Bilduma online eta irudien salmenta
Natura hila otarrainarekin
Asarta, Inocencio
Gastiain, Nafarroa, 28/12/1861 - Bilbao, 06/06/1921
Olioa mihisean
60,8 x 76,4 cm
I. Asarta (eskuineko beheko angelua)
c. 1905
82/941
Bilboko Arte Ederren Museoa
García Asartak margotutako natura hilak, eta hau da horien adibide garbia, euskal kostaldeko arrain, krustazeo eta moluskuen erakusgarri bikaina dira; eta horiexek dira, gainera, artistak margolan kostunbrista askotako mihisean margotu zituen gizon eta emakumeen biziraupenerako lehengaiak. Zenbaitean, itsasoaren eta arrantzarenganako grina horrenbestekoa zen, ezen itsas hondoa ere irudikatu zuen noiz edo noiz, mihise pare batean gutxienez (c. 1898-1911, bilduma partikularra).
Natura hila otarrainarekin lanean kromatismo beroa nabarmentzen da; oso aberatsa da xehetasunei dagokienez, eta pintzelkada solteaz egina. Okre eta krema koloreen paletan otarrainaren gorriak nabarmentzen dira, bai eta beste animalien arrosa koloreak, grisak eta ukitu moreak ere. Hostoen berdeek kontraste ukitu bat ematen diote lanari. Pintzelkada doitua da, baina ez oso oretsua, eta marrazkia eta naturari eskaintzen dion arreta nabarmenak dira, bai piezetan bai osagarrietan; kolorea modu soltean aplikatzen da, freskotasun handia emanez multzoari. Konposizioak, dinamika diagonal baten inguruan, zabaltasuna ematen dio natura hila erakusten den mahaiaren gainazalari.
Margolan hau Natura hila sardinekin (1905) lanarekin lotu behar da, bai gaiari dagokionez bai estetikari eta konposizioari dagokienez. Horregatik, Natura hila otarrainarekin lana urte inguru horretan datatu behar da. García Asartaren garai horretako lanetan ohikoa zen euskal kostaldeko arrantza munduarekin lotzen du horrek. Genero horrek erakarria, ondorengo urteetan ere jarraitu zuen berau lantzen, eta taldeko hainbat erakusketatan erakutsi zituen bere lanetako batzuk, besteak beste, 1913an Tolosan egindako erakusketan (orduko hartan, beste hainbat margolanen artean, Arrainaren estudioa) edo 1920an Eusko Ikaskuntzaren Bigarren Biltzarra zela-eta antolatutako erakusketa batean (Iruñean), beste hainbat natura hilekin batera. [Ignacio Urricelqui]
Bibliografia hautatuta
- Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. p. 42-43.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 490-492, n° cat. 109.
- Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. pp. 42-43.
- Itsasoa artean, itsaroaren artea : Bilboko Arte Ederren Museoko Bilduma = El mar en el arte, el arte del mar : colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa-Museo Marítimo Ría de Bilbao, 2010. pp. 25, 73.
- Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. pp. 42-43, n° cat. 18c.