Bilduma online eta irudien salmenta
Kinoe ne rui mitate (Hirurogei urtetik gorako zikloaren hasieraren parodia)
Toyokuni, Utagawa
Tokio, 17/09/1769 - , 18/05/1825
Xilografia paperean
38,4 x 27,1 cm
Toyokuni ga
1804
XIX. mendearen hasiera
82/775
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Utagawa Toyokuniren arteak XVIII. eta XIX. mende arteko japoniar grabatuaren trantsizioa irudikatzen du. Bere garaian artistarik arrakastatsuena eta ezagunena izan zen, batez ere kabuki antzerkiko eszenak xehetasunekin eta ñabardurekin aberasteko zuen talentuari esker. Horretarako, hosoban formatu estua baztertu eta oban motako estanpak aukeratu zituen egileak, hots, XVIII. mende amaieratik aurrera ukiyo-e arte grabatuaren eredu bihurtuko zen formatua. Toyokuniri eta haren ikasle eraginkor eta talentudun Kunisadari esker Utagawa eskola izan zen genero horretan korronte nagusia. Palacio Bilduman estanpa hau egoteak agerian uzten du bildumagilearen interesa artista klasiko garrantzitsuenen kalitatezko obrak izateko. Izenburua (ia erabat ezabatuta dago) erretratatutako kabuki antzerkiko antzezlarien izenak jasotzen dituzten kartutxoen ondoan ageri da, eta azalpen bat eskatzen du haren esanahiak. 604. urteaz geroztik, zodiakoko elementuak biltzen dituen sistema bat baliatzen zuen Japoniak urteak modu ofizialean zenbatzeko, hirurogei urtean behin betetzen ziren ziklo konplexuen baitan. Ziklo horiek kinoe ikurren konbinazioarekin hasten ziren. Toyokuniden bizitzan 1804. urtean gertatu zen egutegi horretako zikloaren hasiera, eta beraz, data horretan kokatu behar dugu estanpa hau. Eszenan ageri diren antzezlariak honako hauek dira: gizonezkoaren rola jokatzen, Sawamura Gennosuke (1784-1813) izen hori erabili baitzuen 1791 eta 1811 bitartean, eta emakumezkoaren rola jokatzen Segawa Michinosuke onnagata (1782-1812), izen hori erabili baitzuen 1801 eta 1807 bitartean. Eijuhan zigilua, behe eskuineko ertzean ikus daitekeena, Nishimuraya Yohachi argitaldariak sarrien erabili zituenetako bat da: XVIII. mendearen azken hamarraldietan Harunobu, Toyoharu, Shigemasa, Koryusai, Hokusai eta, batez ere, Kiyonaga eta Eishi artisten lanak eman zituen argitara. Ukiyo-e artearen inoizko argitaldari garrantzitsuenekotzat hartua da, obra asko eta asko saldu zituelako eta bere lanen kalitatea aparta zelako; horien artean, Toyokuniren antzerkiko estanpak alde batera utzirik, aipatzekoa da Hokusairen serie ospetsua (1829-1833), Fuji mendiari egindako hogeita hamasei ikuspegi biltzen dituena. (David Almazán, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 217, 282-283, n° cat. 78.