Lore-eramailea. Viterboko Santa Rosa ? - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Lore-eramailea. Viterboko Santa Rosa ?

Anonimoa, XVI. mendearen lehenengo zatia

Brontzea

5,75 x 1,75 x 1,13 cm

82/909

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Eskuineko zango zuzenean hartzen du atseden, ezkerrekoa atzera eramana du. Aplike bat da eta hutsik du gibelaldea, horregatik ez zaio argi eta garbi nabaritzen jantzien egokiera: tunika batez dago jantzita, gerriko batez du lotua Artemisen jantziari berezkoa zaion apoptygma antzeko bat eratzeko, eta azpitik oinetaraino estaltzen duen zaia luzatzen zaio. Buruaren eskuinaldean belo bat iradokitzen duen zapi zuzen bat du. Bularraldearen aurrean ditu gurutzatuta besoak, eta besoen artean masa handi bat du, azalean bost petaloko loreak dauzka marraztuta. Aurpegian ongi asko nabari zaizkio arku formako bekainen behe aldeko begi txiki batzuk, sudur lodia (abiapuntua moko formakoa baina aurrerago kolpe batek moztua) eta aho era berean desitxuratua. Orrazkeratik bi kiribil handi nabari zaizkio kopetaren gainean eta beste bat buruaren ezkerraldean.

Besoen artean duen lore masa da pertsonaia hau identifikatzen lagundu dezakeen datu ikonografiko bakarra. Itxura orokorrak Pomona edo Abundantia bezalako aspaldiko irudiekin lotzera eraman gaitzakeen arren, naturaren edo ugalkortasunaren zaindari baten irudia izateko aukera zapuzten du irudi honek bost petaloko loreak baizik ez edukitzeak, arrosa landareak bezala, askotariko loreak eta fruituak irudikatu ohi baitira naturari edo ugalkortasunari erreferentzia egiteko. Besoen artean loreak modu horretan erakusten dituzten azken pertsonaien artean daude santa batzuk; oso antzekoa da euren biografia, izan ere, espetxeratuei jatekoak eraman behar zizkietenean ustekabean harrapatu zituzten, baina miraria gertatu eta arrosa bihurtu omen ziren bizigaiak. Horixe gertatu zitzaion Kasildari, Toledoko errege mairuaren alaba eta santa espainiarrari, aitak ustekabean harrapatu baitzuen gatibu kristauei laguntzen saiatu zenean jateko goxoak eramanez. Gero San Vicente aintziretara ihes egin zuen, Obarenes mendietara, Briviescatik hurbil, eta han bizi izan zen erretiratuta. Haren gorpua kontserbatzen den lekuan zendu zen, Burgosko zaindari bihurtu zuten. Elezaharren arabera, antzeko zerbait gertatu zitzaion Hungariako Santa Isabeli gose zirenei ogia zeramakienean eta haren senarrak harrapatu zuenean, baita Viterboko Santa Rosari ere, artean hiru urteko haurra baizik ez zenean.

Aipatu santa horien ikonografia ezaguna ez dator guztiz bat gure brontzearenarekin, bai ordea konposizioaren funtsezko elementuetan. Beharbada Viterboko Santa Rosaren irudiarekin identifikatzen da ongien; bada haren antzeko irudi bat, terrakota esmaltatuan landua, Sevillako Santa Paula monasterioko ataria apaintzen duen tondoetako batean.

Tondo horien egilea Pedro Millan izan zen, baina Della Robbia tailerretan landutako tondoen teknikaren, konposizioaren eta estiloaren araberakoak dira; aipatu tailerrak landua da fatxadaren erdiko tondoa, eta Niculoso Pisanok egina da azulejuzko hondoa. Pedro Millanek egindako tondoaren goiko aldean sudur zorrotzeko aurpegi berdina duen irudi bat dago, frantziskotar abituarekin dago jantzita eta arrosak ditu mantalean bilduta: Della Robbia tailerreko eredu batetik kopiatuko zuen eskultoreak, agian Niculoso Pisanok atariaren erdigunea hartzen duen tondoarekin batean ekarriko zuen eredutik.

Gure brontzearen eta Viterboko Santa Rosaren arteko erlazioa sendotu egiten du bularraldean dauzkan arrosen itxura bereziak, izan ere, bost petalo handi dauzkaten loreak dira, Rosa canina assissiensis motakoak, Asisko Porziunculako arantzarik gabeko arrosak, frantziskotarren santutegiaren gibelaldeko ortuan artean hazten direnak. Hirugarren ordenakoa izan zen Viterboko Santa Rosa, eta hil eta gutxira aitortutako santutasunaren adibide bitxienetako bat da, zendu eta urte gutxira haren gorpu usteldu gabea aurkitu baitzuten. Gaur egun haren jaioterriko klaratarren komentuan kontserbatzen da gurtzeko erlikia gisa, Alexandro VII.a aita santuak Santa Rosa hil eta sei urtera agindu baitzuen haren hilotz momifikatua bertan zaintzeko. Santa berezi horrek, gaur egun are interesgarriagoa dena sortzetiko agenesia bat edukita (hots, bularrezurrik gabe) hamar urte bete arte biziraun duen pertsona ezagun bakarra baita, oso kultu zabaldua du XIII. mendeaz geroztik, eta berau irudikatzeko XV. mende amaierako artelanak egon litezke aztergai dugun brontzeak transmititzen duen irudiaren jatorrian. Ustezko jatorri hori bat dator bildumako aspaldiko brontze askoren italiar jatorriarekin, eta agian haiekin batean jasoa izan da bere nortasuna beharbada ongi ulertu ez bada ere. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 454-458, n° 93.