Raku-yaki estiloko chawana - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Raku-yaki estiloko chawana – 82/1153

Ogata Kenzan

Japonia, 1663-1743

8,1 x 10,1 cm

82/1153

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Palacio Bilduman honako hauxe da Zen sekta budistarekin lotutako obra esanguratsuena. Izan ere, Ogata Korinen (1658-1716) anaia Ogata Kenzan (1663-1743) artista handiak landutako te katilua delako da honako hau pieza garrantzitsua. Artista polifazetikoa izan zen Ogata Kenzan, Japoniako zeramikagile ospetsuenetakoa, forma berriak asmatu baitzituen eta beste egile batenarekin ezin nahasizko modu guztiz berrian dekoratu baitzituen. Edo Aroko (1615-1868) artista handiak bildu zituen Japoniako dekorazio eskolako (Rimpa) marrazkilari handienetakoa izan zen, baita japoniar kaligrafiako maisu handienetakoa ere; kaligrafia hori eransten zien bere margolanei eta batzuetan baita anaiaren obrei ere. Zen sekta budistaren dotrinen jarraitzaile leiala izan zen Ogata Kenzan. Sekta horren eta tearen antzearen batasunak eraman zuen Kenzan zeremonietarako chawan forma berriak lantzera. Barneranzko joera antzematen da egile horren obra guztietan, batez ere zeramiketan.
Ogata familiak Kyoton zuen etxean segur asko Hon'ami Koetsu eta Nonomura Ninsei maisuen lanak egongo ziren. Kenzanek berak etxe bat eraiki zuen Ninsei artista handia bizi zen etxearen ondoan, maisuaren ondoan landu nahi baitzituen zeramikazko obrak. Kenzan oso artista langilea zenez, Ninseik bere teknika guztiak irakatsi zizkion, eta 1699an Kenzan Kyotoko beste leku batera joan zen bizitzera, Ninseik bere gauza guztiak utzi zizkion lekura, hain zuzen. Edo Densho izenaz ezagutzen den dokumentu bat dago, eta hartan honela idatzi zuen Ninseik:

Idatziz eta xehetasun osoz adierazi dizut zeramikari, Rakuko eskolari, koloretako esmalteei, berniz distiratsuei eta buztin mota ezberdinak nahasteko moduari buruzko informazioa. Nire lanbidearen sekretuak dituzu horiexek, eta ez dut horiei zabalkunderik ematerik nahi...

Ezin hobea izan zitekeen Kenzanen prestakuntza estetikoa: Ninsei izan zuen maisu eta, azken buruan, Hon'ami Koetsu zeramika lanetarako eta anaia Korin apaingarri piktorikoetarako. Bere bizitzaren amaiera aldera Fukugawa hartu zuen bizileku, Sumida ibaiaren eskuinaldean, bokaletik hurbil, Tokioko badian. Han labe bat eraiki zuen, eta zeramikak landu zituen 1743. urtean hil zen arte. Bilboko Arte Ederren Museoan dagoen Ogata Kenzanen pieza hau Palacio Bildumako obra ederrenetako bat da. Oso berezia da beiratuaren edertasuna, tonu argiagoak kanpoko aurpegian eta ilunagoak barrukoan. Zen estetikarekin lotu behar dira dekorazioaren pintzelkada marroiak eta gorriak, guztiz abstraktuak, soilik irudikatzen hasia den paisaia irudikatu lezaketenak. Chawan honen bikaintasuna aintzat hartuta, artistaren bizitzaren azken garaian landutakoa dela esango dugu guk. (Fernando García Gutiérrez, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 61, n° cat. 36.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 140-142, n° cat. 11.