Konposizioa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Konposizioa

Léger, Fernand

Argentan (Frantzia), 1881/02/04-Gif-sur-Yvette (Frantzia), 1955/08/17

Gouache eta grafitoa paperean

32,5 x 38 cm

F. leger (eskuineko beheko angelua)

1940

83/113

1983an eskuratua

Historikoki bi sorkuntza alditan sailkatu da Legerren ibilbide artistikoa, eta bi sorkuntza aldi horiek, era berean, egilearen bizialdiko kontzeptu estetiko eta pasarte ugarik eta beste artisten eraginek baldintzatuta egon dira. Horrenbestez, lehenik prestakuntza aldi bat --1907an Cezanneren atzera begirako erakusketa batek eragin zion inpresio handiak hartaratuta--, kubismoari emandako aldi bat --bere bilakaera pertsonalaren arabera taxutua eta landua-- eta Lehen Mundu Gerran zehar landutako plastika --makinek eraginda mundu mekanizatura eta mundu horren eta gizakiaren arteko harremanetara eramango zuen aldira eramango duena, gerra arteko ordenaren itzulerarekin bat eginik-- bereizi behar ditugu. Gerora etorriko ziren aldi monumentala, aldi purista eta, azkenik, amerikar aldia eta frantziar azken aldia.

Bilakaera paradigmatiko horren barruan kokatu behar dugu Konposizioa, 1940. urteko irailean landua, ongi zehaztutako bi aldiren arteko batasunaren emaitza. Zehazki hogeita hamargarren urteetan Frantzian egin zuen egonaldiak eta geroago Estatu Batuetara egin zuen bidaiak mugatutako aldien artean, margolan hau egin eta hilabetera, Bigarren Mundu Gerra piztu eta gero, bere borondatez erbesteratu baitzen Estatu Batuetara 1940 eta 1945 bitartean. Zentzu horretan, margolan hau bat dator 1030eko hamarraldian landu zuen estilo puristarekin, planoan aurkeztutako objektuak interesatzen baitzitzaizkion eta hauen luzapen espazialak. Hain zuzen ere 1938an landutako Composition avec vase (Nature morte avec vase) izenburuko oihalarekin, artistaren aldi horretako planteamendu estetikoen lagin erakusgarriarekin, du zerikusia gouache honek. Hala eta guztiz ere, margolan horren eta Museoko gouachearen artean --bi urte geroago egina-- badira egilearen geroagoko lanak ezaugarrituko dituzten alde batzuk, bigarren obraren kasuan bereziki kolorearen erabileran antzematen dena. Formaren ikuspuntutik, Konposizio izenburuko elementuak, natura hil baten zati bat irudikatzen dutenak, ez daude geldirik, bizidun bihurtu dira alde batera utzi delako aurrez ongi zehaztutako plano baten aurreko irudi tradizionala. Horrenbestez, elementuak --perspektibaren lege klasikoetatik aske-- "igerian" ageri dira espazioan, marra beltz eta lodi batek sortutako eta mugatutako konposizio zirkularrari esker guztiz bizia ageri den espazioan. Gainera, espazio zehaztugabe batean eta berean ageri dira elementu abstraktuak eta figuratiboak; horretarako, marrazkiaren --batik bat marra beltzak-- eta kolorearen --eskuarki kolore primarioak-- arteko banaketa baliatu zuen bat ez datorren azalera sortzeko. Azken estilo hori behin eta berriz erabiliko zuen egile honek 1940. urteetako hamarraldian. Bestalde, banaketa horren aurreko interesak eta formak, bolumenak eta kolorea sinplifikatzeko interesak --hein handi batean Cezannerengandik eta lehen artetik jasotakoak, Legerren arabera kosta ahala kosta zaindu beharra baitzegoen lehen arte hori-- abstrakziora hurbildu zuen egilearen obra, baina sekula ere ez zuen urrats erabakigarria egingo.

Konposizio hau Jacques Preverten omenez egindako lana ere bada. Mugimendu surrealistan zuzeneko parte hartzea izan zuen idazle frantsesa zen, eta haren bizitzak eta obrak, Legerrenak bezala, bibliografia zabala osatzen dute. Aitzitik, ez da sakon aztertu bi artistak elkartuko zituen harreman adiskidetsua, nahiz eta jakina den lagun berak partekatzen zituztela, esate baterako Man Ray eta Robert Doisneau, eta biak elkartzen zirela Parisko Deux Magots kafetegian, artista ezagunen biltoki ezagunean. Ildo horretatik, Jacques Preverti buruz egin zuen biografian zera dio Michael Bishopek: " 1933ko martxoan, Preverten La Bataille de Fontenay perfomanceak liluratuta (Groupe d'Octobre taldeak taularatuta), Léon Moussinac lagunari galdetu zio Legerrek zergatik ez ote ziren gai izan oraindik Prevertekin eta aipatu taldearekin lan egiteko". Izan ere, 1965ean egin zioten elkarrizketa batean Prevertek gogorarazi zuen bezala, La Bataille de Fontenay antzezlanak zeharo liluratuta utzi zuelako, bere burua eskaini zien Legerrek aurrerantzean dekorazio lanak egiteko, eta Prevertek ezezko batekin erantzun zion arren, "Leger oso pozik zegoen, taldeari elkarrekin bazkaltzeko gonbita egin zion, eta orduko oroitzapen onak gorde ditu".

Izan ere, Bishopek bere liburuan adierazten duen bezala, sekula ere ez zuten elkarlanean jardun Legerrek eta Prevertek, margolaria 1955. urtean hil zen arte elkarri mira berezia izan zioten arren. Hain zuzen ere 1955ean Aujourd'hui egunkariak Legerri omentzeko idazki bat prestatu zuen; Gilles Ehrmannek egindako argazki batzuez lagundurik, Preverten testu hau irakur zitekeen goiburuan: "Le Monde en vaut la peine". (Javier Novo González, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • De Picasso a Bacon : arte contemporáneo en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Segovia, Museo de Arte Contemporáneo Esteban Vicente, 1999. pp. 92-93.
  • Entre la figuración y la abstracción : arte contemporáneo en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Pamplona, Museo de Navarra, 1999. pp. 80-81.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 138.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 166-169, n° cat. 65.
  • Kortadi Olano, Edorta ... [et al.]. Menchu Gal : Paris eta Madril artean = entre Paris y Madrid : 1919-2008 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Menchu Gal = Menchu Gal Fundazioa, 2013. p. 157, sin n° cat.