Kuros - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kuros – 82/923

Anonimoa, VI. mendea, K. a.

Brontzea

9,2 x 2,36 x 1,75 cm

82/923

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizon biluzi baten irudia. Zutik dago, hankak zuzen eta elkartuta, oinak aurrerantz. Hodi estuaren formakoa du gorputza, anatomia oso era laburrean dago adierazita, organo genitalak, zilborra eta bularrak baizik ez dira nabarmentzen. Aitzitik, nabarmen zabaltzen dira sorbaldak beso zuzenen abiapuntuarena egiteko. Besoak zuzen eta gorputzari itsatsirik, triangeluaren formako masa trinkoa eratuz. Motza du lepoa eta esferikoa burua. Sigi-saga ebakitako marrez osaturiko sortetan du irudikatuta ilea, bekainen gainean du abiapuntua, eta palma baten antzeko itxura hartzen du bekokiaren gainean. Zuzena eta laburra du sudurra, bekainak horizontalean luzatzen dira begi zulo handiak estaltzeko. Begi zuloak apur bat arrailduta ditu beherantz, eta ongi adierazita ditu betazalak. Ahoa handia eta irtena du, goranzko angelua marrazten du, kokotsaren forma triangeluarrarekin berdindu egiten dena.

Besoen jarreraren zurruntasunak, bolumen trinkoa eta ardatzaren itxurakoa osatzen baitute gorputzarekin bat eginik eta irudia estutu egiten baita zangoetara hurbildu ahala, gogora ekartzen digu Madrilgo Arkeologia Museo Nazionalean dagoen brontzezko irudi bat (2.999, Inb. zk.), Liburutegi Nazionaleko aspaldiko bildumetatik etorria, Karlos III.a erregeak dohaintzan emandako antigoaleko objektuen artean behar zuena. Objektu horiek italiarrak izango ziren jatorriz, segur asko Campaniakoak. Baina piezaren ezaugarri arkaikoak kontuan hartuta ez dirudi erregeak Ponpeian eta Herkulanon sustatu zituen indusketa lanetan aurkitua denik. Ale hori eta gure bildumako irudia bi alderditan datoz bat, orrazkeraren moduan eta organo genitalak agerian uzteko erabakian.

Aquileiako Arkeologia Museoan bada antzeko ezaugarriak dauzkan beste pieza bat (17.754. Inb. zk.); desitxuratuta dauzka soinaren ezaugarriak, oihal batez estalita balego bezala. K.a. VI. mendearen erdialdean datatuta dago, eta Adriatikoko kostaldean barrena italiar penintsulara iritsi eta bertan zabalduko ziren eredu greko arkaikoen lekukotasuna da inolaz ere. Milango Arkeologia Museoan ere bada antzeko beste kuros bat. Ongi kontserbatu du ilea, K.a. VI. mendearen erdialdean egina da, eta Arezzoko Fonte Venezianan eta Lapis Nigerreko erromatar aldiko aztarnategian aurkitutako beste pieza batzuen antzekoa dela esan behar dugu. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 322-324, n° 58.