Bilduma online eta irudien salmenta
Olagizonak
Luna y Novicio, Juan
Badoc (Filipinak), 23/10/1857-Hong Kong (Txina), 1899
Olioa mihisean
40,5 x 61 cm
LUNA (eskuineko beheko angelua)
c. 1893
69/158
Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an
Luna 1893. urtean iritsi zen Bizkaira, eta zur eta lur utzi zuen burdina urtzeko fabrika bat bisitatu zuen. Eta hain zuzen ere Bizkaian aurkitu zuen bi urte lehenagotik ezagutzen zituen giro itogarri horiek, erabat liluratu zuten giro horiek, oihalera ekartzeko leku egokiena. Hiriburuan, Bilbon, José María Martínez de las Rivasen (1850-1916) eta batik bat Víctor Chávarriren (1854-1900) lagun egin zen, biak ala biak funtsezko pertsonaiak Euskal Herriko industrializazio prozesuan eta Bizkaiko Labe garaietako aitak. Chávarriren etxebizitzarako, enpresaburu biek bultzatzen zituzten kontuez arduratuta, Fundición La Vizcaya fabrikan (Chavarrik landutako enpresa ekimen handiaren emaitza) girotutako Isurtzea eta Laminazio Tailerrak irudikatzen dituzten bi oihal handi landu zituen. Margolan horietan, mezenasek hala eskatuta, Lunak beharginak bihurtu zituen protagonista, garai hartan Chávarri engaiatua zen gizartearen aurreko sentsibilitatearekin bat eginik. Honenbestez azaltzen zuen Lunak berak bere lagun ministro Balaguerri 1893ko uztaileko datarekin igorri zion gutunean: Fundición La Vizcaya fabrikan ari naiz lanean, bertan bildutako kapitalari eta giza talentuari onena aterako diedalakoan nago. Bi margolan handi horiekin zerikusia duten Filipinetako margolari honen beste lan batzuk bildu dira, eta aipatu obretarako zirriborroak eta lehen estudioak ez badira, Lunak aipatu lanbide gogorraren aurrean erakusten zuen gertutasunaren erakusgarri garbiak dira. Gainera, Bilbon egin zuen egonaldiaren garaiko datak dauzkate zirriborro eta prestakin lan horiek. Filipinetako ekonomista Bibiano L. Meerren bilduman Bilboko Labe Garaien marrazki bat behar zuen arkatzez egina, eta Lunaren bilobaren bilduman, New Yorken, Labe Garai horiek eredu hartuta landutako lau zirriborro txiki bereizi ziren. Gainera, bere eduki ikonografikoa kontuan harturik, Bilboko Arte Ederren Museoan dagoen margolana gehitu behar zaio emari horri.
Margolan honetan bi behargin ikusten ditugu sutegi baten aurrean lanean, metal urtua moldera ekartzen ari dira, eta beraz, margolan honen argudioak bat egiten du Chávarrirentzat landuko zituen bi oihaletako baten gaiarekin; aldi berean, Lunak jarduera horri gertutik erreparatu ziola geratzen da agerian. Bestalde, Adolf Menzelek (1815-1905; Moderne Cyklopen, Alte Nationalgalerie, Berlin) bi hamarraldi lehenago landu zuen oihal handia, Europa osoan ospe handia lortuko zuen oihala, gogorarazten du. Hala eta guztiz ere, funtsezko alde bat dago alemaniar maisuaren obraren eta Filipinetako margolariarenaren artean. Menzelek urtzaileen industria inguruaren deskribapen zehatza landu zuen bitartean Lunak beharginek egiten zuten lanaren ekintza fisikoan jarri zuen arreta osoa, jarduera horrek erabat liluratuta baitzegoen. Zirriborro bat balitz bezala bitarteko gutxirekin landua, lanean ari diren bi olagizonen irudia nabarmentzeko balio dute Filipinetako margolariaren pintzelkaden ukitu bereziak eta, batik bat, margolari honen obra ezaugarritzen duen koloreen arbitrariotasunak; gainera bizitasun plastiko handia ematen diote margolanari. Erreferentziarik iradokitzen ez duen hondo beltz baten aurrean, beren lan gogorrean ari dira bi behargin, eszenako protagonista bakarrak dira, metal gori urtuari darion beroak kiskalita daude, erdi biluzik, beren osotasuna zainduko duen babesgarririk gabe, aldi berean beren lan heroikoa eta erabateko zaurgarritasuna agerian utzirik. Bi beharginen aurpegiak eta gorputzak argitzen dituzten pintzelkada biziak --metal goriaren distiraren isla mimetikoak-- eta isurtzen den burdinaren zipriztinen oxido distiratsuen gaineko kolore nabar lakarrak dira eszenan nagusitzen den beltzarekin bat ez datozen tonalitate bakarrak Lunak Bilboko dirudunen areto aberatsetan zintzilikatzeko xedean landu zituen konposizio handietan baino askoz ere modu pertsonalagoan itxuratutako irudi honetan. [Carlos G. Navarro, 2008]
Bibliografia hautatuta
- Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 53, n° cat. 213. (Con el título Los ferrones, y atribuido a Juan Luna y Novicio)
- Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 71, n° cat. 158. (Con el título Los ferrones, y atribuido a LUNA Y NOVICIO, Juan).
- Pintura española de la era industrial : 1800-1900 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Arte y Tecnología, 1998. pp. 197-198.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 416-419, n° cat. 86.
- Clark, John. The Asian Modern. Singapore, National Gallery Singapore, 2021. pp. XVI, 92-93, il.