Paristarra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Paristarra

Guinea, Anselmo

Bilbao, 1855/05/18-Bilbao, 1906/06/10

Grafitoa

24 x 16 cm

A. Guinea (eskuineko beheko angelua)

c. 1892-1895

XIX. Mendearen azken laurdena

82/2331-7

1982an eskuratua

Guinearen lan metodoaren arabera obra bat osatu baino lehen zirriborro asko eta asko egiten zituenez, harritzekoa da artista honen zeinen marrazki kopuru txikia kontserbatu den. Are harrigarriagoa da autonomotzat jo daitekeen lan bat aurkitzea, hau da, egun ezagutzen diren lan gehienei dagozkien apunte kaieretatik kanpora halako izaera berezia duen lan bat aurkitzea. Paristar neska izenburukoa da horietako kasu berezi bat. Egileak Parisen jaso zituen eraginen adibide ederra da, izan ere, Parisen egin zituen bi egonaldietako batean landuko zuen honakoa. Marrazketa arina da, bihurgunetsua, eta gaztearen aurpegia behetik eta modu ezberdinean eta artifizialean argitzen duen argian Degasen kabaretetako eta kafetegietako abeslariak irudikatzeko moldeak antzematen dira. Emakume modeloari dagokionez, Guineak garai bertsuan landutako Moulin Rouge, Place Blanche eta Moulin de la Galette bezalako margolanetan erabilitako emakumeak gogorarazten ditu.

Julio Encisok hogei urtetik gorako epean bildutako albuma osatzen du Paristar neska izenburukoak. Bilboko lehen instantziako epaitegiko aktuario izateaz gain, garai hartan lehen urratsak egiten hasi ziren euskal kultur foroetan lan handia egin zuen Encisok XIX. mendearen azken herenean. Era berean, kolaboratzailea izan zen Euskal Herriko, Madrilgo eta Kataluniako garaiko aldizkari batzuetan, eta haren nekrologian "gure Hiriko gizon kultuenetakoa eta edertasunaren maitale handienetakoa" gisa azalduko zen.

XIX. mendean zabalkunde handia izan zuten albumak mota askotakoak izan zitezkeen, beti ere berauek sortzeko arrazoiaren edo edukiaren araberakoak. Album bat data jakin batean egin zitekeen pertsona garrantzitsu bati oparitzeko, edo kasu honetan bezala, bizialdi oso batean osa zitekeen era guztietako oroitzapenekin horniturik; beraz, Encisok musikariekin, idazleekin eta artistekin izandako adiskidetasunaren lekukotasun aparta da honako album hau. Artista horien artean daude Mariano Benlliure, José Bringas, Félix Borrell, Jorge Busato, José Etxena, Antonio Hoffmeyer, Juan Iturralde y Suit, Agustín Lhardy, Narciso Méndez Bringa, Gaspar Núñez de Arce, Maximino Peña, Cecilio Plá eta Alejandro Saint-Aubin. Paristar neska izenburuko lana jartzeaz gain, albumeko pieza zaharrenetako baten egilea da Guinea, itsasbazterreko zirriborro sotila, lau koloretan egina, 1881eko 3an Erromarako bigarren bidaiari ekin baino pixka bat lehenago landua. (Mikel Lertxundi Galiana, 2012)

Bibliografia hautatuta

  • "Un álbum de autógrafos recientemente adquirido por el Museo", Urtekaria 1982 : asterlanak, albistak = Anuario 1982 : estudios, crónicas. 1983. pp. 5-28.
  • Arenaza Urrutia, José María. Anselmo Guinea, 1854-1906 : un pintor para la modernidad. Bilbao, Fundación BBK Fundazioa, 2006. p. 29.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 210-211, n° cat. 260.
  • Anselmo Guinea, 1855-1906 : los orígenes de la modernidad en la pintura vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 190-192, n° cat. 53.