Bilduma online eta irudien salmenta
Makoi Komachi, jatorrian Amagoi Komachi (Komachi, euriari erregutzen)
Toyokuni, Utagawa
Tokio, 1777-1835
Xilografia
38,7 x 25,9 cm
Toyokuni ga (豊,国,画,)
c. 1812
XIX. Mendearen lehen laurden
82/760
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Ono no Komachi (825-900) Japoniako Sei Olerkari Hilezinen artean emakume bakarra, jauregi inperialeko dama izan zen Heian Aroan, nipondar kulturaren balio klasikoak gauzatu ziren garaian. Haren talentu literarioa bere edertasunarekin baizik ezin zen parekatu, eta horregatik hain zuzen ere, Heian Aroko, hau da, garai klasikoetako, emakume ezin dotoreagoaren eredu bihurtu zen Komachi. Palacio Bilduman badira haren bizitzaren pasarte batzuk deskribatzen dituzten irudi batzuk, zehazki Shigenagak sinatutako bat eta Utamarok sinatutako beste bat. Hala eta guztiz ere, idazleari berari dedikatutako ilustrazioak baino ugariago izan ziren XVIII. eta XIX. mendeetan olerkariaren eta bere zazpi pasarte ospetsuenen parodiak (mitate-e), halako harreman ikonografikoak sorrarazten baitzituzten emakume ederrekin, antzezlariekin eta garaiko gaiekin. Kasu honetan artistak zazpi pasarte ospetsu horien parodia bat egin zuen bere garaiko neska gazteak olerkariari berezkoak zitzaizkion jarreretan irudikatuta, aldaketa txiki batzuk tarteko. Toyokuni kabuki antzerki generoan espezializatu zen, baina baita bijin-ga edo emakume ederren rola betetzen ere, emakume sentsual eta sofistikatuarena eginez.
Amagoi Komachi behar luke izenburuak, hots, Komachi euria erregutzen, Komachik lehorte batean idatzi zuen olerki bati erreferentzia eginez, baina Makoi Komachi izenburua jarri zaio hitz joko bat eginez, hau da, Makoi izan daiteke irudiko emakume ederraren izena, baina erreferentzia egin diezaioke baita benetako maitasunaren esanahiari aintzat hartzen baldin bada esku artean daraman gutuna. Maitemindu sofistikatua euri erauntsi batean ageri da Komachiren irudi klasikoan, euritako baten babesean bere olerkia irakurtzen ari delarik. Olerki ezagun hori goi eskuineko kartutxo gorrian dago idatzirik, eta honela dio: kotowari ya / hi no moto nareba / teri mo sen / saritote wa mata / ama ga shita towa. Olerki horretan Komachik jainkoei eskatzen zien euria eragitea zerua izena baliatzen duen hitz joko bat erabiliz, era berean ame gisa irakur daitekeena, hots, euria japonieraz. Euritakoa duen emakumeak gogora ekartzen du Komachi ederraren irudia euri erauntsipean.
Ia beti Toyokunirekin lan egin zuen Yamatoya Jubei izan zen Bostongo Museum of Fine Arts museoan bere zazpi irudiekin oso-osorik kontserbatzen den serie honen argitaratzailea. Garai hartan antzeko beste irudi batzuk landu zituzten Ono no Komachiren biografiaren parodia egiteko asmo berarekin, esate baterako, Imayo Yakusha nana Komachi (Komachiren zazpi pasarteak gaurko antzezlariekin) eta Furyu nana Komachi (Komachiren zazpi pasarte dotoreak). (David Almazán, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 31, n° cat. 10.
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 213, 286-287, 289, n° cat. 81.
- Japón : grabados y objetos de arte del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Folleto]. Málaga, Museo Carmen Thyssen Málaga, 2017. s. p.