Bilduma online eta irudien salmenta

Paper-kutxa, peonia eta txikoriarekin
Anonimo japoniarra. XIX. mendearen amaiera-XX. mendearen hasiera
Lakatua
4,7 x 19,2 x 26,2 cm
XIX-XX. Mende amaiera
82/1096
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Kaxa angeluzuzena. Eskuizkribuak gordetzeko kaxen tipologiari (sikisibako) erantzuten dio. San-buta deitu motakoa da, hau da, taula soil bat du estalki gisa, barruko aurpegian bi listoi txiki dituena kaxaren gorputzarekin tope egiteko. Laka beltzez tratatuta dago oso-osorik. Estalkiko dekoraziozko motiboa osatzen dute peonia batek eta txinatar lehoi batek. Txinatar jatorriko ikonografia tradizionala da. Tradizioaren arabera, badu ahulgune bat animalien errege lehoiak: erasotzen duten bizkarroiak (haren etxe barruko etsaitzat har litezke). Peonietan pausatzen den gaueko ihintza du botika bakarra. Horregatik ageri ohi dira animalia hori eta lore mota hori beti elkarrekin.
Dekorazio osoa lantzeko, egileak nakarrezko eta hezurrezko zatitxoak, batzuk landuak, txertatu zituen gainazalean, edo koloreztatutako animalien adar zatiak, petaloen, hostoen eta lehoiaren gorputz atal ezberdinen formetara egokiturik. Azken emaitza oso koloretsua da, makie teknikaren bidez lantzen diren irudi urrekarak ez bezalakoa. Gisa honetako apaindura oso erabilia izan zen XVIII. eta XIX. mendeetan Nagasakiko laka lanetan, Europara esportatzekoak ziren piezetan, eta Meiji Aroan ere halakoak lantzen jarraitu zuten Japoniako beste leku batzuetan. Hain zuzen ere aro horretan landua da obra hau kontinente zaharreko japoniar modaren jarraitzaileen apetak asetzeko. (Yayoi Kawamura, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 421, 532, 536, 538, n° cat. 137.
- Torralba Soriano, Federico. Estudios sobre arte de Asia Oriental. Zaragoza, Prensas Universitarias de Zaragoza, 2008. pp. 91-92, il.