Kristo, Artzain Ona - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kristo, Artzain Ona

Anonimoa, XV-XVI. mendeak

Brontzea

6,69 x 3,51 x 1,70 cm

82/910

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizonezko baten irudia, zutik dago disko formako idulki baten gainean. Eskuineko zango zuzenaren gainean hartzen du atseden, ezkerrekoa tolestuta du eta eskuinekoaren atzetik gurutzatuta. Aztalak apur bat hanpatuak ditu, polaina batzuk jantzita balitu bezala. Ezkerretarantz inklinatuta du gorputza eta gerrialdean lotua duen papar angeluduneko jantzi mahukarik gabeak estaltzen du. Artzain baten zamarraren itxura iletsua ematen dioten trazu bertikal ugariekin dago urratuta jantzi horren azala. Jantziaren formari dagokionez, Antzinaroko exomisaren antzekoa da, herritar xumeek eta zerbitzatzeko lanbidea zutenek erabili ohi zuten jantziaren antzekoa. Ezkerreko besoa gorantz du tolestuta, makila luze bati helduko zion. Eskuineko besoa lurrerantz du eroria, eskua irekita. Burua inklinatuta eta eskuinetara biratuta du, begirada eskuineko eskuan jarrita balu bezala. Gazte baten hazpegiak dituela ematen du, baina oso higatuta daude. Gibelaldean karrakaz egindako ildaxka asko ditu, ez dute sorbaldetan objekturen bat ba ote zeraman bereizteko aukerarik ematen.

Jantzia eta jarrera guztiz bat datoz Kristo Artzain On gisara aurkezten duen ikonografia paleokristauarekin, halaxe ageri da irudikatuta Erroma paleokristauko mosaiko, sarkofago eta erliebe batzuetan, eta halakoak ongi ezagutzen zituzten Berpizkundean, Codex Escuraliensis kodexean kontserbatutako bi marrazkitatik ondorioztatzen denez. Kodex hori, antza Ghirlandaiok XV. mende amaieran landu zuen marrazki bilduma bikaina, Mendoza kardinalaren seme Rodrigo de Mendozak ekarri zuen Espainiara, eta La Calahorran (Granada) zuen gaztelua dekoratzeko eredu gisa baliatu zuen; hortaz, marrazki horiek Italian bezala Espainian ere ezagutuko eta kopiatuko zituzten. Kodexaren marrazkiek mosaiko paleokristau bat irudikatzen dute, segur asko Done Joan Laterango bataiategikoa, Sixto III.a aita santuaren garaian berritua: bertan, Artzain Onaren irudiak alderantziz gurutzatzen ditu zangoak, ezkerrekoa eskuinekoaren aurretik, eta egonkortasun arazoak tarteko, hori zailagoa litzateke brontzezko irudi batera eramatea. Jantziari emandako tratamenduan alde batzuk nabari badira ere, nola artilezko zamarra hala aztalak estaltzen dizkieten lotailuak edo fasciak antzeko marrazki batetik hartuak izan litezke. Izan ere, Codex Escuraliensis kodexaren oihartzuna ongi asko nabari da Hispaniako berpizkundeko beste obra batzuetan, eta beraz, baliteke eredu gisa erabili izana XVI. mendeko arte txikiagoko obra batzuetan.

Ez da erakargarria brontzearen itxura, ematen du eztainuan aberatsa den aleazio bigun batean landua dela. Kontserbazio egoera kaskarrean dagoenez, erdipurdiko itxura du, baina ikonografiaren berezitasunak balio handia ematen dio. Estilo naturalistan landua da, ez du hasierako kristautasunaren artean ohikoa den estilizazioranzko joerarik ageri, eta beraz, berpizkunde garaian kokatu behar dugu. Garai hartan oso bestelako ezaugarriak ageri zituen Artzain Onaren irudiak, beti agertzen zen bildotsa sorbalden gainean zuela eta zangoak zuzen, ibiltzeko jarreran, baina zangoak gurutzatuta dituen eredu paleokristaua Frantzian eta Portugalen berriz ere XVI. mendean azaldu zela baieztatu izan da, beste erreferentzia zehatzagorik eman gabe. Izan ere, Portugalgo artean eskuarki Menino Jesus Bom Pastor deritzon Artzain Onaren irudi mota bat ezagutzen da, zabalkunde handia izan zuen XVII. mendetik aurrera indo-portugaldar bolietan, eta Jesus haurra ageri da horietan irudikatuta, lotan eta eserita, eskuarki zangoak gurutzatuta dituela. Baina jarrera hori betiko irudi hinduen jarrerarekin ere erlazionatu daiteke (testuinguru horretan garatu baitzen eredu hori), eta beraz, ausartegia litzateke tarteko beste lekukotasunik izan gabe eredu paleokristauarekin erlazio estua duela baieztatzea.

Hasiera batean guk uste dugu XV. mendearen azken laurdenean edo XVI. mende hasieran kokatu behar dela gure brontze hau. Liturgiarako altzari bateko apaingarria izango zen, segur asko sagrario bat apaintzeko, gisa horretako altzarietan ageri baita sarrien irudi hau. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 441-445, n° 90.