Kutxa eramangarria, mendi eta ibaien paisaiarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kutxa eramangarria, mendi eta ibaien paisaiarekin

Anonimo japoniarra. XVIII. mendea

Lakatua

10,9 x 9,1 x 16,5 cm

XVIII. Mendea

82/1058

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Kutxa txiki eramangarria, sagedansu deritzona. Aldeetako batean du atea, bi gontzen bidez eskuinetara irekitzen dena. Barruan lau tiradera daude altuera ezberdinetan. Batetik bestera eraman ahal izateko metalezko helduleku bat du kutxak. Usainak asmatzeko jolaserako (kodo) intsentsuak gordetzeko erabiltzen ziren gisa honetako altzariak, eta kaxa txiki batzuk izan ohi zituzten tiraderen barnean. Halako kutxek edo altzariek kōdansu dute izena. Kutxa honek ez du halako kaxarik, jatorrian izan zitzakeen arren.


Laka beltzez tratatuta dago kutxa osoa, eta makie urrekara teknikarekin dekoratuta daude mendiez eta ibaiez osatutako paisaia motiboak (san-sui tipologia). Atal batzuk erliebe nabarmenarekin daude landuta. Hurbileko mendiek urre kolorearen ñabardura ezberdinak dituzte, urre eta zilar hautsak proportzio ezberdinetan nahasita lortzen dira tonalitate horiek. Aitzitik, tamaina ezberdinetako urre hautsak (nashiji eta hirame) aplikatu ditu egileak giro lainotsuak eta urruneko mendiak irudikatzeko. Harrien zimurtasuna handitzeko, baina, urrezko zati txiki karratuak erabili ditu (kirigane). Era berean, eraikin txikiak, pinuak eta sahatsak ikus daitezke, eta behe aldean ura uhin txiki batzuekin. Kaxako atearen hondoan ur-jauzi handi bat ikusten da. Izaki bizidun bakarrak albo bateko bi txori eta goiko aurpegiko txinatar itxurako bi mutiko dira. Urre koloreko kiribil mehe batzuekin daude dekoratuta tiraderak. Makiea oso era finean eta zehatzean dago aplikatuta, kalitate onekoa da, baina dekoraziozko motiboa Edo Aroko motibo tipikoa dela esan behar dugu. Paisaiaren bidezko dekorazio mota hori, piktoriko deritzon estiloaren araberakoa, XVII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera landu zuten esportatzekoak ziren objektuetan.

Intsentsua gordetzeko gisa honetako kutxek arrakasta handia izan zuten Europan XVIII. mendetik aurrera. Tipologia berdineko hainbat obra ezagutzen dira Europako bildumetan, esate baterako María Antonieta erregina (Musée Guimet, Paris), George Salting (Victoria & Albert Museum, Londres) eta Ugo Alfonso Casal (Osakako Udal Museoa) museoetako bildumetan. (Yayoi Kawamura, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 425-426, 533, 540, n° cat. 140.