Kapritxoak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kapritxoak

Goya y Lucientes, Francisco de

Fuendetodos (Zaragoza), 30/03/1746 - Bordele (Frantzia), 16/04/1828

Akuafortea paperean

1797-1799

82/832

1930ean eskuratua

1792. urtean izandako gaixotasun baten ondorioz gor eta inguratzen zuen mundutik inkomunikatuta gelditu zenean, bere barne mundua islatzeko nahiari ezin hobe egokitzen zitzaion adierazpidea aurkitu zuen Goyak grabatuan. Horren erakusgarri dugu bere plantxen lehen serie garrantzitsua, 1794. urtetik argitara eman zuen 1799. urte hasierara arte landu zuena, Gutiziak izenburukoa. Serie honek hasiera batean hogeita zortzi irudi bazituen ere, gehiago erantsi eta laurogei irudi izango zituen azkenean.

Serie honek "gizakien akatsak eta bizioak gaitzestea" zuen xede, horrexegatik egiten diote irudiek kritika zorrotza mende amaierako espainiar gizarteari, ez dira salbatzen ez elizgizonak --tartean Inkisizio beldurgarria egon arren--, ez nobleak, ez eta herritar xumeak ere. Irudietan egileak bere fantasia gaindi ezina islatu du, izaki kezkagarriak, arrotzak eta mehatxugileak nonahi, horien artean sorginak, iratxoak, deabruak eta animaliak (astoak, hontzak eta saguzarrak, besteak beste) ugari direla. Aurreneko irudietan satiraren xede dira maitasun eta prostituzio munduko eszenak, hurrengo irudietan bizioak gaitzesten dira, esate baterako mozkorkeria, gula, edukazio txarra eta ezjakintasuna. Irudi guztiek dute oinetan izenburu labur bat edo esaera zaharren bat tonu satirikoan idatzita. Goyak zuhur jardun zuen, eta errepresalien beldur, pertsonaia batzuk argi eta garbi ez identifikatzeko moduan irudikatu zituen. Agian horregatik gelditu zen 1803. urtean bertan behera seriearen salmenta, eta beharbada horrexegatik oparitu zizkion plantxak Karlos IV.ari, bere burua babesteagatik alegia.

Berak aldarrikatzen zuen sortzeko askatasun osoa duela erakusten du artistak serie honetan (artistak berak esan zuen grabatu horietan "enkarguz landutakoetan ezin egin zitzakeen iruzkinak egin zitzakeela"). Bistan da grabatzaile aparta dela, bikain menderatzen du akuafortearen teknika eta ezin hobe lantzen du tematika; zentzu horretan, "gutiziak eta asmakuntzak mugarik ez dutela" esan zuen. (Ana Sánchez-Lassa, 2007)

Bibliografia hautatuta

  • Lafuente Ferrari, Enrique. Goya : gravures et lithographies : oeuvre complet. París, Arts et métiers graphiques, 1961.
  • Harris, Tomas. Goya : engravings and lithographs. Oxford, Bruno Cassirer, 1964.
  • Paas-Zeidler, Sigrun. Goya : caprichos, desastres, tauromaquia, disparates : reproducción completa de las cuatro series . Barcelona, Gustavo Gili, 1980.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007.
  • Mancini, Matteo [et. al.]. Imbricaciones : Paradigmas, modelos y materialidad de las artes en la Europa habsbúrgica. Madrid, Silex, 2019. pp. 285-286, il.