San Joan Bataiatzailearen burua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

San Joan Bataiatzailearen burua

Susillo y Fernández, Antonio

Sevilla, 18/04/1857 - Sevilla, 22/12/1896

24,6 x 54,5 x 41,9 cm

A Susillo (aiztoaren ahoan)

1891

82/719

Yanduriko markesaren dohaintza 1917an

Susillok artearen historiaren barruan klasikoa zen ikonografia baten arabera irudikatu zuen santuaren burua, Barrokoaren garaian hedapen berezia izan zuena. Horren harira, San Mateoren Ebanjelioaren (14. 3-12) eta San Markosenaren (6. 17-29) bibliako pasartean jasotzen den bezala, San Joan Bataiatzailearen burua erretilu batean ageri da, hartan aurkeztu baitzion Salomek Herodes Antipasi. Espainia barrokoaren garaian, eta baita Europako toki askotan ere, santuaren buru moztua odola zeriola irudikatzen zen gehienetan, eta Kontrarreformarekin sortutako erlijio errukiaren balioekin bat zetorren haren errealismoa. Hala ere, irudikapena lazgarria izan arren, Susillok saihestu egin zuen odol jarioa eta lasaitasunez beterik irudikatu zuen santuaren aurpegia, burua erretilu biribil baten gainean, haren inguruan katea marraztua, santuaren atxiloketaren seinale, eta burua ebaki zioten ezpata zimitarraren gainean. Bestalde, irudiak ageri duen itxura amultsua kontrajarri egiten da haren gauzatze plastikoarekin. Hartan, Susillok bere dituen erliebe mugituek eta filigranadunek dinamismoa ematen diote piezari, artistak jatorrizkoaren gainean, buztin errea segur aski, egin zuen esku lanaren markak ere ageri baititu.

Bestalde eta ezpataren ahoan ageri den eskaintzaren arabera, A D. P. ZUBIRIA, obra Pedro Salustiano Florencio de Zubiria e Ybarra bilbotarrarentzat egin zuen Susillok. Industrian ziharduen familia batekoa, Pedro Zubiria, Bilbon jaioa 1862. urtean eta Sevillan zendua 1921. urtean, Cosme Zubiria Echeandiaren eta Prudencia Ybarra Gutierrez de Cabiedesen semea zen; Tomás de Zubiria zuen anaia, Espainiako Itsasontzigintza Elkarteko eta Bizkaiko Labe Garaien Elkarteko presidentea izan zena, beste kargu garrantzitsu batzuen artean. Pedro Zubiria Sevillan egotearen arrazoia izan liteke haren familiaren adar bat Andaluzian bizitzen jarri izana, eta gainera, beste inskripzio batean ageri denaren arabera Museoko obra hantxe moldatu zuten brontzez 1891. urtean. Zehatz esateko, Pedroren aitona, Ybarrako kondea, hainbat egoitzaren jabea zen Sevillan eta Zubiria bera ere hiri andaluziarrean jarri zen betiko bizitzen. Han, 1893. urtean, Teresa Parlade y Herediarekin (1869-1933) ezkondu zen, José Parladé y Heredia Aguiarreko kondearen, eta Andrés Parladé y Heredia (1859-1933) margolari eta kondegaiaren arreba, eta Pedro Zubiriaren beraren izeba zen gainera. Horren harira, garai hartan hain ohikoak ziren komenientziako ezkontzekin loturik egongo zen ezkontza hura, eta kasu honetan, bankarekin eta metalurgiarekin loturiko bi familia boteretsu izan ziren elkartu zirenak.

1900. urtetik aurrera, senar-emazteek Sevillan Vicentelotarren Etxeko orubea izandakoan eraiki zuten jauregian egongo zen segur aski obra hau. Jada Yanduriko markes bilakatua, eta noblezia titulu hori Alfontso XIII.ak eman zion Errege Dekretu bidez 1914ko azaroan, Pedro Zubiriak Bilboko Arte Ederren Museoari eman zion dohaintzan San Joan Bataiatzailearen Burua 1917. urtean, markesen altruismoa eta laguntza kultural eta soziala erakutsiz. Leku batetik bestera eramatean kalteren batzuk izan omen zituen obrak. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 172. (Con el título Cabeza de San Juan Bautista).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 411-413, n° cat. 85.