Bilduma online eta irudien salmenta
Parisko 1889ko Erakusketa Unibertsala
Rochelt, Juan
Bilbao, 1858/08/18 - Bilbao, 1907/07/19
Luma-muturra eta arkatza
20,6 x 13,3 cm
c. 1890-1899
01/3
2001ean eskuratuta
Euskal artisten modernitatera igarotze hori kontatzerakoan, artearen historiako izen handiekin (Degas, Gauguin edo Rodin, esate baterako) lotzeko joera izan da beti, eta ahantzi egin dira bigarren mailako beste sortzaile batzuk, haiekin askoz ere harreman estuagoa izan bazuten ere askotan, eta estetika mailan haiekiko zuten zorra nabariagoa bada ere. Horixe da Jean-François Raffaälliren kasua, XIX. mende amaierako zenbait euskal margolarirengan eragina izan zuten pertsonaia horietako bat baitzen.
Lehen hartu-emana Adolfo Guiard-en bidez izango zuten, Raffaälli, Jean-Louis Forain eta Federico Zandomeneghirekin batera, Degas-en jarraitzaile ezagunenetako bat izan baitzen, bilbotarraren ikaskuntzekin loturiko artista hura ere. 1886. urtean Bilbora itzuli zenean, Guiard-ek bi liburu ekarri zituen Paristik, Forain-ek eta Raffaällik ilustratuak, sinatuak eta eskainiak.
Handik urte gutxira, 1890eko hamarkadaren hasieran, Ignacio Zuloagak eta Anselmo Guineak, Raffaällik urteak lehenago hiriburuko auzo pobreetako biztanleei eskainitako ekoizpenaren eragina jasan zuten Parisen. Obra haietan eskaleak, tximinia garbitzaileak eta hiriko munduaren mugetako trapu saltzaileak ziren protagonistak. 1892ko udaberrian, Parisen egin zuen egonalditik bueltan, margolari frantsesaren marrazki bat ekarri ere egin zuen Guineak.
Juan Rochelt margolaria da Raffaälliren eragina nabari zaion laugarren euskal artista. Egin zuen marrazki ekoizpen handian, jatorrizko batzuez gainera, margolari frantsesaren ilustrazioen kopia ugari daude, eta horrek iradokitzen du harreman zuzena izango zutela biek. Horrez gain, sinatzeko orduan, Rochelt-ek askotan inizialak erabiltzen zituen, Raff-enarekin mimesia izan nahian: TMJFR, JRA bilakatu zen. Izan ere, Museoko bilduman kontserbaturiko hiru marrazkietatik, orain arte haren ilobak, José Rochelt margolariak, eginak zirela uste bazen ere, bi bederen kopiak dira, haietako batean ageri den inskripzioak: "de Raffaelli", adierazten duen bezala.
Liburuen eta aldizkako argitalpenen ilustratzaile oparoa izan zen Raffaälli, eta Rochelt Parisera noiz joan zen zehatz jakitea zaila bada ere, mintzagai ditugun marrazki hauek barne egongo liratekeen bi ilustrazio sailei erreparatzen badiegu, 1889. urte inguruan iritsi zela pentsa dezakegu. Lehenengoan, bikote bat ageri da etxe txiki baten aurrean; Parisko aldirietako auzo pobreetako (banlieue) eraikinetako bat izan daiteke eta Parisko Les types ereduetan Émile Zolaren, Guy de Maupassant-en edo Edmond de Goncourt-en (1889) testuak ilustratzen zituzten Raffaälliren marrazkiekin lotu genezake. Bigarrenak zalantza txikiagoak eskaintzen ditu sustraiei dagokienean, frantsesak La Revue de l'Exposition de 1889 (1889) erakusketarako egin zituen ilustrazioetatik kopiatuko baitzuten segur aski. Altzairuzko egitura baten ondotik igarotzen ari den jende multzoaren eszena, berriz, egitura errematxez apaindua eta banderatxoekin, hiru kolorekoak suposatzen dugu, urte hartako Erakusketa Unibertsalari buruz argitaratu zituen ikuspegiekin lotua dago argi eta garbi. Hirugarren marrazkia, kontuan izanik hartan ageri diren molde paristarreko irudiek ere -neskatilarenak bereziki- Raffaälliren eragin handia dutela, Rochelt-ek Parisen naturaletik hartutako zirriborroa nahiz beste kopia bat izan liteke. (Mikel Lertxundi Galiana, 2009)
Bibliografia hautatuta
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 50-53, n° cat. 13.