Kozuka, Hotei jainkoaren irudiarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kozuka, Hotei jainkoaren irudiarekin

Anonimo japoniarra. XIX. mendea

Kobre eta zilar aleazioa (shibuichi), urrezko aplikazioekin

9,7 x 1,4 x 0,4 cm

82/1063

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Edo Aroan (1615-1868) kalitate handiko eta dekorazioaren ikuspegitik irudimen handiko arte industriak eta artelanak garatu zituzten Japonian. Metala lantzeko antzeek berezko unibertsoa aurkitu zuten samurairen ezpatetan apaingarriak eta funtzionaltasuna biltzen zituzten pieza txikiak sortzeko, esate baterako eta soilik bildumazaleek gehien bildu dituztenak aipatzearren, tsuba, kashira, menuki, fuchi eta kozukak. Kogatana deritzon bigarren mailako ganibet txiki edo sastakai baten heldulekua da kozuka, eskuarki armaren zorroan egoten da txertatuta. Berau egiteko alde batetik kobrea eta bestetik, gutxiago, zilarra erabiltzen zuten. Metal horien nahasketari shibuichi deritzo, «laurden bat» esan nahi du hitzez hitz, metal horiek eduki beharreko proportzioari egiten dio erreferentzia. Baina portzentaje hori artisauak lortu nahi zuen patinaren arabera aldatu liteke, ilunagoa nahi izanez gero kobre gehiago erantsi beharko ziolarik piezari.

Kozuka batzuk egileen sinadurarekin ageri dira, balio handiko obra bakarrak baitira. Askotarikoa izan daiteke dekorazioa, gai eta baliabide tekniko ugari bereiz daitezke, eta eskuarki piezaren alde batean biltzen dira motiboak, kanpoko aldean, beste aldea ez baita agerian geratzen sastakaia zorroan sartuta dagoenean. Oso estimatuak dira shishuau-bori edo baxu erliebean landutako irudiak dauzkatenak. Halakoetan metal bikainak aplikatu ohi dituzte (batik bat urrea) shibuichiaren hondo ilunarekin kontrastea egiteko.

Kozuka hau lantzeko xedean aukeratutako gaia Hotei jainkotzakoaren irudikapena da. Zen sekta budistako monjea zen, samurai klaseko jendearen pentsamoldea menderatu zuen sektako monjea, horregatik ageri da pieza honetan. Baina oso aintzat hartu beharreko jainkoa ere bazen, zoriontasunaren eta jakituriaren ikur baitzen. Hoteiren ikonografian eskuarki monje alderrai bat aurkezten zaigu, lodia eta ilea buru-arras moztua, beti irribarretsu, altxor guztiak biltzen dituen zakua aldean daramala. Esku bat altxaturik ilargi beteari apuntatuta azaldu ohi da argiaren metafora gisa. Hotei da Zori Onaren Zazpi Jainkoetan ezagunena. Tradizioaren arabera takarabune (altxorren ontzia) batean iritsi ziren zazpi jainko horiek urte berriaren bezperan. Hortaz, irudi hori jasotzen baitu kozuka honek, zori ona emango dio bere eramaileari edo jabeari. (Fernando García Gutiérrez, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 50. N° cat. 27
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 50, 186-187, n° cat. 49.