Pudicitia motako eskantzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Pudicitia motako eskantzailea

Anonimoa, II. mendea, K.a.

Brontzea

6,61 x 1,96 x 0,91 cm

82/881

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Zuzen eta paraleloan jarrita dituen bi hanken gainean hartzen du atseden, eta muturrak moztuta dituen oinetakoekin ditu jantzita oinak. Lepo biribileko tunika darama jantzita, eta gainean ezkerreko sorbaldan behera erortzen zaion mantua du. Mantu horrek berak estalita du eskuineko besoa, tolestuta eta bularraldeari itsatsita. Ezkerreko besoa gorputzari atxikita du, baina aurreratuta du eskaintzetarako goporrari eutsiko zion eskua, agerian. Zabalak eta lauak dira tolesak, diagonalean daude antolatua aitzinaldean eta bertikalean gibelaldean. Oso higatuta du burua, eta ez dago burugainekoaren arrastorik bat ere. Orrazkera, gibelaldean hautematen baita, burugainetik beherantz luzatzen diren ile xerlo erradialetan dago antolatuta. Hazpegiei dagokienez, ahoa baizik ez zaio nabari, ildaxka zuzen bat.

Mantua egokitzeko forma ohikoa da pudicitia deritzen jatorri helenistikoko irudietan, hainbat modelotan erabili zuten forma hori. Oso ezaguna da janzkera horrekin ageri zaigun eskaintzaile bat, Veronako Arkeologia Museoan dagoena (A4, 369. Inb. zk.), ezkerreko eskua irekita eta luzatuta duela. Gure brontzeak, baina, oso lausotuta ditu ezaugarriak, oso higatuta dago azalean, eta zaila da estilo jakin batekin lotzea. Segur asko bigarren mailako tailerren batean landuko zuten, baliabide gutxi izango zituen tailerren batean; izan ere, hotzean egindako ildo sakonen bidez daude adierazita tolesak, pieza lantzeko prozesua laburtzeko edo. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 384-386, n° 74.