Mars Italicus - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Mars Italicus

Anonimoa, VI-V. mendeak, K.a.

Brontzea

6,5 x 2,57 x 1,63 cm

82/922

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizon baten irudia, zutik. Eskuineko hanka zuzen eta atzera eramana, ezkerrekoa aurrera ari dela gorputzak bi hanken arteko ardatzaren gainean har dezan atseden. Bi hankak ditu hautsita, eta beraz ez dakigu zer eratan egokituko ziren oinak. Soinean koraza soil bat du, eta azpitik tunika bat ageri zaio paparretik eta beheko aldetik. Barrabilak estaltzeraino iristen ez den tunikak bertikalean itxuratutako tolesak ditu. Korazatik sorbaldak babesten dituzten bi xaflak baizik ez dira nabarmentzen, ebaki sinple batzuen bidez daude irudikatuta. Ezkerreko besoa aurrerantz du tolestuta, agian ezkutu bati eutsiko zion. Altxatuta du eskuineko besoa, aurrerantz jaurtikitzeko lantzari eutsiko zion. Burua ia kuboaren formakoa, gailur garaiko kasko dekoratu gabe batez estalia. Sudurra ia erabat higatuta du, ahoa zuzena eta txikia, eta begiak biribilak.

Irudi hau argi eta garbi sailkatu behar da Greziako Aresen tokiko baliokide diren italiar irudien artean, halakoekin guztiz bat baitator janzkerari eta jarrera oldarkorrari dagokienez. Erromatarretik bereizteko Mars Italicus esan ohi zaio, bere fisonomia propioa du. Izan ere, ugari dira ibiltzeko jarreran dauden aleak, lantza goratuta dutela, gailur nabarmeneko kaskoarekin eta gainerako arma eta babesgarri gutxi asko nabarmenduen eskematizazioarekin eta proportzioak argaltzeko joera partekatuarekin.

Nola bereizgarri estilistikoak hala jantziko elementuak bat datoz Boloniako Museo Zibiko eta Arkeologikoko pieza baten ezaugarriekin; tokiko arkaismo berantiarreko soldaduen irudikapenen C taldeko ale gisa dago sailkatuta, talde horretan daudenen armetan urri dira ñabardurak, sorbaldak babesteko babesgarrietara eta korazaren beheko atalera daude murriztuta halakoak.

Mars Italicusen bertsio ezberdinen artean, Vatikanoko Gregoriar/Etruriar Museoak baditu Ipar Umbriako taldean sailkatutako bi irudi, estiloaren ikuspuntutik K.a. V. mende amaieran edo IV. mende hasieran datatuak. Veronako Arkeologia Museoan badira oso eskematizatuta dauden ale batzuk; horien artean bat aipagarria da (A4, 266. Inb. zk.), burua eta soinaren goiko atala kontserbatzen ditu, eskuineko besoa goratuta, eta babesgarri berdinak ditu sorbaldetan, korazaren izaera bereziaren adierazgarri gisa.

Italiatik kanpoko museoetan kontserbatu direnen artean aipagarri dira British Museoan, Frantziako Liburutegi Nazionalean eta New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoetan daudenak. Alde handiak daude horien guztien artean, eredu horrek zabalkunde handia izan balu bezala, hori bai, kanon baten araberako ereduari jarraiki ez zitzaion oso tratamendu askearen baitan.

Marte borrokatzeko plantak egiten irudikatzeko gerta litezkeen tokiko aldaerak ikus daitezke beste lurralde batzuetan ere, esate baterako Balear Uharteetan. Han italiar ereduaren antzeko prototipo bat landu zuten, baina irudia beti ageri da biluzik, eta kaskoak eta kasko gailurrak forma askotakoak dira, bitxiak zenbaitetan. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 151-154, n° 15.