Pateradun Atena - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Pateradun Atena

Anonimoa, I-II. mendea, K. a.

Brontzea

7,42 x 4,46 x 1,61 cm

82/846

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Zutik dago irudi hau. Eskuineko hanka zuzenean hartzen du atseden eta ezkerrekoa aurrerantz du tolestuta, oinaren punta ageri du arroparen azpitik. V formako lepoa eta mahuka luzeak dituen tunika batez dago jantzita, gainean mantu handia du, ezkerreko sorbaldatik behera zuzen erortzen dena eta gerriaren eskuinaldetik biltzen dena toles diagonal nabarmenak sorraraziz. Bularrean, sorbaldan eta bizkarrean antzematen diren kono formako hiru irtengunek argi eta garbi salatzen dituzte babesgarriak, irudiaren perimetroko apaindura osatzen dute. Bularraren erdialdean gorgoneionaren forma nabari da ozta-ozta. Ezkerreko besoa altxatuta du, eskua erdi itxita, lantza baten hagari eutsiko zion. Eskuineko besoa aurreratuta du, eskua zabalik, gopor bati helduko zion. Proportzioz egokia da burua, hazpegiak harmoniatsuak, adatsak mugatuta. Ileak kiribil batean ditu bilduta, kaskoak inguratzen du kiribila, eta kaskoak hautsita du bere gainaldea. Eskuineko eskuari begira dago irudia.

Aurreko irudiaren antzekoa da honakoa, ongi landuta dago, erromatarren garaikoa da. Konposizio berdina erakusten duten espainiar piezen artean bada bat kaskoa osorik kontserbatu duena, peploz jantzita dagoena eta manturik ez duena, Granadako Museo Arkeologikoan dago, Daimuz el Alto (Granada) andaluziar landetxean aurkitu zuten. Antzeko beste pieza bat kontserbatzen da A Coruñako Belas Artes Museoan, honakoa Insuan aurkitua (Sobrado dos Monxes, A Coruña). Antonio Vives Escudero jaunak antzeko irudi bat eskuratu zuen, Caballero Infante de Sevilla bildumatik etorria zen, eta goporra kontserbatzen du eskuineko eskuan. Erromatar-portugaldar brontzeen inbentarioan gisa honetako beste bi irudi daude.

Ikonografia bereko beste ale bat dago Veronako Museo Arkeologikoan (A4, 234. Inb. zk.), kaskoaren gainaldea kontserbatzen du eta goporrari eusten dio eskuineko eskuaz. Fidiasen Atena Promakosen jarrera bertsua ageri duenez, guk uste dugu eguneroko kultuarekin lotuagoa den jarduera baterako erabili izan zela, hots, ez zuela ikonoaren jatorrizko zentzua izan. Louvre Museoan dagoen molde bereko beste pieza batean nabarmendu egiten dira gorgoneionaren xehetasunak, eta kaskoak gainalde nabarmena du, luma mototsa dirudi, ertzak uhin formakoak. Bostongo Arte Ederren Museoan bada ezaugarri ikonografiko bertsuak dituen brontze bat, oso ongi landuta dago. Ustez sakrifiziorako gopor bat izango zuen eskuineko eskuan, horregatik du babesa ezkerretarantz eramana, jarrera borrokalaria bazter utzi duela erakutsiz. Aitzitik, ez da horrelakorik gertatzen gure piezan, babesgarria erdi-erdian baitu.

Atenaren irudikapen mota hau zabalduena da erromatarren garaiko arte plastiko txikian. Halako irudiak etxeko jainkoak eta jainkosak gurtzeko erabiltzen ziren, Atenak zeregin ugari betetzen baitzituen jakintzaren jainkosa zelako eta Zeusen bitartekari. Hain zuzen ere izaera horrek justifikatzen du zehatz kokatutako aurkikuntzak, esate baterako lehen adierazitako espainiar piezak, leku apartatuetan egin izana, erromatar arteak oso presentzia txikia zuen lekuetan. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 119-122, n° 7.