Bilduma online eta irudien salmenta
Oturuntza landan, edo Atsedena
Arrue, José
Bilbao, 1885/09/01-Laudio (Araba), 1977/04/05
Urkolorea paperean
36 x 39,7 cm
José ARRUE (eskuineko beheko angelua)
82/90
1936an eskuratua
Oturuntza landan da margolan honen ifrentzuan ageri den izenburua, segur asko egileak berak idatziko zuen. Izenburu horrekin aurkeztu zen 1922ko Buenos Airesko Müller Erakustazokan izandako erakusketan eta, geroago, 1928ko uztaila eta azaroa bitartean, Arruek Argentinan egin zuen egonaldian, Buenos Airesko Artearen Lagunak Elkartean, La Razón egunkariak Córdoban dauzkan lokaletan, Montevideoko Moretti, Catelli eta Mazzuchelli galerian eta azkenik, Rosarioko Witcomb Aretoan izandako erakusketetan. Aitzitik, Atsedenaldia izenburuarekin sinatuta azaltzen da artistak izenpetutako ordainagirian Arte Ederren Museoak 1936. urtean erosi zionean.
Kolore gris ertaineko Ingres paper berjuratuan egina da, horregatik ageri du margolan honek halako tonalitate grisa. Euskarria pixka bat agerian geratzen da koloreen arteko mugetan. Esate baterako, zuhaitz adarretan eta hostoetan antzematen da, baita irudietan ere -paisaia baino landuago dauden arren-, azken horietan grafitoz egindako marrazkia ere hauteman daitekeela. Haragi koloreetan itzalak sortzeko, paperaren kolorea ikusten utziaz lortu zuen egileak modelatua. Argiak pintura ia lehorrarekin egindako ukitu arin batzuekin nabarmentzen dira, eta itzal batzuk aurreko marrazkia egiteko erabilitako arkatz bera baliatuz eginak dira. Aitzitik, kolore lauko eremuekin landua da paisaia, eta tamainan txikitzen doazen belar metek sendotu egiten dute sakontasunaren irudipena. Argi-ilunaren eta marraren tratamendu sotilak eta irudien antolamendu egokiak dotoretasun handia ematen diote margolan honi. Jose Arrueren beste lan batzuetan nabarmena den ironia alde batera utzirik, pasarte lasai honetan, eguzkia goi-goian dagoen unean, baserritar familia bat ikusten dugu paisaia eder batean. Sinbolismoaren estetikara hurbiltzen dira baserritar horiek irudikatzeko modua eta erabilitako kolore multzoa. (Jose Luis Merino Gorospe)
Bibliografia hautatuta
- Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 21. (Con el título Merienda en el campo).
- Larrínaga, José Antonio. Los cuatro Arrue : artistas vascos. Bilbao, [s. n.], 1990. pp. 96, 106, 108, 114.
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 218-219, n° cat. 89.