Kutxa, Fukurokuju jainkoaren irudiarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kutxa, Fukurokuju jainkoaren irudiarekin

Anonimo japoniarra. XX. mendeko lehen hamarkadak

Laca urushi, makie, kirigane, nashiji y urushi-e

2,9 x 8,7 x 9,2 cm

82/970

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Kaxa txiki karratua. Estalkiak erabat estaltzen du kaxaren gorputza. Kanpoko aldean, nola estalkiaren goiko aldean hala gorputzaren oinean aurpegien gainazalak inguratzen dituzten ertz apur bat irtenak ditu. Kaxa eredu honek ez du inolako tradiziorik betiko lakaren munduan. Gainazal beltzean dekoraziozko motibo batzuk ikus daitezke: urre eta zilar hautsak nahasita eginda daude (makie teknika); era berean, kolore gorri eta beltzeko laka erabili du egileak (urushi-e). Eskuan makila duela eta txori bat lagun, Fokurokuju jainkoa dago irudikatuta estalkian. Japonian zortearen zazpi jainkoetako bat da Fokurukuju, seme-alabak, aberastasun materiala eta bizitza luzea izateko zortea ematen du. Kopeta handiko agure baten erara irudikatzen da. Marrazkia pintzel trebearekin landua da, ukitu azkarrekin, japoniar pinturaren teknika tradizionalari berezkoa zaion moduan.

Apaingarririk izaten ez den hondoan lauki formako motibo bat ageri da, ingerada bihurtsuarekin, urre hautsez tantotuta (nashiji). Dekorazioan kolore gorriko ñabardurak eta urrezko zatikitxo karratuak (kirigane) antzematen dira. Alboetan fenixen irudiak ikus daitezke hodeien artean, urreliliaren loreak eta hexagono txikiak, mundu budistari erreferentzia egiten diotenak. Ongi landua dagoela esan behar dugu. (Yayoi Kawamura, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 395-396, 528, 530, 534, n° cat. 122.