Bilduma online eta irudien salmenta
Nakamura Matsue III.a aktorea
Hokuei, Shunkosai
Japonia, aktibo 1824 eta 1837 bitartean
Xilografia
36,5 x 25 cm
Shunkosai Hokuei (春,江,斎,北,英,)
1832
82/754
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Nakamura Matsue III (1786-1855) izenaz ezagutzen den kabuki antzezlea (bere ibilbide luzean beste izen batzuk ere erabili zituen agertokietan) Osaka eta Kyoto (Kamigata) eskualdeetako antzezlari guztiz ospetsua izan zen, baita Edokoa ere, talentu handia baitzuen emakumeen rolak (onnagata) antzezteko, Naniwa (Osaka) kortesana handiaren izengoitia ere erabiliko zuen bere antzezlanetan. Irudi honetan Yukihira sonarematsu (Yukihira eta haizeak erasotako kostaldeko pinuak) antzezlana antzezten ageri zaigu aktorea. Matsukaze eta Murasame izeneko bi ahizpen istorio baten pasartea kontatzen zaigu. Ahizpek gatza (shiokumi) lantzen dute Suma uhartetxoan. Biak maitemindu ziren irla horretara erbesteratu zen Ariwara no Yukihira olerkariarekin, Heian Aroko aristokraten prototipoarekin. Nakamura Matsue III.ak shirabyoshi deritzon gorteetako dantza lasaia irudikatu du lan honetan, dantzaria pinuen eta kurriloen irudiekin apaindutako Yukihiraren kimono dotorearekin dago jantzita. Buruan zeremonietarako eboshi txanoa du (gorteetako pertsonaiek erabiltzen zuten halako txanoa), eta haizemaile bat du eskuan. Honakoa agurtzeko dantza moduan interpretatu zen Ariwara no Yukihiraren zigorra amaitu eta Heiango (Kyoto) gorte inperialera itzultzeko baimena eman zitzaionean. Antzezlariak bere arbasoei egindako dedikazioa da eskuinaldeko inskripzioa. Ezkerreko testua, berriz, antzezlari beraren olerki bat da, bere izen literarioarekin dago sinatuta (Tokiwa).
Poesia zen kabuki antzezlariek lantzen zituzten zaletasunetatik bat. Halaxe dio poemak: Tamukuru ya / sonare no matsu no / aki no ko (gurera ekarrita, "Udazkenaren xuxurla, pinuen artean, hildakoak gogoan"). Ahapaldiek Matsukaze protagonistari egiten diote erreferentzia, pinuen arteko haizea da izen horren esanahia. Hokueiren argitalpen lan zailetan ohikoa denez, irudi hau oso landuta dago, egileak kalitatezko tintak, metalen hautsak eta gofratu efektu bikainak erabili ditu. (David Almazán, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 326-327, n° cat. 99.