Bilduma online eta irudien salmenta
Patioa
Rusiñol I Prats, Santiago
Bartzelona, 1861/02/25-Aranjuez (Madril), 1931/06/13
Olioa mihisean
47,5 x 73,5 cm
S. Rusiñol (eskuineko beheko angelua)
c. 1887
82/2437
José Alejandro de Muzquiz jaunaren dohaintza 1950ean
Rusiñol-ek Montmartren izan zuen garai ospetsuena baino lehenago egindako gai arrunten sail batekoa da orain mintzagai dugun koadro hau. Interesik gabeko patio bat erakusten du, inolako zerikusirik ez duena garai hartan artista arrakastatsu batzuek margotzen zituzten patio alai eta folklorikoekin. Margolan honetako elementu bakar batek ere ez du inolako distirarik izan nahi; bertan protagonistaren bat baldin badago eskailera arrunt bat da, koadroa zentratzen duena, konposizioaren hondoan; manta pare bat daude eskailerak duen eskudel soiletik zintzilik, eta azpian trasteak besterik ez dago. Margolanaren ezkerraldean, berriz, moldurarik gabeko hiru zutabe xumek adierazten dute goian beste solairu bat dagoela; aipaturiko eskailera horretatik igotzen da hara. Nota kartsu bakarra eguzkia da, eremu haren zati bat argitzen duena, koadroaren bigarren mailan argi ukitu bizia emanez. Lehen maila, hutsa, itzalean dago ordea.
Urte haietan erakusketa gutxitan hartu zuen parte Rusiñol-ek, eta oso obra gutxi erakutsi zituen. Hala ere, litekeena da, artistak Bartzelonako Pares Aretoan 1887. urtean egindako erakusketa kolektiboan, Racó de món (Munduko bazter bat) izenarekin erakutsitako obra izatea patio bazter hau. Apeles Mestres idazle eta marrazkilariak obrak berez barne zakarra zuela adierazi zuen LEsquella de la Torratxa aldizkarian, hartan hauxe adierazi baitzuen: zer arraiok maiteminduarazi ote du munduko bazter harekin, ordaindu ere egingo bailuke batek baino gehiagok hartan ez sartu behar izateko.<0}
Margolaria krisi pertsonaleko garaia bizitzen ari zen une hartan. Alde batetik, 1886. urtean Lluïsa Denís, Kataluniako burgesiako neska gaztearekin ezkondu zen bere familiaren iritziaren aurka, berak baino gizarte maila txikiagoa baitzuen, eta laster hasi zen ezkontza harremana hondatzen. Bestalde, Rusiñol bere margolari bokazioa finkatzen ari zen, eta horrek ere atsekabetu egiten zuen familia, familiako industrian lan egitea nahi baitzuten. Krisia amaitu zen Rusiñol hainbat artista lagunekin harremanak izaten hasi zenean, haiekin bidaiak egin eta gozatzen baitzuen. Azkenean, Parisa joan zen 1890. urtean, emaztea eta adin txikiko alaba utzita, eta bederatzi urte geroago arte ez zen itzuli.
Hau bezalako obrak garrantzitsuak dira, erakusten dutelako Rusiñol naturalismoan jada erabat murgildurik zegoenean joan zela Parisera. Estilo hori modernitatearen erakusgarri zen garai hartan, artearen merkatuan garaile zen anekdotismoaren edo pompier errealismoaren aurka, hura ere oso presente baitzegoen garai hartako Kataluniako margolaritza munduan. Rusiñol-en naturalismo goiztiar hori, gero Parisen egingo zuena baino gordinagoa zen, ez hain landua, han halako ohitura poetiko bat hartu baitzuen bere pinturak, artistari, jada libre, artearen munduko hiriburu mitikoan eta oroitarazlean bizitzeak eragiten zion liluraren ondorioz, inolako zalantzarik gabe.
Bibliografia hautatuta
- Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 105. (Con el título Patio).
- En el umbral de la modernidad : I Centenario del Diario de Burgos : 1891-1991 [Cat. exp.]. Burgos, Diario de Burgos, 1991. p. 35.
- Laplana, Josep de Calassanç. "La peça del mes : Pati de Sitges (1891) Santiago Rusiñol i Prats", Bulletí informatiu, n° 20. 1995. pp. 4-5.
- Laplana, Josep de Calassanç. Santiago Rusiñol : el pintor, l'home. Montserrat, Abadia de Montserrat, 1995. p. 482. N° cat. 4.2.1
- Laplana, Josep de Calassanç ; Palau-Ribes O'Callaghan, Mercedes. La pintura de Santiago Rusiñol : obra completa. Barcelona, Mediterrània, 2004. vol. 3, pp. 29, 245, n° cat. 4.2.1. (con el título Racó de pati)
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 222-223, n° cat. 57.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 222-223, n° cat. 57.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 222-223, n° cat. 57.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 494-496, n° cat. 110.
- El Modernismo : de Sorolla à Picasso, 1880-1918 [Cat. exp.]. Laussane, Fondation de l'Hermitage, 2011. pp. 58, 156, n° cat. 65.
- Ramón Casas : la modernidad anhelada [Cat. exp.]. Barcelona, 2016. p. 90, il.