Saint-Jean-Cap-Ferrateko muturra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Saint-Jean-Cap-Ferrateko muturra

Rico y Ortega, Martín

San Lorenzo de El Escorial (Madril), 1833/11/12-Venezia (Italia), 1908/04/12

Olioa oholean

19 x 36 cm

RICO (eskuineko beheko angelua)

69/209

1943an eskuratua

Charles François Daubigny (1817-1878) paisaia margolariarekin ikasi ondoren, Sena, Oise edo Marne bezalako ibai ertzetan margotzea gomendatu zion hark, Barbizongo Eskolaren eragina jaso zuen - ConstantTroyon (1810-1865) buru zela-, eta margolariak pixkanaka-pixkanaka bereganatu zituen eragin horiek. Halatan, Ricok, beste ezaugarri batzuen artean, kolore sorta ugariagoa aurkezten du bere paisaietan, argitasun handiagoa emateko, eta baztertu egiten ditu forma gogorrak eta marrazkiaren zurruntasuna, hura nahieran erabili baitzuen, garai hartako aldizkarietan argitaratutako adibide ugariek erakusten duten bezala.

Martin Ricoren estilo bilakaera 1878. urtean iritsi zen une gorenera, urte horretan aurkeztu baitzituen Parisko Erakusketa Unibertsalean Veneziako bere lehen paisaiak. Lehiaketa hartan izan zuen arrakastak behin betiko finkatu zuen bere estilo berria, pertsonalagoa, eta hari esker, ospe handia lortu zuen kritika nahiz merkataritza alorretan. Horren harira, Rico, Granadan Mariano Fortuny-rekin (1838-1874) bizitzen egon zena 1871. urtean, handik urtebetera Italiara joan zen harekin batean. Han, guztiz harriturik utzi zuten Veneziaren argitasunak eta bertako parajeen pintoreskismoak. Argiz bete zen Ricoren pintura, bere teknika preziosista ondu zuen, neurri handi batean Fortuny-ren eraginak bultzatuak bi alderdi horiek. Garai horretakoa da, hain zuzen ere, Museoan dagoen obra. Hartan antzematen dira Ricoren paisaia veneziarretan nagusi ziren ezaugarriak, egikera soltearekin, marrazki kartsuarekin eta pintzelkada zehatzarekin hasi, ia enpasterik gabe, eta tonu argiek osatutako kolore landuarekin buka. Obra honen kasuan, zeruaren eta uraren urdinean, hostoen eta belarraren berdean --bat bateko gorri ukituekin-, eta lurraren era eraikuntzen kolore nabar eta gris argietan antzeman daitezke alderdi horiek. Gainera, margolariak kolore zuri ukituak erabili zituen argi sentsazioa areagotzeko.

Bildumazaleen gozamen bilakatu ziren era honetako obra veneziarrak, eta hori zela eta, Ricok haiei eskaini zien bere arte ekoizpenaren atal handi bat. Pantorbak adierazten duen bezala, "1879. urtetik aurrera, uda oro, 1893. urtekoan izan ezik, hura Toledon eman baitzuen, Veneziara joaten zen Rico. Han hamar eta hogei olio pintura artean eta zenbait akuarela margotzen zituen urtero. Bere gondolan margotzea gustatzen zitzaion, egun eguzkitsuetan bakarrik, egun hodeitsuetan atseden hartzen baitzuen. Olio pintura eta akuarela horietako gehienak Parisko merkatura eramaten zituen, eta handik asko Iparramerikara joaten ziren, prezio onetan erosiak". Hainbesteko arrakasta izan zuten bere obrek, non une jakin batean bilduma iparramerikar bat osatu gabekotzat hartu baitzen bere paretetan Ricoren "Venezia" bat ez bazuen. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Rico, Martín. Recuerdos de mi vida. Madrid, Cultura Hispánica, 1907.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 98, n° cat. 209. (Con el título Paisaje con río, y atribuido a RICO Y ORTEGA, Martín).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 229-233, n° cat. 35.
  • El paisajista Martín Rico, 1833-1908 [Cat. exp.]. Madrid, Museo Nacional del Prado, 2012. pp. 82, 116.