Bilduma online eta irudien salmenta
Milizianoen Umezurtzen Etxerako dekorazio proiektua
Martínez Ortiz de Zárate, Nicolás
Bilbao, 1907/02/03-Madril, 1990/12/22
Akuarela, gouache eta grafitoa kartoiari itsatsitako paperean, eta gouache kartoian
67,8 x 94,5 cm
Martínez Ortiz
1936
82/2306
Bilboko Arte Ederren Museoa
Gerra Zibilak era askotako eraginak izan zituen euskal sortzaileengan. Askok alde bateko ala besteko jarrera hartu zuten, eta batzuek borrokan parte hartu ere egin zuten beren propaganda sailetan lanak eginez edo beren artea erakundeen zerbitzura jarriaz.
Gatazkaren hasieran gertatu zen jarduera kolektibo aipagarrienetako bat, 1936. urte hasieran, Euskal Artisten Elkarteko batzorde batek, Isidoro Guineak, Antonio Guezalak, Manuel Basterrak eta Nicolas Martínez Ortizek osatua, Gizarte Laguntzako kontseilariari bere burua eskaini zionean Milizianoen Umezurtzen Etxea artelanekin eraldatzeko, leku "atsegin eta eder" bilaka zedin, "bertan haurrak daudenez hala behar baitu". Bilbotik alde egin ez zuten bazkideek elkar hartu zuten proiektu haren inguruan eta hilabete baino gutxiagoan burura eraman zituzten beren proposamenak. Elkartearen lokaletan ere oso azkar erakutsi ziren lan haiek abenduaren 4an. Honako margolari hauek lagundu zuten lan hura aurrera eramaten: Alberto, José eta Ricardo Arrue, Félix Arteta, Antonio Guezala, Isidoro Guinea, Víctor Landeta, Ángel Larroque, Nicolás Martínez Ortiz, Lucio Ortiz de Urbina, Julián Tellaeche eta Jenaro Urrutia, eta baita Manuel Basterra, Moisés Huerta, Federico Sáenz eta Joaquín Lucarini eskultoreek ere.
Margolariek honela banatu zituzten apaindu beharreko eremuak: Guineak, Tellaecheak eta Alberto Arruek jantokietako zirriborroak egin zituzten; Ortiz de Urbinak, Landetak eta Ricardo Arruek, hall-ekoak, eskaileretakoak eta atarteetakoak; Urrutiak eta Martínez Ortizek aretoetakoak; Guezalak eta Jose Arruek korridoreetakoak; Larroquek bisita aretoetakoak, eta Artetak eskaileretakoak.
Santutxuko Karmeldar Oinutsen Komentu zaharra "gure txikien bake etxe" bilakatzeko nahi horretan, artistak ahalegindu ziren beren diseinuetan bizitzak berdin jarraitzen zuelako sentsazioa helarazten, gerraren gertakizun dramatikorik gabe. Horretarako, eguneroko bizitzako momentuak edo une zoriontsuak irudikatu zituzten, Martinez Ortizen proposamenean, esate baterako. Hartan, helduek beren egitekoekin jarraitzen dute eta haurrak irakurtzen ari dira, ñabardura idilikoz betetako izatean murgildurik guztiak. Martinez Ortizen hizkuntza eraikitzaile eta geometrizantea, bere ekoizpenaren zati handi batean erabiliko zuena, ezin egokiagoa da ikuspegi irreal horretan denboran gelditutako zoriontasun ideia azaltzeko.
1937ko ekainean oste frankistak Bilbon sartu zirenean, suntsitu egin zituzten margotzen hasiak ziren muralak. Esperientzia hartan parte hartu izana edo Eusko Jaurlaritzarentzat diru papera diseinatu eta Aberri Eguneko kartelak eta Gernikaren bonbardaketa salatzen zuen liburu baten azala ilustratu izana ematen du ez zela eragozpen izan bando nazionalak Soldaduaren Zinemako dekorazioa egin zezan eskatzeko, Isidro Guinearen laguntzarekin. Gerrako izuak ahantzarazteko ere bazen espazio hura, zauritutako gudulariei edo baimenarekin zeudenei oraingoan, txukuntzen lagundu zuen Udaberriak irri egitean izeneko koadro sinbolikoak.
Bilbo erori zenean, erbesteratzeko trantze estua pasatzea erabaki zuten artista askok. Beste batzuek, berriz, Hiribilduan jarraitzea eta egoera berrira egokitzea erabaki zuten, eta beren karrerak birbideratu egin behar izan zituzten biziraun ahal izateko, horrek bando nazionalaren loriak goraipatzeko edo harekin kolaboratzeko eskatu izan arren, Martinez Ortizen kasuan bezalaxe. (Mikel Lertxundi Galiana, 2009)
Bibliografia hautatuta
- Mur Pastor, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahoros Vizcaína, 1985. pp. 178-179.
- Arte y artistas vascos de los años 30 = 30 urtearen hamarkadako euskal artea eta artistak [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Gipuzkoako Foru Aldundia = Diputación Foral de Guipuzcoa, 1986. p. 319.
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 276-279, n° cat. 113.