Bilduma online eta irudien salmenta

Kintaro – 82/767
Shun'ei, Katsukawa
Japonia, 1762-Japonia, 1819
Xilografia
38,8 x 26 cm
Shun¿ei ga (春,英,画,)
c. 1790-1800
XVIII. Mende amaiera
82/767
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Katsukawa eskolako artista handia izan zen Shun'ei, antzerkirako estanpa dotoreak eta, hein apalagoan, gerlariei eta sumo borrokalariei emandakoak landu zituen XVIII. mendearen azken bi hamarraldietan. Kintaro da protagonista irudi honetan, urrezko haurra, Palacio Bildumako beste obra batzuetan ere ageri den haur heroia, indartsua eta guztiz ezaguna. Alegiazko pertsonaia da, naturaz gaindiko jaiotza bizi izan zuena, gizartetik erabat aparte bizi izan zena eta urruneko mendi batean modu basan hazi zena Yamauba izeneko emakume batekin. Bere indar aparta eta ausardia mugagabea agerian uzten dituzten ondoz ondoko balentrien eta erakustaldien segida dira haurraren haurtzaroko abenturak, eta ondorioz, Japonian mutilei irakasten zaizkien bertuteen ikono bihurtu zen. Shun'eik estanpa honetan landu duen pasartean hartz beltz baten aurkako borrokan Kintarok lortutako garaipen erosoa dago irudikatuta. Balentria horiek guztiak izan ziren heldutasunera iritsita gerlari gisa egin zuen bide luzearen aurrekariak; heldutasunera iritsita Sakata no Kintoki izena egin zuen bere. Kintarok kin (urrea) ideograma darama marraztuta bere arropan, bere izenaren lehenengo hizkiari egiten dio erreferentzia. Mimizuku bati (hontza handia) heltzen dio eskuekin, egun guztiz baztertuta dagoen Edo Aroko jostailu arruntari. Hegaztiaren gorputzean, kotobuki inskripzioa irakur dezakegu ozta-ozta; bizitza luzea izateko nahia adierazten da hitz horren bidez. Heroiak haurren munduarekin duen harremana osatzeko, jostailu eta tradizio handiko kutun asko ageri dira haurraren inguruan. Saski batean inu hariko txakurtxoa, Zen eskolako aitalehen eta monje hindu Bodhidharmaren formako panpina (beti tente egoten dena), Japonian Daruma izenaz ezagutzen dena, den-den daiko danbor txikia eta zenbaitetan Kintaro irudikatzeko erabiltzen den aizkora bat bereiz ditzakegu. Lurrean koma ziba bat ikus daiteke mutikoaren oinaren ondoan, eta karakasa motako eguzkitakoaren formako yokai mamua irudikatzen duen panpina txiki bat behe ezkerraldean.
Apur bat margulduta daude estanpako koloreak, ez digu Kintaroren larruazalean nagusitzen den kolore gorria bereizteko aukerarik ematen, ez eta hontza eta Daruma apaintzen dituzten margoak ere. Japoniar kulturan profilaktikoa da kolore hori, gaixotasunei eta arriskuei aurre egiteko babesgarri eraginkortzat hartua da, eta beraz, erruz erabili ohi zuten haurrekin zerikusia zuen guztietan. Irudi berezi hau kolore biziagoekin kontserbatzen da Tokioko Museo Nazionalean; 2012an jarri zuten ikusgai urtero maiatzaren 5ean ospatzen den haurren eguneko jaialdiaren harira Kinaroren inguruan antolatutako ukiyo-e arteko estanpen erakusketan. (David Almazán, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 220, 268-269, n° cat. 71.