Bilduma online eta irudien salmenta
Kozuka, lehoi mitiko batekin
Motozane, Oyama
Japonia, 1741-Japonia, 1830
Kobre eta zilar aleazioa (shibuichi), urrezko aplikazioekin
9,7 x 1,4 x 0,4 cm
Sekijoken Motozane (赤,城,軒, 元,孚,)
82/1041
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Edo Aroan (1615-1868) kalitate handiko eta dekorazioaren ikuspegitik irudimen handiko arte industriak eta artelanak garatu zituzten Japonian. Metala lantzeko antzeek berezko unibertsoa aurkitu zuten samurairen ezpatetan apaingarriak eta funtzionaltasuna biltzen zituzten pieza txikiak sortzeko, esatera betarako eta soilik bildumazaleek gehien bildu dituztenak aipatzearren, tsuba, kashira, menuki, fuchi eta kozukak. Kogatana deritzon bigarren mailako ganibet txiki edo sastakai baten heldulekua da kozuka, eskuarki armaren zorroan egoten da txertatuta. Berau egiteko alde batetik kobrea eta bestetik, gutxiago, zilarra erabiltzen zuten. Metal horien nahasketari shibuichi deritzo, «laurden bat» esan nahi du hitzez hitz, metal horiek eduki beharreko proportzioari egiten dio erreferentzia. Baina portzentaje hori artisauak lortu nahi duen patinaren arabera aldatu liteke, ilunagoa nahi izanez gero kobre gehiago erantsi beharko ziolarik piezari.
Kozuka batzuk egileen sinadurarekin ageri dira, parerik gabeko obra oso baliotsuak baitira. Askotarikoa izan daiteke dekorazioa, gai eta baliabide tekniko ugari bereiz daitezke, eta eskuarki piezaren alde batean biltzen dira motiboak, kanpoko aldean, beste aldea ez baita agerian geratzen sastakaia zorroan sartuta dagoenean. Oso estimatuak dira shishuau-bori edo baxu erliebean landutako irudiak dauzkatenak. Halakoetan metal bikainak aplikatu ohi dituzte (batik bat urrea) shibuichizko hondo ilunarekin kontrastea egiteko.
Kozuka honetan karashishi deritzon lehoi mitikoa da motibo nagusia, haren larruazala urre hautsa aplikatuta dago apainduta. Katuaren familiako pizti hori ez zen Japoniako artxipelagoan bizi, baina txinatar eraginaren ondorioz zabalkunde handia izan zuen Japoniako artean. Lehoia sarritan ageri da irudikatuta tenplu budistetako atarietan edo lorategietan, espiritu gaiztoen aurkako zaindariak dira, halakoak uxatzen dituzte beren keinu oldartsuarekin. Japoniar kulturan borrokaren aurreko oldarkortasuna, adorea eta indarra irudikatzen ditu animalia horrek, eta beraz, oso apaingarri egokia da samurairen armetan babesteko ikur gisa erabiltzeko. (Fernando García Gutiérrez, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 187, 515-516, n° cat. 50.
- Sala Ivars, Marcos Andrés. "Estudio y catalogación de las colecciones públicas de sables japoneses en el País Vasco", Ars Bilduma, n. 11. 2021. p. 77.