Bilduma online eta irudien salmenta
Lukrezia
Cranach, Lucas
Kronach, Alemania, 04/10/1472-Weimar, Alemania, 15/03/1553
Olioa pago-oholean
50,4 x 36,4 x 1,3 cm
Monograma (behealdeko ezkerraldea)
1534
12/79
2012an eskuratua
Lukreziaren ikonografia bereziki aintzat hartua izan zen Errenazimentuko pinturan. Tiziano Vecelliok, esaterako, Tarkino eta Lukreziaren gaiari buruzko konposizio ikusgarri bat igorri zion, 1571n, Espainiako Filipe II.ari (Fitzwilliam Museum, Cambridge), eta Lorenzo Lottok beste bertsio original bat landu zuen 1530-1532 inguruan (National Gallery, Londres). Alemanian, Alberto Durerok beste bat sinatu zuen (Alte Pinakothek, Munich), estilizatuta ageri zena, baina ez bereziki eder, 1518an. Baina esan liteke Lucas Cranach alemaniar margolaria espezializatu zela gai honetan; hain zuzen ere, berrogeita hamar bertsiotik gora landu zituen, eta horiei gehitu behar zaizkie, esaterako, erreplikak, aldaerak, eta bere familiaren lantegitik ateratako bertsioak, ikonografiak Erreformaren garaiko Alemanian zenbaterainoko arrakasta izan zuen adierazten duena.
Protestanteek hasieran jarrera kritikoa hartu zuten irudiari buruz, baina azpimarratzekoa da erlijio erreformatuak ikonografia propio ugari eta askotarikoa garatu zuela, erromatar katolikotasunarenaz oso bestelakoa. Gizonezko nahiz emakumezko biluzien gaia oso erabilia izan zen, eta bertsio mordoa daude Adam eta Ebarenak, Herkulesenak, Venus edo linfa lotiarenak, zeinetan nabarmendu baitziren Alberto Durero, Hans Baldung Grien eta Lucas Cranach, besteak beste. Bestalde, XVI. mendeko alemaniar pinturak interes handia izan zuen, halaber, emakume indartsuaren ikonografiarekiko, eta hura izan zen, hain zuzen, Cranach eta haren lantegiaren gai kutunetako bat, bereziki Judith Bibliako heroia eta Lukrezia klasikoa.
Emakumezko irudi biluziekiko zaletasun handiko testuinguru hartan eta XVI. mendeko Europako kabinete eta bildumetan, era horretako irudiak onartzea eragin zuten arrazoi moralen testuinguruan kokatu behar da, hain zuzen, Lucas Cranachen Lukrezia bikain hau.
Lukreziaren historia Tito Livio erromatar historialaren bidez zaigu ezaguna. Espurio Lukrezio kontsularen alaba eta Kolatinoren emaztea zen emakume hura. Erromako Inperioko emakume eder eta gorenetakotzat hartua. Senarra Erromatik kanpo zebilela, haren lehengusu Sexto Tarkiniok bortxatu egin zuen, eta mehatxatu, salatuz gero, gaua etxeko morroietako batekin igaro zuela abaltzearekin; hori dela eta, Lukreziak amore eman zion bortxaketari. Kolatinok ontzat jo zituen emaztearen azalpenak, baina emakumeak ezin izan zion lotsari eutsi, eta bere buruaz beste egin zuen, labankada batez, aitaren eta senarraren aurrean. Harrezkero, emakumezkoaren bertute eta indarraren adibide kutunetakoa bihurtu zen.
Bertsio hau, 1534an datatua dago, baina, XX. mendeko hogeita hamarreko hamarraldian ezagutu eta argitaratu zuen Christian Zervosek. Hala ere, 1975ean Basilen Lucas Cranachi buruz egindako erakusketa monografikoari esker lortu zuen ospea nazioartean (katalogoak 1976ko data du). Garai hartan, eta XVIII. mendeaz geroztik gutxienez, Espainiako bilduma partikular batean zegoen obra, Rafaleko markesaren bilduman, zeinak gorde baitzuen Orihuelako bere jauregian (Alacant), XIX. mendean madrilera eraman zuten arte. Dirudienez, Rafaleko markesak Vienan eskuratu zuen obra, han bizi zelarik, Ondorengotza gerran Karlos artxidukeari babesa eman izanagatik erbesteratuta. Utrechteko Bakeari esker (1715) aske utzi zutenean, Orihuelara itzuli zen, eta hantxe zendu zen, 1727an. Harrezkero, familiaren belaunaldi batetik bestera transmititu zuten obra, oinordekotzan, harik eta 2012an museoak erosi zuen arte.
Maisu alemanaren eskuek sortutako gaiaren bertsio finenetako bat da margolan hau. Margo geruzan hurrenez hurreneko zaharberritzeetan egindako ukituak ikusten diren arren, esan liteke obra hau Lucas Cranach Zaharrarena dela goitik behera; gaiari buruzko bertsio berezia landu zuen hemen, eta hari buruzko beste irudi batzuen antzekotasunak baino ezin aipa daitezke, ez errepikapenik.
Lukreziak bere buruaz beste egiteko unea adierazten du. Aurretik ikusten da protagonista, bularra biluzik, oihal fin garden batez soilik estalia, gorputza agerian dela. Cranach maisua izan zen era horretako gardentasun sentsualak lantzen, eta emakumearen aurpegiaren kalitate bikainean antzematen da hori hoberen koadro honetan. Lukreziaren gorputza ezkerraldera okertuta dago, diagonal lauso bat iradokiz, zeina orekatzen baitu aurpegiaren eta labanaren contrappostoak. Mugimendu horren ondorioz, erorita dago oihal gardena, eta eragina du, halaber, Lukreziaren lepokoan, konposizioari halako dinamismo sotil bat ematen diona, eta kontatzen duen historiaren dramatismoari bikain egokitzen zaiona. Gorputzaren edertasunagatik, aurpegiaren eta begiradaren leuntasunagatik, oihalaren fintasunagatik eta gorputz biluzian zuzenean nabarmentzen diren bitxien sentsualtasunagatik, Kronacheko artistaren lantegitik ateratako bertsio ederrenetakoa dela esan liteke. [Fernando Checa Cremades]
Bibliografia hautatuta
- Cranach Digital Archive [web]. [Lukretia]
- Zervos, Christian. Nus de Lucas Cranach l'ancien. Paris, Cahiers d'Art, 1950. pp. 63, 77.
- Koepplin, Dieter. Lukas Cranach : gemalde, zeichnungen, druckgraphik. Bassel, Birkhauser, 1976. pp. 664, 666.
- Trudzinski, Meinolf. Verzeichnis der augestellten Gemalde in der Niedersachsischen Landesgallerie Hannover. Hannover, Niedersachsisches Landesmuseum, 1980. p. 666.
- Herrschaft, Jana ; Heydenreich, Gunnar. "Una Lucrecia de Lucas Cranach el Viejo en el Museo de Bellas Artes de Bilbao = A Lucretia by Lucas Cranach the Elder at the Bilbao Fine Arts Museum = Lucas Cranach Zaharraren Lukrezia bat Bilboko Arte Ederren Museoan", Buletina = Boletín = Bulletin, n° 8. 2014. pp. 85-109, 249-258.
- Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 32.
- Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 32.
- Maestros : Museo de Bellas Artes de Bilbao . Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2016. pp. 28-29, il.
- Maisuak : Bilboko Arte Ederren Museoa. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2016. pp. 28-29, il.
- Masters : Bilbao Fine Arts Museum. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2016. pp. 28-29, il.
- Maîtres : Musée des Beaux-Arts de Bilbao. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2016. pp. 28-29, il.
- Lucas Cranach der Ältere : meister, marke, moderne [Cat. exp.]. München, Hirmer, 2017. pp. 281-282, n° cat. 174.
- 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 48-51, sin n° cat.
- 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 48-51, sin n° cat.
- 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 48-51, sin n° cat.
- 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 48-51, sin n° cat.
- Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 117-119, 121-122, 125, n° cat. 56.
- Arnau, Josep Maria. Atrapat. Barcelona, Témenos, 2021. pp. 157-159, il.