San Sebastián / (España) / Playa Real - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

San Sebastián / (España) / Playa Real

Mongrell Torrent, José Ortega, José

Valencia, 17/10/1870 - Barcelona, 19/07/1937 Valencia

Koloretako litografia paperean

137,2 x 99,5 cm

J. MONGRELL (lado derecho, en el centro)

1909

XX. Mendearen lehen hamar urtekoa

90/36

José Mongrell Torrent artista valentziarrak, Joaquín Sorolla margolariaren ikaslea izan zenak, kartel ugari sortu zituen XX. mendeko lehen bi hamarkadetan jaialdiak eta zezenketak sustatzeko, edo erakusketak iragartzeko. Bere afixatan art nouveauren estatikaren aztarna nabaria da hainbat obratan: 1902ko Valentziako Unibertsitatearen IV. Mendeurrena, Granollers, 1906ko Jai Nagusia, Toledo 1908ko Azokak eta Jaiak, 1909ko Valentziako Eskualdeko Erakusketa, 1912ko Azienda Azoka handia edo Burgos 1915eko Azokak eta Jaiak. Aldiz, 1909. urtean, Donostia (Espainia) / Errege Hondartza izenekoa diseinatu zuen. Obra honetan, oraindik kutsu modernistak eta frantses zapore handia badu ere, nabarmen urruntzen da lehen aipaturiko adibide horietan erabilitako mintzairatik.

Mongrell-ek turismo kartelen generoan egin zuen sartu-irten urrietako bat da Donostia uda igarotzeko leku gisa sustatzeko kartel hau. Kartelean bi emakumeren irudiak ageri dira, eta elementu erretoriko gisa, hiriak eskaintzen dituen erakargarriak ikustera gonbidatzen gaituzte. Lehen kapituluan adierazi den bezala, emakumea publizitate erreklamo gisa erabiltzea oso ohikoa izan zen kartel modernoaren hastapenetatik. Aldiz, artista valentziarra urrundu egiten da prototipo ezagunenetatik, Jules Chéret-en emakume pipertsu haiek edo Alphonse Mucharen emakume hotz eta helezin haiek, eta emakume moderno eta baikorraren irudia eskaintzen digu, neurriko portaera duena. Parisko modaren arabera jantziak daude biak, tokia Frantziatik hurbil dagoela eta horrek hirian eragina duela nabarmenduz. Kartelean antzematen den art nouveau estiloko tipografian ere nabari da eredu frantsesekiko zor hori, eta baita konposizio honetan bi emakumeek duten pisuan eta dauden lekuan ere, saihestu egiten baititu simetriari lehentasuna ematen dioten konposizioak.

Bestalde, badira hainbat elementu ikonografiko XX. mende hasierako Donostian udako aisialdirako eskaintzaren funtsa agerian uzten dutenak. Kontxako hondartzaren irudian erakutsi dira itsas bainuak, bere bainu kasetekin, kartelaren hondoaren zati handi bat hartzen baitu eszena horrek. Kasino Handia da, ikusi dugun bezala, XIX. mende amaieratik aurrera karteletan askotan agertzen den beste elementuetako bat. Txofreko Zezen plazak, Francisco Urcolak proiektatua eta 1903. urtean inauguratua, argi uzten du uda donostiarrean garrantzi handia zutela zezenketek; zaldizkoaren presentziak esan nahi du kirol horrekiko zaletasun handia zegoela hirian, eta handik hainbat urtera, Lasarteko hipodromoa eraikitzera eraman zuen zaletasun horrek. Era berean, Kontxako hondartzak, Errege Hondartza titulua lortu zuen, eta adierazpen hori sarritan erabili zen turismo karteletan hogeita hamargarren urteetara arte. Izan ere, badiako irudian, betaurrekoei eusten ari den emakumearen mahukaren ondoan justu, ikus daitezke errege bainu kasetaren errailak, zuhaitzaren adaburuaren ezkutuan zati bat. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 49, 56, 58, n° cat. 3.
  • Pérez Rojas, Francisco Javier. La ciudad placentera. Noche y día de la vida moderna. Sevilla, Fundación El Monte, 2005. p. 175, n° cat. 15.
  • Pinturas traducidas : el grabado de reproducción en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 37, 68-69, 98, n° cat. 18.