Promesa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Promesa

Guiard, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10-Bilbao, 1916/03/08

Olioa mihisean

108 x 159,5 cm

guiar (eskuineko beheko angelua)

1894

08/232

2008an eskuratua

Obra hau Bizkaiko Murueta herrian margotu zuen Guiard-ek, Gernika eta Mundaka arteko errepidean, denboraldi batean han bizi izan baitzen. Margolariak 1888. urteaz geroztik lau egonaldi luze egin zituen Bilbotik kanpo, landa eremuetan, bere adiskideen jazarpenetik urrun, lanean hobeto murgildu ahal izateko eta margotzeko motibo berriak aurkitzeko. Egin zenetik, edo hobeto esanda, bururatu zenetik, garrantzi bereziko obratzat hartu zen hau, Guiard-en ordura arteko lanaren gailurra, hain zuzen ere. Obrak balioespen hori lortu zuen, kalitatearengatik ez ezik, zuen ezohiko formatuagatik ere. Promesa izenburuko obrari dagokionean, Juan de la Encinak hauxe idatzi zuen 1918. urtean: Guiard-en arte osoa gorenera iristen eta laburbiltzen da hartan. Kritikariak jakin izan zuen haren ezaugarriak zorroztasun handiz deskribatzen eta isiltasun eta baretasun obra deitu zion, baina aldiz, gogora ekarri zuen, margolariak ez zuela egia saihestu bere pertsonaien zahartasunaren edo itxuragabetasunaren testigantza ematean.

Mundakako itsasadarreko padurak hartzen dituen lautadan, bokaletik gertu, kokatua dago eszena hau. Uraren bihurdikatzea jaso da, paisaia errealitatearekin bat ez badator ere, eremuan ageri direnak baino baxuagoak baitira mendiak, eta horrexegatik, urruntasun eta hutsune sentsazio handiagoa sortzen da. Ostertza diagonalean jaisten da eskuinaldetik konposizioaren erdialderaino, triangelu handi bat osatuz, ezkerreko erdialdean sortzen diren muinoek osaturiko beste txikiago batzuetan oihartzuna duena. Hala ere, bertan ageri diren hiru pertsonaiek eratzen dute koadroaren egitura, gizon bat eta emakume zahar bat, biak eserita, eta neska gazte bat zutik, hiru euskal baserritar bide ertzean atseden hartzen ari direnak eta eremuan triangelu bat eratuz egokitu direnak. Triangelu hori nabarmenago egiten da lurrean beren aurrean duten zeremonia saskiari esker; saskian bi argimutil daude, oihal zuri batez estaliak. Saskiak jarraipen guztiz egokia du eskuinaldera paisaiako mendien, belardien eta sastraken marretan. Parajeak bakardadea eta isiltasuna helarazten ditu, pertsonaiek osaturiko triangeluak berak are gehiago nabarmentzen duena bidearen luzera seinalatuz, espazioa ezkerraldera zabaltzen baitu birtualki. Hezegunea hartzen eta zurixka bihurtzen duen gandu argitsuak irudien bolumena nabarmentzen laguntzen du, haiek kolore ilunagoa baitute, antzeko tonuak izan arren. Paisaian, ia ikusezin, baserri batzuk nabari dira, eta zuhaitz txiki bat bakarrik, loretan dagoen sagarrondo bat; urrun, beste batzuk ere antzeman daitezke, emakume zaharraren buruaren inguruan, baina ia xurgatu egiten dituzte neskatilaren atzeko aldean ageri diren muinoek.

Pertsonaia nagusi gisa ageri da neskatila, hala gertakizunean nola alor plastikoan. Haren irudia da konplexutasun handienarekin marraztu dena eta harexek erakusten du indar dramatiko handiena. Lehenengo, nabari zaion haurdunaldia da koadroko datu esanguratsuena. Gainera, zutik egoteak tentsio berezia ematen dio, beste pertsonaiek ageri duten atseden itxura handiagoaren aurrean. Ematen du ez duela aurkitzen bere egoerak eragiten dion ondoeza arinduko dion jarrerarik, ganduak, beroak eta ibilaldiak are gehiago larritzen duena. Guiard-ek haren besoei eman dizkien erritmoek, euritakoaren arabeskoek, eta batik bat, haren aurpegierak, samintasunean murgildurik, ondo baino hobeto deskribatzen dute neskatilaren ondoeza, ematen baitu argi aski ez duela, bere norakoaren izatea eta arrazoiak apur bat bederen ulertzeko. Margolariak samurtasun handiz landu badu ere haren drama, Juan de la Encinak adierazi zuen bezala, zehatz-mehatz azaldu ditu haren fisonomiaren ezaugarri guztiak. Neskatilaren begiradak eta beheko ezpainak inozokeria erakusten dute, bere gainerako ezaugarrien fintasunarekin kontrajarriz. Bestalde, gorputza, xarmarik gabea eta trauskila da, margolariak marrazketa bikainarekin deskribatu duen arren. Hark zerbait egin nahi izan zuen, ordea, pertsonaia babesgabe haren alde, loretan dagoen zuhaitzaren aldamenean egokitu baitu, harekin loturik gainera, eta horrek lirismo handia ematen dio naturaren indar ederra metaforikoki amatasunarekin lotuz, hain neskatila hebaindua eta oiesa izan arren. Emakume zaharra dago taldearen erdian. Haren gorputzak bloke sendoa osatzen du, bihurri handirik gabeko profilarekin, piramide formarekin, neskatilaren euritakoari eta gizonaren makilari esker, eta horrexegatik, hiruetan trinkoena da. Konposizioari dagokionean, triangeluari aingura eta jarraipena ematen dio horrek, eta familiaren ardatz existentziala islatzen du. Bere pentsamenduetan murgildurik dago emakume zahar tronuratua, eta dituen begi bizien bidez erakusten du bera dela hiru pertsonaietan buruargiena, egoeraz jabetzen den bakarra. Guiard-ek haren begiradaren eta eskuen artean ezartzen duen joko itxiak, meza liburu baten gainean jarriak eskuak, erabateko botere matriarkalaren adierazpena helarazten du, tradizioen babesa eta adorea ezbeharraren aurrean.

Gizona agerikoa da guztiz. Atseden hartzeko gelditu da eta kasu horietan egiten dena egin du: zangoak luzatu, besoei atseden eman eta mukizapia erabili. Konposizioari dagokionean, luzatua daukan eskuineko zangoaren bidez, erpina ematen dio triangeluari, baina fisikoa besterik ez da haren drama, nekea, behar biologikoak, eta gaitasun motriz oinarrizkoenetik dator hark espazioan duen arrastoa. Neskatilarena bezala, irudi bizia izan arren, ez du barne dramarik erakusten. Mukizapian ia ezkutuan, errealitatea ezkutatu nahi izango balu bezala, haren bakartzea ez da sakona eta malenkoniatsua, emakume zaharrarena bezala, ez eta suminduarena ere, neskatilarena bezala. Gogoeta baliabideen ezaren eta giharren eskakizunen menperatze urriaren fruitu da, inolaz ere.

Udaberriko egun heze eta bero batek eragiten duen nekearen ondorioz, oso ondo islatua neskatilaren burukoa atzera botatzeko moduan, hiruek, baina segur aski emakume zaharrak gehiago, bide ertzean atseden hartu behar izan dute. Baina taldeak islatzen duen atsekabearen arrazoi bakarra nekea dela esatea ez dela nahikoa dirudi haren intentsitateari erreparatzen badiogu. Egia da bihotzaren taupadak entzun daitezkeela uneko makaltasunarekin eta isiltasunarekin, baina batik bat, pentsamendua da entzuten dena, pentsamendu zehatza, itxia eta tristea, hark nekeak baino eragin handiagoa baitu protagonistengan. Heriotzaren presentzia azaldu nahi izan da saskiaren, argimutilen eta oihal zuriaren bidez, hilobiko ostilamendu gisa, hildakoen erritoetan erabiltzen baitziren. Etxe bakoitzak elizan bere hilobia zuen garaietan, familiako norbait hiltzen zenean, haren gainean hilobiko oihala (zamaua edo eleispañua) jartzen zen urte batez gutxienez eta lau hankako argimutil parea argizaiolekin batera, argia gidaria baitzen beste mundura joateko bidean eta elkartasun elementua bizien eta hildakoen artean. Denbora hura igarotakoan, kendu egiten zen ostilamendua eta berriro etxera eraman. Etxekoandrea arduratzen zen errito hura betetzeaz eta aurrera eramateaz, eta ezkontza hitzarmenean jasotako egiteko hura gurasoak oraindik bizirik zeudela eskualdatzen zen baserriaren gobernuarekin batera. XIX. mendean eliz barruan hilobiratzea debekatu zenez, hilobiak sinbolikoak izatera pasa ziren, baina eutsi egin zitzaien haien gainean egiten ziren hileta erritoei.

Deskribapen naturalista eta antropologikotik harantzago joanda, eszena sinboliko bat sortu nahi izan ote zuen margolariak?. Eserita dauden bi irudiei begira egin den deskribapena, adineko bikote bat, beharbada ez da lehen begiratu batean ematen duena bezain zehatza. Gizona ez da emakume zaharraren adin berekoa. Adin heldua du, baina haren semea izan liteke agian. Neskatila gizonaren alaba ala emaztea izan liteke, senar-emazteek adinean halako aldea izatea ez baitzen batere ohiz kanpokoa garai haietan, eta emakume zaharraren biloba. Hori hala baldin balitz, interpretazio horrek bere arriskua duen arren, hiru adinen gaiarekin loturiko ñabardura sinbolikoak aurkituko genituzke, hau da, denboraren joana, jaiotzaren erreferentziak are gehiago indartzen duena, eta baita fetu bizitzaren lehenagoko momentua ere, jatorria, neskatilaren haurduntasunaren eta zuhaitzaren etengabeko berritzearen motibo erantsiarekin. Hiru baserritarren batetik bestera ibiltze horrek bizitzaren bidea islatuko luke, eta paisaia harmoniatsu eta inguratzailea, leku geografiko hutsa baino gehiago izango litzateke eta izatearen lekua irudikatuko luke, panteistikoki bategina, airea, lainoa edo argia bezala, hiru pertsonaiekin. Agerikoa dena da bizitzaren eta heriotzaren arteko lotura neska gaztearen irudian, momentu horretan erritoaren arduraduna bera dela ematen baitu, saskia haren oinetan dagoelako. Saskia eta zuhaitza lotzen dituen diagonal nabarmenak ezartzen du lotura hori, eta horrenbestez, heriotzaren aurrean bizitzaren jarraipenaren sinbolismoa gutxienez argi eta garbi jasoa dago irudian.

Egia da marrazkiak, alde batetik, pertsonaia batzuk, jantzi batzuk eta ohitura batzuk zehaztasunez deskribatzeko erabiltzen duela bere adierazkortasun handia. Horretan datza, hain zuzen ere, obraren alderdi naturalista, baina era berean erritmo konplexuak eta indar liriko handikoak sortzen ditu, oso ekialdekoak eta sofistikatuak, birtuositate handiena euritakoan eta sagarrondoan lortuz. Baina koloreak, egurats kromatikoak, marrazkiak bere mugak ezartzen dituen arren, indar handiz inguratzen du guztia, batasun sakona emanez, irudiak espazio argitsuarekin bateratuz, margolanetik atera behar duela emanez. Segur aski, horixe izango da pintura honen maila poetiko handia lortzen gehien laguntzen duena, eta obra honetan inpresionismoarekin zor handiena duena. Horrenbestez, naturalismoa, inpresionismoa eta sinbolismoa elkartzen dira margolan honetan, egilearen pentsamenduan bereziki esanguratsua bilakatzeko. Promesa obra Julián de Tellaechek (1884-1957) zaharberritu zuen 1947. urtean. [Javier Viar]

Bibliografia hautatuta

  • González de Durana, Javier. Adolfo Guiard : estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahorros Vizcaina, 1984. p. 156, n° cat. 91.
  • Centro y periferia en la modernización de la pintura española, 1880-1918 [Cat. exp.]. Madrid, Minsterio de Cultura, 1993. pp. 408, 429, n° cat. 147.
  • La mirada del 98 : arte y literatura en la Edad de Plata [Cat. exp.]. Madrid, Ministerio de Educación y Cultura, 1998. pp. 92-93, n° cat. 41.
  • Encina, Juan de la. La trama del arte vasco. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. s. p. (con el título La vuelta de la iglesia y como propiedad de Ramón de la Sota).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 459-462, n° cat. 100