Lemazaina - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Lemazaina

Torre, Quintín de

Bilbao, 18/04/1877 - Bilbao, 15/10/1966

Brontzea

199 x 110 x 136 cm

c. 1913

82/199

Vilallonga de la Sota familiaren dohaintza 1975ean

Quintín de Torre izan zen XX. mendearen lehenengo herenean zabalkunde handienetarikoa izan zuen euskal eskultoreetako bat. Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta Parisen osatu zituen ikasketak, Bilboko Udalaren (1901-1902) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (1902-1906) pentsio bati esker. Batez ere brontzean, egurrean eta harri polikromatuan gauzatutako ekoizpen handiaren egile izanik, erretratuan, kostunbrismoan eta ikuspegi sozialean, iruditeria erlijiosoan eta oroitzapenezko eskulturetan eta hileta eskulturetan jarri zuen arreta. Bere estiloa, eklektizismo jasoan oinarritu zen hasieran eta mende amaierako estetiken aldekoa izan zen geroago. Azkenik, errealismo espresiborako bidea hartu zuen, Espainiako imajineria barrokoaren tradiziotik hurbil. Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan parte hartu ohi zuen, eta Londres, Paris eta Venezian aurkeztu ziren bere lanak, hainbatean sarituak. Euskal Artisten Elkartearen sustatzaile eta lehendakari gisa bete zuen paperagatik nabarmendu zen, eta baita artearen sustapen ausartagatik ere.

Lemazaina lana funtsezkoa da Constantin Meunierren eraginpean landutako eskultura sozialen artean, hain zuzen ere, 1920ko hamarraldiaren erdialdea arte landu zituenen artean. Zuzenean ezagutu zuen Torrek Meunierren lana Parisen eta Belgikan, 1904an bidaiatu baitzuen bertara, Aurelio Arteta adiskidearekin batera. Baina, belgikarrak ez bezala, Torrek Euskadiko lan tradizionaletan jarri zuen arreta guztia, bereziki itsasoaren inguruko lanetan eta berak karakterizatutako pertsonaiek egiten zituzten lanetan. Horrela gertatzen da bai kasu honetan bai, esate baterako, Bilboko portuko zamaketaria (1906, Kordobako Arte Ederretako Museoa), Bilbotar zamaketaria (c. 1917, Reina Sofía Arte Zentroko Museo Nazionala), Bilboko zamaketaria (1922. urtearen aurrekoa) eta Txo (c. 1923) lanetan, azken bi horiek museoaren bildumakoak (inb. zenb. 82/49 eta 82/69).

1913an egina, gorputz osoko irudi bat da, bere ontziaren lema gobernatzen ari den marinel gazte bat irudikatzen du, errealitatean izango lukeen neurria baino pixka bat handiagoa duena. Javier Viarrek esaten duenez, Juan Bautista Echaburu, Ondarrukoa (Bizkaia) izan zen eredua. Zutik, itsasoaren eta eguraldiaren gorabeheren aurrez aurre, aurreratua du ezkerreko hanka, bere gorputzarekin lemari −ardatz diagonal nabarmena duena− gogor eusteko. Baliabide horrekin, halaber, mugimendua ematen dio bestelakoan itxura sendo eta estatikoa duen irudiari. Aurpegi lehorra eta izaera itxuraz aldaezina, eta jarrera lasai eta monumentaltasun ukaezina baliagarriak dira, oinarriko idazkunarekin batera -­«Gora Euskadi Askatuta», gaur egun galdua‑ pertsonaiaren izaera epikoa indartzeko; halaber, modelatu arin eta laburraz landuta dago, Meunierren erara.

Euskal Artisten Elkarteak Bilbon 1913an antolatu zuen Erakusketan egon zen buztinezko eredua, Gabarrari izenburuarekin. Brontzezko bertsioari dagokionez, Ramón de la Sotak agindu zion, Lertegiko bere etxeko lorategian jartzeko, eta Bartzelonako J. L. de Soria Burdinolan egin zuten behin betiko materialean. [María Soto Cano]

Bibliografia hautatuta

  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. (Con el título El timonel).
  • Escultura Vasca, 1889-1939 [Cat. exp.]. Bilbao, Banco de Bilbao, 1984. p. 33
  • Alix, Josefina. Escultura española : 1900-1936. Madrid, Ministerio de Cultura, 1985. p. 95.
  • Fundiarte : el arte en la fundición = Galdeartea : artea galdategian. Bilbao, Federación Española Asociaciones Fundidores, 2005.
  • López Echevarrieta, Alberto. Quintín de Torre : el último imaginero. Bilbao, Muelle de Uribitarte, 2006. pp. 75-76.
  • Soto Cano, Maria. "Los primeros años del escultor Quintín de Torre, 1877-1910", Sancho el Sabio, n° 32. 2010. p. 52.
  • Jaureguiberry, Michel de ... [et. al.]. Euskal zizelkariak = Escultores vascos = Sculpteurs basques. Ziburu-Ciboure, Arteaz, 2011. p. 190.
  • Arrizabalaga Salgado, Victor. Entre lo visible y lo invisible : el coleccionismo de arte en Bizkaia y Álava durante el siglo XX. Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, 2016. p. 132.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 194-195, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 194-195, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 194-195, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 194-195, sin n° cat.