Bilduma online eta irudien salmenta
San Joan Ebanjelaria
Anonimoa, XV. mendea
Brontzea
6,36 x 2,38 x 1,83 cm
82/849
Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an
Gizona zutik. Oinetaraino estaltzen duen tunika batez jantzita dago, tunika toles bertikaletan antolatuta, zoruaren mailara iristean bildu egiten direla. Hanka elkartuen eta zuzenen egokierari erantzuten dio pertsonaiaren jarrerak; izan ere, soina apur bat ezkerretara inklinatuta duen arren, ezkerreko hanka hori airean balego bezala, inklinazioa silueta kurbatuen aurreko gustu gotikoak eraginda dagoela ematen du. Lepoaldean paparreko batez lotutako mantu bat darama gainean, mantua bizkarrean behera erortzen zaio, eta eskuineko besoarekin biltzen du. Eskuak mantuaren azpitik ageri dira eta elkartu egiten dira bularraldearen erdialdean, otoitzean balego bezala. Burua gorantz eta eskuinetarantz du inklinatuta. Gazte baten aurpegia du, bizarrik ez, eta marra bertikal paraleloen bidez adierazitako orrazkera kiribil handi batera bilduta dituen ile adats harroez inguratua du burezur osoa. Laua du burezurraren goiko aldea, gainean elementuren bat izan balu bezala, edo goiko pieza baten oinarriarena egin izan balu bezala.
Otoitzean ari delako jarrera eta begiradaren norakoa gurutze ondoan dagoen San Joan Ebanjelariaren irudiari berezkoak zaizkionak dira, eta hari dagozkio, era berean, txertatutako gazte ezaugarriak, kasu honetan, gotikoaren amaierako edo gotiko humanista deitu estiloko (estilo horretan nahasi egiten dira gotikoaren arau ikonografikoak joera errenazentistei berezkoa zaien naturalismoarekin) arropetan eta orrazkeretan islatuak. Irudi hau Gurutziltzatzearen pasarteko taldera bildu beharko litzateke, San Joanekin batean egongo zen Ama Birjina, gurutzearen beste aldean, antzeko jarreran. Multzo osoa santutegi txiki baten edo aldare edo altzari liturgiko eramangarri baten gainean egongo zen. XV. mendeko grabatuetan antzeko irudi asko ikusten dira, eta horien artean Alemaniako xilografiak dira gisa honetako irudiak (San Joanek ez baititu aldean eramaten ohi duen liburua, ebanjelari dela salatzen duena, eta kaliza sugearekin) zintzoen kopiatu zituztenak. Gainera, santua jarrera nahigabetuagoetan aurkezten duten berpizkundeko irudiak baino lehenagokoak dira horiek.
Madrilgo Lázaro Galdiano museoan bada antzeko brontze bat (3.097. Inb. zk.), baina kasu horretan ebanjelioaren liburuari eusten dio San Joanek ezkerreko eskuarekin, eta ezkerretarantz eramana du mantua. Italiako obratzat hartua da, eta XV. mendeko Pisanotarren zirkuluarekin erlazionatzen da. Aurrekari horiek aintzat hartuta, gure pieza XV. mendearen erdialdeko italiar giroetan landua dela esango dugu, berpizkundeko joerak lantzen zituzten tailerretatik gertukoa, baina oraindik arau gotikoen araberako artearekin estu lotuta. (Ramón Corzo, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 451-453, n° 92.