Neskatila biren erretratua paisaia batean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Neskatila biren erretratua paisaia batean

Esquivel y Suárez de Urbina, Antonio María

Sevilla, 08/03/1806 - Madril, 09/04/1857

Olioa mihisean

114 x 89,5 cm

A. Esquivel (eskuineko beheko angelua)

1831

87/29

1987an eskuratua

Madrilen 1831n datatua, margolan hau esanguratsua da Gortera iritsita Esquivelek zalantzarik gabe landu zuen aurrenekoa delako, Madrilgo kritika arrakastatsuak biltzen hasi baino lehenagokoa. Horrenbestez, margolan honek eman zion hasiera egilearen bigarren ekoizpen aldi zorrotzagoari eta lehiakorragoari. Aitzitik, 1838an jasandako itsutasunak emango zion amaiera tristea aldi horri.

Mendiko paisaia irekian, irribarre lasaia ageri dute lehen planoan dauden bi ahizpak, antzera jantzita daude, eserita bata eta zutik bestea. Antzeko soinekoa dute biek, kolore ezberdinekoak baina, paparrak sorbaldetaraino irekiak, nesken adin txikiari egokitutako brodatu lan bakunez apainduak, polainak gonen azpitik ageri direla. Hazpegietan antz handia dutenez, margolariak sfumato ari batez fin-fin deskribatu baititu, eta antzeko soinekoak eta orrazkera dituztenez, ahizpa bizkiak izan daitezke. Neskatoek konpainiako animalia bana dute, kardantxilo bat batek eta txakur bat besteak --Esquivelek trebeki baliatzen ditu horrelakoak bere errepertorioan--, irudikatutako haurren babesgabetasun biguna azpimarratzeko edo. Marrazketa egokiko margolan honetan aipagarria da argiaren urre koloreko intonazioaren eragina, estetikaren bikaintasunari bagagozkio Murillorekin hezitako bati, esate baterako Andaluziako pintoreari, dagokion bezala.

Etxeko animaliek eta ahizpen arteko keinu goxo eta amultsuek, baita margolanaren planteamendu orokorrak, aukera ematen dute XIX. mendearen lehen erdialdeko Andaluziako pinturan ingelesen gustuen eta ohituren eragina antzemateko. Zentzu horretan, Esquivelek urte horietan joera hori Gortera eramateko bitartekariarena egin zuen nola edo hala, haren ospeak eragin erabakigarria izan baitzuen eredu erromantiko arrakastatsueneko erretratuen langintzan. Eredu horiek inolako aurreiritzirik gabe egin zituzten bere Esquivelen aurkari estetiko sutsuenek, esate baterako Luis de Riberak (1815-1891), nazaretar sustraiko mintzaira puristagoari egokitu baitzizkion.

Ez da harritzekoa Madrilera iritsi zen urte berean Esquivelek honakoa bezalako erretratu garrantzitsuak landu izana, eskaini zion laguntza ekonomikoaz gain, hiriburuko andaluziar edo ingeles jatorriko pertsona aberatsen zirkulu jakin batzuetan ezagutaraziko baitzuen Williamsek margolariaren ospea. (Carlos G. Navarro)

Bibliografia hautatuta

  • Arnáiz, Jose Manuel [dir.]. Cien años de pintura en España y Portugal, 1830-1930. Madrid, Antiquaria, 1988. p. 343.
  • Gállego, Julián. "Bilboko Arte Ederren Museoak eskuratutako antxinako artelanak, 1980-1992 = Adquisiciones de arte antíguo en el Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1980-1992 [Folleto]", Guía de Exposiciones, n° 181. 1993. n° cat. 11.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 52-53, n° cat. 5.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 52-53, n° cat. 5.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 52-53, n° cat. 5.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 136-137, n° cat. 12.