Kusatsu - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kusatsu

Utagawa, Hiroshige

Tokyo, 1797-1858

Xilografia

23,2 x 35,3 cm

Hiroshige ga (広,重,画,)

1831-1834

82/749

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Hokusairekin batera, ukiyo-e generoko paisaia margolari nabarmenetakotzat hartu da Hiroshige. Suhiltzaile baten semea zen, Utagawa Toyohirorekin pintura ikasketak egiteko aukera izan zuen, eta 1820ko hamarkadan lan batzuk egin zituen Utagawa eskolako ohiko generoen barnean. Hala ere, ondoko urteetan obra pertsonalagoari ekin zion, paisaiari protagonismo handiagoa emanez. Etapa honetakoa da Tokaido gojusan tsugi no uchi sail ezaguna, Hoeido argitaletxeak argitaratua, Tokaido ibilbideko berrogeita hamahiru posten paisaiak deskribatzen dituena. Hala ere, sailak berrogeita hamabost estanpa ditu, abiapuntua ere hartzen baitu, hauxe da, Edo; Tokugawa, shōgun-en hiriburua; eta azken helmuga, Kyotoko inperio hiria. Lan honek izan zuen arrakasta izugarriak gaia beste aldi batzuetan errepikatzera bultzatu zuen artista, konposizioetan eta formatuetan aldaketa batzuk sartuta. Edo Aroko Japoniako ibilbideetako eguneroko bizitza grafikoki agertzeko zuen gaitasun dokumentala zen Hiroshigeren artearen bertute nagusietako bat, bidaiari handia eta behatzaile zorrotza baitzen. Hartzen zituen oharrei esker, zehaztasun handiz margotu zituen herrialdeko paisaia ospetsuenak, leku ederrenen, itsasoaren eta kostaldeen, ur jauzien, ibaien eta aintziren, mendikateen eta mendien, haranen eta arroz soroen, tenpluen eta santutegien, jauregien eta etxe xumeen, antzokien, te etxeen, ostatuen, denden eta zubien xehetasun handienak erakutsiz. Era berean, lortu zuen paisaia horien atmosferako aldaera guztiak hautematea lau urtaroetan eta eguneko une desberdinetan. Nolanahi ere, arreta berezia eskaintzen zien bidaiariei, erromesei, zamaketariei, merkatariei, zerbitzariei, ukuiluetako morroiei eta komunikabide jendetsuetan ibiltzen ziren era guztietako pertsonaiei. Kolore biziak erabiltzen zituen, iraganean jada erabili zituenak, baina baita berriak ere, Prusia-urdina, esate baterako, Holandatik ekarria. Gardentasun, argitasun eta opakotasun efektuak sortzeko, degradatu finekin tartekatzen zituen aplikazio planistako kolore garbiak.

Mintzagai dugun estanpa honetan, Tokaidoko ibilbideko azken geltokietako bateko kago edo palankin eramaileentzako ostatua deskribatzen du, Kusatsu, zehatz esateko, Ishibe eta Otsu artean zegoena, azken geldialdia Kyotora iritsi aurretik. Obra honek, bi aldeetan, sinaduraren eta izenburuaren ondoan, geroagoko ohar batzuk ageri ditu, pintzelez idatziak japonieraz, baina horiek ez dira jatorrizko grabatukoak. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 36, n° cat. 15.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 226, 328-330, n° cat. 100.