarriko zuen afixa, eta berak landuak izan ziren 1928koa eta 1929koa. Hiru kartel horiek alderatuta, agerian dago pixkana-pixkana formak sinplifikatzeko eta paisaia abstraktuak egiteko joera hartu zuela egileak. Izan ere, 1928ko proposamenak planteamendu naturalista ageri du, erraz asko identifikatzen den ingurunean gertatzen da. Hala bada, Kontxako badiaren panoramika zehatzak (Igeldo mendia, Santa Klara uhartea eta Urgull mendia ikusten dira) itsas handiko paisaia erabat neutro bati egiten dio leku 1929ko afixan.

Donostiako 1930eko Nazioarteko Estropadak iragartzen dituen afixa Elosegik aurreko urtean egindako proposamenean jada hautematen zen prozesuaren amaieratzat har daiteke. Hutsaren hurrengo dira itsas paisaiari egiten dizkion erreferentziak, baina nahikoak dira helarazi nahi den mezua ez desitxuratzeko; kolore sorta euskarriaren hondoan aplikatutako bi tintaren konbinaziora mugatzen da. Hiru kolore horiek --gorria, urdina eta zuria-- Donostiako Real Club Náuticoren intsigniaren koloreekin bat datoz. Bestalde, zuzeneko lotura izan ala ez, Eloseguik formak arazteko eta elementu gutxiago erabiltzeko xedean abiarazitako bide horrek bat egin zuen Itsas Klub berriaren eraikuntzarekin eta aurreneko erabilera aldiarekin. Kartel honetan agertzen den hizkuntza arkitektoniko berri horren eraginari buruzko teoriak are indar handiagoa hartzen du kontuan badugu artista hau estu lotuta zegoela ingurune horrekin; izan ere, karrera amaitu ez bazuen ere, arkitektura ikasi zuen Rafael Eloseguik.

Mintzaira berritzailea da proposamen honen erakarri handienetako bat. Izan ere, garaiko itsas kirolak iragartzen zituzten afixa batzuek, esate baterako Melchor Fontek Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Estropadak iragartzekoak, ez dute zerikusirik Eloseguiren lan honekin. Bestalde, konposizioaren ikuspegitik Adolphe Cossardek (1880-1952) Aix les Bainsen (Frantzia) turismoa sustatzeko xedean 1930ean landu zuen kartelaren moduko planteamendua egiten badu ere, egia esan oso bestelakoa da sintaxia. Era berean, halako antza du Sandy Hookek (1879-1960) Itsasoz gaindiko Konpainia Nagusiaren Marseilla-Tunisia-Aljeria bidea lau haizetara zabaltzeko xedean landutako afixarekin, honek ere kolore lauko hondoa baitu eta forma geometriko baten barruan sartuta baitu motibo figuratiboa. Hala eta guztiz ere, adibide horietako bakar batek ere ez du erakusten Rafael Eloseguik erabili zuen mintzaira aurreratuaren maila. Izan ere, afixa honen estetikak bat egiten du konstruktibismoari emandako artista batzuek, esate baterako Alexander Rodchenkok (1891-1956) eta El Lissitzkyk (1890-1941), hogeigarren urteetan burutu zituzten diseinuetan ageri diren ezaugarrietako batzuekin. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. p. 217, n° cat. 103.
  • Arte y artistas vascos de los años 30 = 30 urtearen hamarkadako euskal artea eta artistak [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Gipuzkoako Foru Aldundia = Diputación Foral de Guipuzcoa, 1986. p. 248.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 226-227, n° cat. 67.