Bilduma online eta irudien salmenta
Portrait of Francisco Eguía y Letona
Avrial y Flores, José María
Madril, 1807 - Madril, 1891
Litografia
30 x 22 cm (papera) 23,7 x 19 cm (orbana)
c. 1827-1838
XIX. Mendearen bigarren laurden
82/711
Bilboko Arte Ederren Museoa
1819. urtean Madrilen fundatutako Establecimiento Litográfico del Depósito Hidrográfico erakunde publikoak lehen aldiz eman zien espainiar artista askori eta askori, tartean Goyari, litografiaren teknika berriarekin lan egiteko aukera.
Aipatu erakundearen jarduerak 1825ean bertan behera geratu baziren ere, Hamarraldi Gaitzesgarriaren urte nahasietan (1823-1833), beste bi erakundek eman zioten segida hark abiarazitako lanari, Establecimiento litográfico del Depósito General de la Guerra delakoak eta, bereziki, Madrilgo Real Establecimiento Litográfico deituak.
Fernando VII.ak 1824. urtean sortua, Establecimiento Litográfico 1826. urtean hasi zen jardunean, Espainiako Erregearen koadroen Bilduma litografikoa osatzea izan zen lehen egitekoa, eta José de Madrazo izendatu zuten lan hori gidatzeko. Atzerriko eta Espainiako artista askok parte hartu zuten lan horretan, horien artean Avrial Floresek. Egile horrek berak parte hartu zuen Establecimientoren bigarren litografia sail handian, Colección de Vistas de los Sitios Reales y Madrid izenburuko Bilduman, alegia. Gainera, El Artista (Madril, 1835-36) aldizkariko kolaboratzailea izan zen irudigile gisa. Aipatu aldizkaria izango zen Real Establecimientok egindako hirugarren lan litografikoa, agian guztietan garrantzitsuena. 1838an itxi zituen ateak betikoz.
Francisco Eguía y Letonaren Erretratua Establecimientoren beste jardueretako baten lagina da. Izan ere, omentzeko eta propaganda egiteko erretratuak eta irudiak landu zituen, Fernando VII.a hil zen arte (1833) betiere errege horren absolutismoaren zerbitzura egon zirenak. Eginkizun politiko horren barruan kokatu behar da obra hau. Avrial Floresek Francisco Eguíaren erretratua landu zuen, Francisco politikari nabarmena izan baitzen eta armada absolutistako jeneral zorrotza, Afrikan, Ameriketan eta Europan barrena kanpaina ugaritan jardunda ibilbide militar distiratsua egina baitzen. (Javier Novo González, 2007)
Bibliografia hautatuta
- Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 38-41, n° cat. 202.