Bilduma online eta irudien salmenta
Kutxa, gereziondo-loreekin
Anonimo japoniarra. XX. mendeko lehen hamarkadak
Lakatua
12,1 x 22,3 x 13,7 cm
XX. Mende hasiera
82/1059
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Kutxa honetako estalkiak gorputzaren zatirik handiena estaltzen du, aurrez prestatutako oin atzera eramanaren gainean egokitzen da. Uztai bana du alde luze bakoitzean, haietatik igarotzen dira multzoa lotzeko balio duten lokarriak. Estalkia altxatzean kaxaren gorputza garaia dela ikus daiteke, uhinaren forman duela amaiera, eta zulo batzuk dituela ertzean. Kanpoko ageriko azalera osoa urushi laka gardenaz tratatutako gereziondoaren azalaz estalita dago, gainean gereziondoaren lore batzuk han eta hemen barreiatuta, makie teknikarekin landuak, hots, urre eta zilar hautsak nahasirik (azken horiek ilunduta daude egun). Estalkiaren barruko aurpegian hainbat gezi daude irudikatuta ebira deritzon gezi zorroan sartuta, hori ere motibo bertsuekin apaindua. Ondoan hosto bat ikus daiteke, eta bertan Heike familiako olerkari eta borrokalari Taira no Tadanorik idatzitako poesia bat irakur daiteke. Heike monogatari (Heikeren abestia) kondairaren arabera, aipatu familiaren historia kontatzen baitu, guduan hil baino lehen idatzi zuen Taira no Tadanorik olerki hau: Ilunabarra da dagoeneko, loretan den gereziondoaren azpian hartu dut babes. Gaur gauean gereziondoaren lorea da gonbidatua. Japoniar kulturan bizitzaren laburraren eta gorabeheraren ikurra da gereziondoaren lorea, gereziondoa egun gutxi batzuetan baizik ez baita loretan egoten. Gudua galduko zuela eta bizia galduko zuela ikusirik, Tadanori borrokalariak poema hori idatzi eta gezi zorroan lotuta eraman zuen berekin batean. Gezi zorroaren edukiak azaltzen du zergatik ageri den lore hori kaxa honetako dekorazioan.
Itsasoari egiten dio erreferentzia estalkiak ezkutatzen duen gorputz zatiak, uhinaren formako ertzarekin amaitzen denak. Izan ere, olatu handiak irudikatzen dira Hokusairen Uhin handia obra ezagunean oinarrituta, eta olatu horietara biltzen dira goian adierazitako zuloak. Behe aldean, itsas maskorrak han eta hemen barreiatuta. Tadanori hil zuten Ichino-taniko guduaren amaiera kontuan hartuta justifikatzen da itsasoaren presentzia. Minamototarrek jazarri eta inguratu egin zituzten heiketarrak, eta ihes egiteko ahaleginetan itsasoan amaitu zuten azken horiek, egungo Kobe hiritik hurbil. Makie teknikari jarraiki daude landuta estalkiaren barruko aurpegiko eta ezkutuan geratzen den kaxaren aldeetako eszenak, hau da, urre eta zilar hautsak nahasita. Zetazko oihalaz estalita dago barnealdea. Moderno samarra da lakaz egindako lana. (Yayoi Kawamura, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 434-435, 542, n° cat. 145.