Namban estiloko kutxa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Namban estiloko kutxa

Anonimo japoniarra. XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera

Inkrustazioa

32,2 x 44 x 24 cm

1580-1630

XVI-XVII. Mendea

82/1472

María de Arechavaleta andrearen legatua, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Kutxa honek kanoi erdiko arkuaren formako estalkia du, urre koloreko kobrezko heldulekuak eta ertz babesak, eta bi tiradera beheko aldean. Aurreko aurpegian eta estalkian bi eszenatan banatzen da azalera. Aurreko aurpegian, udazkenari dagokio ezkerreko irudia: lorategi bat ateekin, hesiekin, astigarrekin eta ezkila-loreekin; eta udaberriari eskuinekoa: gereziondoak loretan eta hiru giza irudi, bi gizon eta emakume bat, zuhaizpean eserita, udaberria bazkari batekin ospatzen, kaxak bete janari, txarro txiki bat sake eta zotzak ondoan dituztela. Estalkian, aurreko aurpegian bezala, udazkenari dagokio eszena; bertan tximino hezle bi ageri dira astigarren azpian. Eskuinekoak berriro ere eramaten gaitu udaberrira, idiak etzanda daude gereziondo batzuen azpian. Oso modu trinkoan daude dekoratuta gainerako aurpegiak, aihen-belarrak, japoniar hirustak, ezkila-loreak, mandarinondoak, paulowniak eta belar bedeinkatuak bereiz daitezke. Estalkiaren barruko aurpegian, kanpoko dekorazio oparoarekin kontraste handia egiten duen hondo zabal eta beltzaren gainean, landare igokarien adar soil batzuk ikus daitezke.
Namban motako laka lanetan ohikoa denez, urrea eta zilarra baliatzen dituen makie lauko teknikaz landua da dekorazioa, eta ugari dira nakarrezko zatiak (raden). Eszenen inguruan, markoarena eginez, era berean tiraderak apaintzen dituzten motibo geometrikoak (erronboak, triangeluak eta zirkuluak) ageri dira. Namban estiloan ez da ohikoa giza irudiak azaltzea. Ezagutzen dira literaturaren mundutik etorritako adibide batzuk, baina kutxa honetako pertsonaien ohiturazko izaera horrek halako berezitasun bat ematen dio pieza honi. Era berean, oso bereziak dira kutxaren barruko ertzei itsatsitako listoi bertikalak, ez dira kutxaren goiko alderaino iristen, eta beraz, barruko azpil bati eusteko izango ziren. Kakego deritzon azpil mota hori oso arrunta da japoniar kaxa zaharretan, ez ordea Europako merkatura bideratutako Namban estiloko kutxetan. Gure ustez, aipatu estilo horren barruan garai aurreratu bati dagozkio giza irudiak erakusten dituzten eszenak eta kutxa tiraderadunak. (Yayoi Kawamura, 2014)